Aitor Alberdi zumarragarra Getxoko goi-errendimenduko zentroan hasi da lanean, BAT fundazioko kirolarien prestakuntzan.
Bertako jardunaz eta bere kirol jardueraz hitz egin du ‘Otamotz’ aldizkariarentzat.
Zer ikasketa egin zenituen?
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nituen Gasteizen eta, ondoren, Espainiako komite olinpikoaren goi mailako masterra egin nuen Madrilen. Hilabetean behin joan behar izaten nuen eta gainerako lana etxetik egiten nuen.
Zertarako da masterra?
Goi-errendimenduan espezializatzeko. Goi mailako entrenatzaile titulua dutenak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi dutenak joaten dira. Masterra Bartzelonako Joko Olinpikoen garaian antolatu zen. Teknikoen prestakuntza hobetu beharra ikusi zen: kirolarien ibilbidea laburra da, baina teknikoak denbora luzean mantentzen dira eta eurengan inbertitzea erabaki zen.
Madrilen goi mailako prestatzaileekin arituko zinen, beraz.
Espainia mailako entrenatzaile onenak dira irakasleak.
Nondik nora ibili zara lanean Getxon hasi aurretik?
Ikasketak bukatzen ari nintzenean Ordiziako kiroldegian igeriketa eskolak eman nituen. Ondoren, Getxon datu bilketa lan bat egiteko aukera sortu zen. Kirolarien maila ikertzen egon nintzen Athlon enpresak kontratatuta bi hilabetez. Enpresa berean jarraitu nuen eta Eskoriatzako Unibertsitatean lan egiteko aukera eman zidaten. Urtebete eta bi hilabete eman ditut bertan eskolak ematen.
Nola sortu da Getxon aritzeko aukera?
Duela bi urte gutxi gorabehera oposaketa batzuk atera ziren bertan lan egiteko eta azterketa gainditu nuen, baina masterra ez nuen eginda oraindik eta hori ezinbesteko baldintza zen. Orain eszedentzia hartu duen baten ordez lan egiteko deitu didate eta hiru urterako lana dut gutxienez. Getxokoa goi mailako kirolariekin lan egiten duen Eusko Jaurlaritzaren zentroa da eta egun BAT fundazioko kirolarientzat lan egiten du batez ere. Entrenamenduak aurrera eramateko eta testak egiteko tokia da. Lau teknikari, bi mediku eta teknologiaz arduratzen den pertsona bat gaude.
Zein da zure lana?
Teknikari bakoitza kirol batzuetaz arduratzen da eta kirol horietako goi mailako kirolarien jarraipena egiten du. Baldintza batzuk betetzen dituztenak sartzen dira fundazioan. Egun Leire Olaberria eta Unai Elorriaga txirrindulariak, Ainhoa Murua eta Virginia Berasategi triatloilariak… daude fundazioan. Ni txirrindularitzaz, triatloiaz, eskaladaz, neguko kirolez, igeriketaz eta kirol egokituez arduratzen naiz. Lan asko dela dirudi, baina kirol batzuetan ez dago bekadun kirolaririk. Dena den, guk prest egon beharra dugu.
Euren prestakuntzaz ere arduratzen al zarete?
Batzuek euren egitura antolatuta dute eta ez dute laguntzarik behar, baina beste batzuek bai. Horiei planifikazioa aurrera eramaten laguntzen zaie.
Zuen azterketak bekak eman edo kentzeko erabiltzen al dira?
Ez. Bekak txapelketetan lortutako emaitzen arabera ematen dira.
Suertatu zaizkizun kirolekin gustura izango zara. Izan ere, horien artean zuk jorratzen dituzunak daude.
Zortea izan dut. Han dauden kirolen artean gehien interesatzen zaizkidanak suertatu zaizkit. Erresistentziako kirolak gustatzen zaizkit. Txirrindularitzan ibilitakoa naiz eta orain triatloietan nabil. Bi mundu horiek ezagutzen ditut.
Zer moduz lanean eman dituzun lehen egun hauek?
Oso gustura. Oraindik ez dut kirolariekin egoteko aukerarik izan. Lehengoan Oihana Blanco judoka izan zen bertan eta, nire taldekoa ez den arren, berarekin izan nintzen protokoloa nolakoa den ezagutzeko.
Zu ere kirolaria zara eta lehiaketetan parte hartzen duzu. Nolakoa izan da denboraldia?
Gorabehera handiak izan ditut: batzuetan oso ondo aritu naiz eta besteetan oso gaizki. Dena den, balorazioa positiboa da.
Zergatik uste duzu izan dituzula horrenbeste gorabehera?
Denboraldia maiatzean hasten da eta sasoi horretan oso nekatuta sentitu nintzen. Laneko kontuengatik beharbada. Uztaila arte justu samar aritu nintzen, baina gero Alpeetako Iron Mana egitera joan nintzen Jon Azpiazurekin eta oso gustura aritu nintzen. Ez nuen bukatzea lortu, baina neure burua ondo ikusi nuen. Hona itzuli ginenean Aritzalekuko lehiaketa irabaztea lortu nuen. Maila eskasa zen, hurrengo egunean Espainiako txapelketa baitzen, baina ondo aritu nintzen. Ondoren, Guadalajaran bigarren postuan sailkatu nintzen. Estatuko lehena izan nintzenez, 2010ean Lanzaroteko triatloian izena ematea eta astebeteko egonaldia ordainduta ditut.
2010erako erronka baduzu, beraz.
Arazo bat dut: proba maiatzean da, luzea da eta hemen neguak gogorrak izaten dira. Ingurukoak joateko esaten didate, baina nik ez dut batere argi ikusten. Ez dut bukatzeko bermerik gabe joan nahi. Dena den, izena eman dut. Gabonetan erabakiko dut zer egin.
Beste erronkarik ba al duzu?
Oraingoz ez. Lan bat utzi eta bestea hartu dudanez, denbora gutxi izan dut ezertan pentsatzeko. Dena den, jarraitzeko gogoa dut. Gabonetan edo urtarrilean jarriko dut helburua.
Zure prestakuntzaz zu zeu arduratuko zara, ala?
Bai, baina batzuetan asko jakiteak eta mundu hori ezagutzeak ez du balio izaten: mania batzuk hartuta ditut eta horiekin egiten dut aurrera. Denbora gutxi dut planifikazio zehatza jarraitzeko. Triatloiak ordu asko eskatzen ditu eta planifikazioa jarraitu beharra presio handia da. Urtea epe ertainera eta epe luzera begira antolatzen dut eta horren arabera egunerokotasunera moldatzen naiz.
Hiru diziplina entrenatu beharra ez al da zoratzekoa?
Batzuetan bai. Askotan hiruetan batera hobetu nahi dugu eta hori oso zaila da. Antolaketa eta pazientzia kontua da.
Kirola egiten dutenei aholkuren bat emango al zenieke?
Betikoa: profesionalen eskuetan jartzeko. Kirola egin nahi duenak fisikoki ondo dagoen ikusi beharra du eta horretarako medikuarengana jo behar da. Bestalde, profesionalen esku jarri behar da. Kirolaz mundu guztiak uler dezakeela dirudi, baina mundu horretan ere profesionalak daude eta eurengana jo behar da. Aldea nabaria da. Horretaz gain, jendea triatloia egitera animatu nahi nuke. Herrian taldea dugu eta taldeko ateak zabalik ditugu.













