Inprimatu E-posta

 

Herriko irakasleak, hezkuntzaren bilakaeraz (148. alea)

Herriko irakasleak, hezkuntzaren bilakaeraz (148. alea)

Gizartea geroz eta konplexuagoa da eta, beraz, irakasleen lanak garai batean ez zituen zailtasunak ditu. Herriko hiru ikastetxeetako irakasle beteranoekin hitz egin dugu euren ihardunaren lehenaz, orainaz eta etorkizunaz.

 

Santiago Omañas: “Gure lana haurrei irakastea eta heztea da, baina lanbide honek gu ere hezten gaitu”

 

Santiago Omañas eta Inma Albisua Gainzuri ikastetxeko irakasleak dira. Omañas Zamoran jaio zen duela 57 urte. Euskal Herrian irakasle beharra zegoelako erabaki zuen hona etortzeko eskaria luzatzea. Lazkaon, Beasainen eta Itsasondon lan egin zuen eta 1977-78 ikasturtean Juan XXIII ikastetxera etorri zen.

 

Inma Albisua zumarragarrak, berriz, 52 urte ditu. Psikologia ikasi zuen, baina Urretxuko eskola publikoa euskalduntzeko irakasle euskaldunak behar zituzten eta ordutik irakaskuntzan dihardu. 30 urte beteko ditu aurki lan honetan.

 

Omañasek zientzia arloko ikasketak egiteko asmoa zuen, baina etxean asko ziren eta karrera motz bat hautatu behar izan zuen. “Batzuek bokaziozko irakaslea naizela uste dute, baina nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen naizelako da. Atxagaren ‘Gizona bere bakardadean’ liburuan aipatzen den bezala, toki batera nindoan, baina olatuak harrapatu ninduen eta beste batera eraman ninduen”.

 

Olatuak Gipuzkoara ekarri zuen. “Ikasketak bukatu nituenean, lan eskariak aurkezteko garaia heldu zen. Nora bidali? Huescan lanpostu bakar batzuk zeuden eta hemen, berriz, gehiago. Hala, eskutitza hona bidali genuen”.

 

Lazkaon hasi zen lanean. “Nire anaia Bilbon zegoen eta berarengana jo nuen. Neskalaguna Lasarten zuen eta Gipuzkoara etortzen zenean Donostian lo egiten zuen. Etxeko nagusiek Lazkao separatista zela esan zioten eta anaia beldurtu egin zen. Eskaintzeari baiezkoa eman aurretik herria ezagutzera joan ginen. Baiezkoa eman nien eta eskolan Lazkaon paperak nirekin batera bete zituen zamorar batekin topo egin nuen”.

 

Albisuak, berriz, Psikologia ikasi zuen eta irakaskuntzan bukatu du. “Urretxuko Udalak egitasmo berri bat abian jarri zuen eskola publikoa euskalduntzeko: eskolaurrea ireki zuen eta bi irakasle kontratatu zituen, Maite Ugalde eta ni. 1980an hasi ginen”.

 

Berak dioenez, “erosotasunagatik” hasi zen irakaskuntzan lanean. “Ikasketak bukatu ondoren, Bergarako psikopedagogikoan hasi nintzen lanean eta Elgoibarrera joan beharra nuen egunero. Urretxun egitasmo berri baterako irakaslek behar zirela jakin nuenean, Udaleko jendearekin harremanetan jarri nintzen. Udalak zuen jendea kontratatzeko ahalmena eta ezagutzen nindutenez… Niretzat Urretxun lan egitea Elgoibarren aritzea baino erosoagoa zen”. Argi eta garbi dio irakaskuntzan aritzea ez zela bere hasierako asmoa. “Arlo klinikoan lan egin nahi nuen eta praktikak Gurutzetako ospitalean egin nituen”.

 

Ez da garai batean hartutako erabakiaz damu. “Batzuetan, klinika munduari heldu izan banio, zer gertatuko zen pentsatzen dut. Hutsune hori gelditu zait, baina eguneroko lanean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dudala ere iruditzen zait. Gustura nago”.

 

Omañasek irakasle lana oso aberasgarria dela dio. “Gure lana irakastea eta heztea da, baina lanbide honek gu ere hezten gaitu. Nire izaera iharduera honen ondorioa da: inguruak, lagunek, gurasoek, bizitako egoerek… eragina izan dute”. Albisuak arrazoia ematen dio eta gizartea zein eskola asko aldatu direla gehitzen du. “Gure lehen urteetako lanak eta egungoak ez dute zerikusirik. Gure lanean jende askorekin harremana dugu eta horiek gugan eragina dute: kalea, umeak, gurasoak, familiak, erakundeak…”.

 

Pertsonekin harremana da, hain zuzen ere, euren lanbidearen alderik onena. “Umeekin lotura handia sortzen da”, dio Omañasek. “Txikiengan eragina izan dezakegula jakitea gure autoestimurako oso ona da. Ez dugu batuketak egiten bakarrik irakasten, bide bat markatzen saiatzen gara”, azaldu du Albisuak. “Talde bat uzten dugunean, pena handia sentitzen dugu”, aipatu du bere lankideak.

 

Zamoratik etorritako irakasleak euren lanak alde txarrak ere badituela onartu du. “Batzuetan frustrazioa ere sentitzen dugu: nahia eta ezina. Zenbait gauza ez daude gure esku. Ume guztiak eskolara datoz eta batzuen eta besteen artean alde handiak daude. Batzuekin psikologo lana egin behar dugu. Lanbide honetan entzuten ikasten da”.

 

Ildo beretik, Albisuak eskola gizarte osoaren isla dela gogorazten du. “Hori oso aberatsa da, bai guretzat eta bai umeentzat, baina gauza txarrak ere baditu: Santiagok aipatu duen frustrazioa, esaterako. Eskolak dena konpondu behar duela pentsatzen da askotan, baina toki zehatz bateraino heltzen da. Gainera, gauza batzuetan, gizartea eta eskola bide ezberdinetatik joan dira: balore batzuk lantzen ditugu eta gizartea beste toki batetik doa. Familiekin berbera gertatzen da: gure jokaera eta eurena ezberdina denean, tirabirak sortzen dira. Eskolak ezin du dena egin”.

 

Omañas bat dator. “Guraso batzuek, egungo bizimodua dela eta, ezin dute seme-alaben gaineko ardura hartu eta dena eskolaren esku uzten dute. Haur Hezkuntzakoek etxekoek egin beharko lituzketen gauzak egin behar dituzte askotan”. Inma Albisua Haur Hezkuntzako irakaslea da, hain zuzen ere. “Gu gara garbitzen, jaten eta janzten irakasten dugunak, mugak jartzen ditugunak… Geroz eta ardura gehiago eman zaigu”.

 

Familia eredua aldatu delako gertatu dela uste du. “Garai batean familia guztiak zabalak ziren: aita, ama, aitona-amonak… Egun eredu ezberdinak daude eta gure lana horri egokitu beharra dugu. Zer kontatu behar diegu familiari buruz?”.

 

Sinesmenekin eta jatorriarekin beste horrenbeste gertatzen da: eskoletan jatorri eta sinesmen ezberdineko haurrak daude. “Lehen cafe para todos zen. Esfortzu handia egiten dugu aniztasunera egokitzeko. Nik 22 haur ditut eta elkarren oso ezberdinak dira. Horrek egunerako lanean zailtasunak sortzen ditu, baina aberastasuna ere ematen digu”, azaldu du Inma Albisuak.

 

Bestalde, ikastetxeak asko hazi dira eta baliabideak hobetu egin dira. “Ni hasi nintzenean 18 irakasle ginen eta dena egiten genuen. Harreman oso estua genuen. Hori askotan aipatzen dugu. Atezaina behar genuen eta, lortu genuenean, Eusko Jaurlaritzak bere kanpaina bat aurrera eramateko emandako esne kaxez betetako gela batean jarri genuen lanean. Marianek askotan gogoratzen du hori”, azaldu du Inma Albisua irakasleak.

 

 

Puri Urrate: “Garai batean material guztia guk prestatzen genuen, gaztelerazkoa bakarrik baitzegoen”

 

Puri Urrate, Montse Alkorta eta Jone Aldalur Urretxu-Zumarraga ikastolako irakasleak dira. Urrate hiruetan beteranoena da eta Haur Hezkuntzan lan egiten du. Aldalur haurtzaindegian aritzen da eta Alkorta DBHko irakaslea da. Azken hau zuzendaria  izango da irailetik aurrera.

 

Urrate ikastolaren hirugarren ikasturtean hasi zen lanean. Dagoeneko 40 urte daramatza bertan. “Aldaketa handiak ikusi ditut eta egokitzen saiatu naiz. Orain artekoek 60 urterekin erretiratzeko zortea izan dute eta nik ere nahi nuke. Izan ere, gure lana neketsua da”, dio. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 2. maila bitarteko haurrekin lan egin du eta “neke fisikoa” eragiten dutela aipatu du. “Dinamismo handia behar da. Sasoian egon behar da”.

 

Aldalur Urraterekin bat datoz. “Neke fisikoaz gain, psikikoa nabaritzen dugu. Pazientzia mantentzea zaila egiten da batzuetan”. Alkortak, ikasleen adinaren araberako gaitasunak behar direla gehitu du. “Batzuek buruhauste batzuk ematen dituzte eta besteek beste batzuk. Goiko mailakoekin pazientzia, dinamismoa, beti pozik egon beharra… ez dira horren beharrezkoak. Energia motibatzeko behar dugu: nola ikasi eta nola lan egin irakasteko, lana zertarako den ikusarazteko… Egun txarra dugula eta zintzo portatzeko eska diezaiekegu”, dio adibide gisa.

 

Handienekin dabiltzanek ezin omen dute ikasleengan txikienekin dabiltzanek bezainbesteko eragin izan. “Txikiekin begirune handiz jokatu behar da. Handiekin, berriz, gerora ere hitz egin daiteke: atzo hau eta hau gertatu zen, ulertuko duzu…”. Alkortak oso ondo daki nerabezaroan sartzen ari direnekin lan egitea zer den, eurekin aritu baita duela 29 urte ikastolan hasi zenetik. “10 urteko ikasleekin hasi nintzen eta horiek izan dira izan ditudan gazteenak. Oso gustura nago ikasle nagusienekin. Askok errazena Haur Hezkuntza dela esaten dute, baina ez naiz iritzi berekoa. Ezberdinak dira eta bakoitzak bere estrategia eskatzen du”.

 

Aldalurrek, berriz, txikienekin lan egiten du: haur eskolakoekin. 9 urte daramatza ikastolan. “Umeak asko gustatzen zaizkit, baina orain etxean ere baditut eta beti lanean nagoela iruditzen zait. Ez dut deskonektatzen, nahiz eta etxekoa eta hemengoa lan ezberdinak diren”.

 

Hala ere, zorionekoa dela uste du. “Kazetaritza ikasi nuen, baina askotan pentsatu dut zergatik ez ote nintzen honetan lehenago hasi. Beti gustatu zait mundu hau eta, halako batean, saiatzea erabaki nuen”. Alkortak irakasle lana bokaziozkoa dela uste du. “Zazpi urterekin jada, andereñoa izan nahi nuela esaten nuen”.

 

Puri Urrate ere bokaziozko irakaslea da, baina hezkuntza mundua izan zen beragana jo zuena. “Ikastola sortu berria zen eta herri hauetan, zoritxarrez, euskaldun gutxi zeuden. Euskaraz nekielako eskaini zidaten ikastolan lan egitea eta Donostiako lizeoan ikasi nuen oinarrizkoa. Handik urte batzuetara, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean irakasle-ikasketak egiteko aukera eskaini ziguten. Zenbait urte gogorrak izan ziren, semeak haztea, lan egitea eta ikastea tokatu zitzaidan. Dena den, hain gustukoa nuen…”.

 

40 urte pasatu dira dagoeneko Urrate lanean hasi zenetik. Gauza asko aldatu dira denbora honetan guztian. “Hasteko, egun jaio orduko datoz. Lehen, hiru urterekin etortzen ziren. Lehen urteetan 3, 4 eta 5 urtekoak elkarrekin izaten genituela gogoratzen dut: 40 bat klase bakoitzean. Prestakuntza eta teknologia ere asko aldatu dira. Ordu asko sartu ditugu. Garai batean material guztia guk prestatzen genuen, gaztelerazkoa bakarrik baitzegoen”, oroitzen du.

 

Alkortak irakaslearen rola ere aldatu dela uste du. “Hona etorri ginenean, oso garbi genuen zertara etorri ginen: ikasleen heziketan laguntzeko. Egun, eskolan denetik egin behar da. Askotan ez dakigu oso garbi gure eguneroko lana zein den: ikasleak eguneroko bizitzarako prestatu behar ditugu, baina askotan gizarteak dituen gabezia guztiak guk bete behar ditugu: bake hezkuntza, sexu hezkuntza, drogamenpekotasuna… Denbora ezaren sentsazioa dugu”.

 

Irakasleek gurasoen lana ere bete behar dute batzuetan. “Lehen familietan oso garbi zegoen zer balore transmititu behar ziren. Eskolak eta gizarteak balore berberak zituzten. Egun, asko hitz egiten da baloreez, baina ez dakigu oso garbi nork transmititu behar dituen. Hala, gabezia guztiak eskolara datoz. Familia ereduaren aldaketa asko atzematen da”, dio.

 

Gainera, esfortzua ez omen da lehen bezainbeste baloratzen. “Gauzak esfortzuari esker lortzen zen eta askotan frustrazioa egoten zen. Egun familia askotan ez dituzte haurrak frustratu nahi eta, horren eraginez, umeak ez datoz zailduta. Dena erraza izan behar dela eta gauzak lortzeko eskatzea nahikoa dela iruditzen zaie”. Urrate eta Aldalur bat datoz. “Duela hamar bat urte, 3 urteko haurrak oinez etortzen ziren, katilutik gosaltzen zuten… Egun, 5 urteko haur batzuek biberoitik edaten dute, autoz ekartzen dituzte…”, dio lehenengoak. “Komunetik altxatu behar dituzu, txamarra jarri behar zaie…”, gehitu du Aldalurrek.

 

Hezkuntza mundua asko aldatu bada ere, euren lana lehen bezain gustuko dute. Dena den, alde txarrak ere badituela onartzen dute. “Bertan bizi gara eta pertsona askoren ahotan gaude, onerako eta txarrerako. Asko kosta zitzaidan horretara ohitzea”, azaldu du Alkortak.

 

Bestalde lan “oso bizia” dela dio. “Hamar hilabetetan topera lan egiten dugu. Pertsonekin lan egiten dugula kontuan izan behar da eta erratzeko beldur handia izaten dugu. Eskerrak ikasleak esku askotatik pasatzen diren: batek asmatzen ez badu, besteak asmatuko du”.

 

Euren lanaren alderik gozoena, berriz, haurrekin sortzen den harremana dela diote. “Maite dituzu. Kariñoa hartzen diezu eta eurek ere asko ematen dute. Guregana etortzen dira, besoetara salto egiten digute, musu ematen digute, euren kontuak kontatzen dizkigute… Hori guztia oso pozgarria da”, azaldu du Urratek.

 

LHkoak eta DBHkoak ez dira horren maitagarri azaltzen irakasleekin, noski. “Niri egun guztiak ezberdinak direla iruditzen zait. Lanera asmo batzuekin etortzen gara eta, askotan, eurek beste bide batetik garamatzate. Hori ikaragarri gustatzen zait. Talde guztiengandik ikasten dugu zerbait eta hori hurrengo urteetarako baliagarria izaten da. Gainera, 14 urteko ikasleak aldaketa prozesu batean daude eta hori eurekin bizitzea oso polita da. Oso kritikoak dira eta horrek tentsioan mantentzen zaitu. Asko ematen dute, nahiz eta beti protestan egoten diren”, aipatu du Montse Alkortak.

 

Aldalurrek, berriz, laneguna oso azkar pasatzen zaiola aipatu du. “Bestalde, haurrekin eta gurasoekin hartu-eman handia dugu. Hori ere oso polita da”.

 

Bukatzeko, anekdotaren bat kontatzeko eskatu diegu eta beteranoenak hartu du hitza. “Kanpotik etorri zen lehenengoetako bat kubatarra zen. Lau urterekin sartu zen. Ordura arte eskolan egon gabea zen eta oso gogorra egiten zitzaion gelan egotea. Atea ireki eta ihes egiten zuen. Bere bila joan behar izaten nuen. Gelan egon behar zela, beste zer edo zertara jolastuko genuela… esaten nion. Berak, ¡cállate chimosa, que te boto! esaten zidan. Bestalde, lankide baten amak ume hori ezagutu zuen eta, nahiko beltzarana zela ikusirik, badauka meritua Zabaletako horrek, honi euskaraz nola irakatsi dion! esaten zuen”, oroitzen du.

 

 

Juanjo Idiakez: “Lehen baino baliabide gehiago ditugu, baina burokrazia ere asko hazi da”

 

Juanjo Idiakez eta Jon Aztiria La Salle-Legazpi ikastetxeko irakasleak dira. Idiakezek urte mordoska daramatza bertan lanean eta Aztiria, berriz, hasiberria da. Biek gustuko dute haurrekin aritzea.

 

Idiakezek duela 35 urte ezagutu zuen irakaskuntza mundua, La Sallen bertan. “Hasieratik hemen aritu naiz. Antzuolako Goizper enpresan lan egiteko aukera nuen eta, haren zain nengoen bitartean, La Sallen hasteko parada suertatu zen eta aprobetxatu egin nuen. Gustura nengoenez, gelditu egin nintzen”.

 

Ez zuen irakasle-ikasketarik egin, baina hezkuntza gustukoa du. “Medrano ahizpekin aritu ondoren, La Sallen bertan maisutza tekniko ikasketak egin nituen. Azkenik, Huescako Unibertsitate laboralean kimika ikasi nuen”, laburbildu du.

 

Hala, ez zuen uste irakasle lanean bukatuko zuenik. “Lana behar nuen eta, pixkanaka, gustura sentitu nintzen. Hasieratik ondo moldatu nintzen ikasleekin. Lehendik zeuden irakasleak ni baino gogorragoak ziren eta, hasieran, haurrak nahastuta zeuden. Garai batean fraideek esku arin samarrak zituzten…”.

 

Jon Aztiriak ez zituen garai haiek ezagutu, 80ko hamarkadan jaio baitzen. Hala, duela urte eta erdi hasi zen La Sallen lanean. “Karrera bukatu nuenean, irakasle izateak tentatzen ninduen. Bat-batean aukera hau suertatu zen. Gustura nago eta jarraitzeko asmoa dut”. Irakasle lanean hasiberria den arren, haurrekin esperientzia handia du. Izan ere, futbol entrenatzailea da eta gazte lokaleko begiralea izan da. “Esperientzia hori lagungarria izan zait eta gaztetxoekin gustura sentitzen naiz. Gainera, ikasleetako batzuk lehendik ezagutzen nituen”, gehitu du.

 

Dena den, Juanjoren eta gainontzeko beteranoen aholkuak ez zaizkio gaizki etorri. “Hasiberriei beti aholku bera ematen diet: hasieran soka motzean lotzeko eta gero pixkanaka askatzeko. Gogorrak izan gaitezkeela erakutsi behar da, agintea nork duen argi izan dezaten”, dio Idiakezek.

 

Bere ustez, irakasle lanbidearen gauzarik onena monotonia eza da. “Egun guztiak ezberdinak dira eta hori ona da. Okerrena egungo haur askoren errespetu falta da. Lehen etxean irakasleari errespetua zor zitzaiola irakasten zieten. Hala, gela bakoitzean 40 bat haur genituen arren, bi hitz nahikoa ziren lanerako giro egokia lortzeko”.

 

Ildo beretik, Aztiriak haurrak etxean hezi behar direla uste du. “Guk lagundu egin dezakegu, baina umeek etxean jaso behar dute heziketa. Guraso batzuek ez dute hori behar bezain argi. Bestalde, guraso batzuk jarrera erasokorrarekin etortzen dira. 12 urteko haur batengan gugan baino konfidantza handiagoa dutela dirudi”, aipatu  du. “Lehen mugak oso argi zeuden. Orain, berriz, haurrek gauza berak egiten dituzte etxean, kalean, eskolan…”, gehitu du Idiakezek.

 

Haurrez eta gurasoez gain, irakaskuntza bera ere aldatu da. “Baliabide gehiago ditugu, baina burokrazia ere asko hazi da. Haurrei eskaini beharko geniekeen denbora, paperak betetzen ematen dugu. Denbora falta dugu”, dio.

 

Aurki denbora gehiago izango du, bi urte barru erretiratuko baita. “Irakaskuntza oso gustukoa dut, baina erretiratzeko gogoa dut”. Aztiriak bere lankidea ulertzen du. “Lanbide honetan, batzuetan, une oso zailak bizitzen dira. Beste batzuk, berriz, oso pozgarriak dira. Lan egin duen ikasle batek saria lortu duela ikustea, adibidez, bikaina da. Gure laguntza izan duela jakitea polita da”.

 

Ikasleekin sortzen den harremana ere aberasgarria da. “Batzuetan eskolan hika-mikak izaten ditugu, baina kalean denek kasu egiten didate. Lagunek bizi naizen herrian eskolak ematea gogorra dela uste dute, baina nik ez dut inongo arazorik izan”, azaldu du Idiakezek. Gai horren inguruan, Aztiriari aholkua eman zion. “Kalean irakaslea naizela ahazteko esan zidan. Nire bizitza pertsonala dudala eta aurrera eraman behar dudala aipatu zidan. Eskolak ezin du gure bizitza goitik behera baldintzatu”.

 

Juanjok bizilagunak kalean eurekin ondo portatzen direla dio. “Bakarrik noizean behin etortzen zaigu norbait bere seme-alabei buruz galdezka”. Aztiriak gai horren inguruko anekdota bat du. “Ama batek kalean gelditu ninduen eta semeari buruz galdetu zidan. Oso mutil ona zela esan nion, baina ez nekien noren ama zen. Izan ere, eurek gu ezagutzen gaituzte, baina guk ikasle asko ditugu eta oso zaila zaigu guraso guztiak ezagutzea”.

 

 

Begoña Jauregi: “Batzuetan itota sentitzen gara, baina haurrek asko ematen digute eta ase egiten gaituzte”

 

 

Begoña Jauregi zumarragarra ere La Salle-Legazpi ikastetxeko irakaslea da, baina bera Haur Hezkuntzan aritzen da. Idiakezekin eta Aztiriarekin gelditu ginen egunean ez zuen azaltzerik izan eta handik egun batzuetara erantzun zituen Otamotz aldizkariaren galderak. Jauregik 25 urte daramatza La Salle-Legazpin lanean. Irakasle-ikasketak egin zituen eta Antzuolan eman zituen lehen pausoak.

 

Haur txikiekin lan egitea gustatzen zaiola aipatu du. “Oso argi nuen beraiekin lan egin nahi nuela eta ez naiz erabaki hori hartu izanaz damutu. Ikasketak gaztaroan egin nituen eta ordutik urte asko pasatu dira, baina aukera ona egin nuela uste dut”.

 

Dena den, bere lana batzuetan gogorra dela onartzen du. “Beharrei bat-batean erantzun beharra da okerrena. Batzuetan itota sentitzen gara, baina haurrek asko ematen digute eta ase egiten gaituzte: poztasuna, bizitasuna… eskaintzen digute. Gizartea aldatzen doa eta horretara moldatu behar dugu. Egunean egon beharra dugu eta hori aberasgarria da. Irakaskuntza etengabe aldatzen da”.

 

25 urte hauetan haurrak ere aldatu direla uste du. “Lehengoen eta oraingoen bizipenak oso ezberdinak dira. Oraingoek bizimodu irekiagoa dute, herrian bertan lehen baino ekintza gehiago antolatzen baitira beraientzat: ipuin kontalariak, txotxongiloak… Lehen Donostiara joan behar zen halakoak ikusteko”.

 

Gurasoen bizimodua ere aldatu da eta horrek seme-alabengan eta irakasleengan eragina izan du. “Lehen eta orain, onena nahi dute euren seme-alabentzat, baina emakumea lan-munduan sartu da eta haurrek lehen baino denbora gehiago pasatzen dute eskolan edo zaintzaileekin. Lehen eskola ikasteko toki bat zen eta orain balore asko landu behar dira haurrekin”.


 

 


Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews