Gorka Alarzia saskibaloi jokalari urretxuarrak Gipuzkoako bigarren talde indartsuenean, Azpeitiko Lan Mobel-Iraurgin, jokatu du denboraldi honetan.
EBA ligan denboraldi bikaina osatu dute eta LEB mailara igotzeko partidak jokatu dituzte. Alarziak esperientzia “gogorra” izan dela, baina merezi izan duela dio.
Nolatan kirol zaletasuna? Umetatik?
Bai. Txikitan pilotazalea nintzen. Pilotaleku gainean bizi nintzen eta eguna pilotan jokatzen ematen nuen. Koadrilakoek saskibaloian jokatzen zuten eta eurekin hasi nintzen. Ni naiz jarraitzen duen bakarra.
Zer eskaini zizun saskibaloiak?
Koadrilakook, ikastolatik irten eta saskibaloian jokatzen genuen. Orduak eta orduak eman genituen. Oso ondo pasatzen genuen eta jarraitzea erabaki nuen. Urmek taldean 12 ginen eta guztiok koadrila berekoak. Hortik Beasainera joan nintzen eta, ondoren, Goierri taldean denboraldi bat eman nuen. Urretxutik Arrasatera joan nintzen eta, azkenik, handik Azpeitira.
Zenbat denboraldi eman dituzu talde bakoitzean?
Berandu hasi nintzen saskibaloian: 15 edo 16 urterekin. Urmek taldean bi denboraldi eman nituen, Beasainen zazpi bat, Goierrin bat, Arrasaten lau eta Azpeitian bat.
Goierrin oso gutxi jokatu duzu.
Urmek taldetik Goierrira salto egiten genuen, baina garai hartan Chico-eta zeuden lehen taldean. Ez nuen lekurik. Beasainetik deitu zidaten eta Jon Lekuonarekin batera bertara joan nintzen. Beasainen eman ditut urte gehien eta bertan oso gustura egon naiz. Han ere koadrilatxoa dut: taldekide ohiok oso harreman ona dugu eta oraindik ere elkartu egiten gara.
Zergatik joan zinen Arrasatera?
Bertakoek Aretxabaletara bizitzera joan behar nuela jakin zuten eta deitu egin zidaten. Lau urte eman nituen bertan, oso gustura. Beasaingo taldea eta Arrasatekoa maila berean zeuden, baina goierritarrekin jaitsiera fasea jokatzen nuen eta Debagoienakoekin igoera fasea. Iaz lehenengoak gelditu ginen eta EBA mailara igotzeko eskubidea eskuratu genuen. Diru faltagatik ez ginen igo. Saskibaloia uzteko asmoa nuen. Izan ere, EBA ligan jokatzeko aukera izatea eta diru arazoengatik ez jokatzea etsigarria izan zen. Orduan, Azpeitikoek eurekin jokatzea eskaini zidaten. Pozik egon naiz.
Ilusioa egin dizu EBA liga ezagutzeak.
Hala da. Izan ere, horrenbeste urtetan puntan ibili eta gero, Arrasateko taldeari maila txikia gelditzen ari zitzaion. Pena horrekin gelditu naiz: ez dut jakingo Arrasatekoekin EBA mailan nola ibiliko ginen.
Zer moduz Azpeitian?
Sekulako taldea osatu du eta jokatzeko aukera gutxi izan dut. Dena den, gustura ibili naiz. Denboraldian zehar 12-13 minutu jokatu ditut partidako, baina igoera fasean apenas jokatu dut. Bronkoneumonia izan dut denboraldi amaieran eta bi aste eman ditut entrenatu gabe. Igoera fasera ahul samar heldu naiz eta hiruzpalau minutu bakarrik jokatu ditut partida bakoitzean. Bigarren basea izan naiz, baina lehen basea taldeko jokalaririk garrantzitsuena da: Ibargutxi donostiarra jokalari bikaina da.
Zer zion entrenatzaileak?
Bigarren basea izango nintzela esan zidan, argi eta garbi. Izan ere, Ibargutxi Euskadiko selekzioarekin aritzen da, Bruesarekin entrenatu du, iaz LEB ligan jokatu zuen…
Egindako lanarekin gustura al zaude?
Bai. Rol aldaketara egokitzea kosta egin zitzaidan, Arrasaten 40 minutu jokatzera ohituta bainengoen. Azpeitian 13 minutu bakarrik jokatu ditut partidako eta ezin izan dut nahi bezainbeste jaurti. Partida askotan ez dut jaurtiketarik egin. Izan ere, niretzako saskibaloia zaletasun hutsa da, baina taldekide batzuentzat ogibidea da. Batzuek datorren urteko kontratua jokoan zuten eta nahiago nuen eurek saskiratzea.
Salto handia nabaritu duzu, beraz.
Dirua tartean dagoenean, mentalitatea aldatu egiten da. Orain arte maila amateurretan aritu naiz: lagunarteko giroan. Denboraldi honetan maila semiprofesionala ezagutu dut.
Dena den, zeure burua maila horretan jokatzeko gai ikusi duzu.
Talderik onenean egon naiz, base onenarekin. Jokatu ditudan minutuak ondo jokatu ditut. Talderen batean lehen basea izango nintzen. Dena den, 31 urterekin, horretarako berandu nabil.
Zer asmo dituzu?
Ez dut Azpeitian jarraitu behar. Errotulako tendoian gaizki dut eta traumatologoak, orain arteko moduan jarraituz gero, hautsi egingo dudala esan dit. Lesio larria da eta ez du arriskatzea merezi. Beharbada Gipuzkoa mailako talderen batean jokatuko dut, baina astean behin bakarrik entrenatuz. Nahiko erreta bukatu dut, bidaia luzeak izan baititugu eta ia egunero entrenatu baitugu. Lanetik irten eta gero, Azpeitiara joan behar nuen. Etxera 23.00ak pasatxo heltzen nintzen eta hurrengo egunean 5.15ean jaiki behar nuen. Oso gogorra izan da, baina probatu egin nahi nuen. Orain, umearekin eta emaztearekin etxean egoteko gogoa dut. Dena den, denboraldi guztiak erreta bukatzen ditut eta irailerako jokatzeko gogoa izaten dut.
Nola definituko zenuke zeure burua?
Lehen azkarra nintzen, baina adinarekin abiadura galdu dut. Dagoeneko zakur zaharra naiz: falta asko probokatzen ditut, garai batean baino gogorrago defenditzen dut eta erasoan argi dut nork nahi dudan jaurtitzea. Lehen baino buru gehiagorekin jokatzen dut. Sekula ez dut tiro bikaina izan, baina asko bota izan dudanez, sartu izan dut. Tiro libreetan ona naiz. Falta asko probokatzen ahalegintzen naiz eta hala lortzen ditut puntu gehienak.












