Inprimatu E-posta

 

Zumarragako erraldoia (144. alea)

Zumarragako erraldoia (144. alea)

Altzokoa ezagunagoa den arren, Zumarragak ere badu bere erraldoia. Oraindik bizi da gainera, nahiz eta dagoeneko 140 urte inguru dituen! Clara Larrañaga parkeko sekuoia da.

 

Ikerlora enpresa lorategi hau berritzen ari da Udalaren aginduz. Asmoa jendearentzat erakargarriagoa egitea eta zuhaitz handi honi merezi duen garrantzia ematea da. Horretarako bere historia eta ezaugarriak azalduko dituen plaka jarriko da.

 

Zumarragako zuhaitz erraldoia Jose Antonio Alberdik landatu zuela uste da. Bera eta bere anaia Inazio Maria Alberdi Amerikara joan ziren XIX. mendearen erdialdean eta aberastuta itzuli ziren herrira. Egungo Euskadi plazako lurrak erosi zituzten eta ondoren Udalari saldu zizkioten honek bertan udaletxea eta plaza egin zitzan. Eurek, berriz, etxe bana eraiki zuten udaletxearen bi albotan. Jose Antoniok egun batzokia har-tzen duena jaso zuen eta bere anaiak Itarte izenarekin ezagutzen dena.

 

Aipatutako hiru eraikinen atzean dagoen parkea, Alberdi anaien ondorengo baten izena daramana, Jose Antoniok egin zuen eta bere etxeari dagokio. EAJk Udalari utzi zion eraikuntza erosi zuenean, baina jeltzaleek uztea oraindik ez dela sinatu diote.

 

Lorategi horretako erregea erreportaia honetako protagonista den sekuoia da. Udalarentzat lore-zaintza lanak egiten dituen Ikerlora enpresako Ainara Osinaldek “Zumarragan apaingarria den zuhaitz bat bada, hori sekuoia da”, dio. “Zoragarria da eta oso egoera onean dago”, gehitu du.

 

Dena den, azkenaldian arazo bat izan du eta horrek bultzatu du lorategiaren berritzea. “Ondoko zuhaitz bat gaixo zegoen eta sekuoiaren alde bat kaltetu zuen. Gaitza zuena kendu egin dugu eta sekuoia errekuperatu egingo dela uste dugu”.

 

Bestelakoan, ez die lan handirik ematen. “Ez diogu zainketa berezirik eskaintzen. Barrualdeko adar lehorrak kentzen dizkiogu, besterik ez. Zuhaitzak ez dira asko ukitu behar, bestela desorekak sortzen baitira. Gainera, hau oso berezia da eta errespetua ematen du. Zer edo zer larria gertatuko balitzaio bakarrik erabakiko genuke esku hartzea. Kimatzea, adibidez, zuhaitza behar ez den tokian landatu delako egiten da”, azaldu du.

 

Jose Antonio Alberdik sekuoia toki egokian jarri zuela dio Ainara Osinalde lorazainak, nahiz eta erreka eta udaletxea oso gertu dituen. “Halako munstro bat eraikin baten ondoan jarriz gero, arazoak sor ditzake. Zumarragakoak, ordea, ez dio inori kalterik egiten”, aipatu du.

 

Osinaldek ez du espezie honetako beste zuhaitzik ezagutzen inguru honetan. “EEBBetakoak dira eta kanpoan aberastutako jendeak ekarri ditu. Hori dela eta, gehienak jauregietako lorategietan egongo direla uste dut”. Zumarragakoa lorategi publiko batean dago eta Arrasateko Monterron parkean beste bat aurki daiteke. Eusko Jaurlaritzak zuhaitz berezien zerrendan sartu zuen eta, honenbestez, babes berezia du.

 

Ez da harritzekoa, konifero erraldoi hauek edonor aho zabalik uzteko modukoak baitira: munduko zuhaitzik handienak dira eta gainontzekoek baino bizi-iraupen handiagoa dute. Gehienak Kalifornian daude eta zaharrenek 4.000 urte baino gehiago dituzte. Altuerari dagokionez, asko 100 metrotik gorakoak dira.

 

Zumarragakoak ez du neurri eta adin hori hartuko, bere ondoan ez baititu haizetik eta izotzetik babestuko duten zuhaitzik. Dena den, zumarragarrek eta urretxuarrek luzaroan gozatu ahal izango dute erraldoiaz. Izan ere, Udalak bere ingurua txukuntzea erabaki du. “Parkea herri erdian dago eta jende asko pasatzen da ondotik, baina jende gutxik erabiltzen du. Hori dela eta, lorategia bera eta Legazpi kaletik zubira doan tartea berritzea erabaki dugu”, azaldu du Mikel Serrano alkateak. Lehenengoan dagoeneko lanean ari dira eta bigarrengoa lana udaberrian egingo da.

 

Ainara Osinaldek euren helburua Clara Larrañaga parkea “atseginagoa” egitea dela dio. “Bere ezaugarriak baztertu gabe, ukitu modernoa emango diogu. Txoko hori baztertuta egon da eta loreak landatuko ditugu kolorea eta bizitasuna emateko. Haginak eta erramuak ere jarriko ditugu”, azaldu du.

 

Duela hilabete batzuk hasi zituzten lanak eta dagoeneko amaituta behar zuten, baina euriak eta elurrak atzerapena ekarri du. “Lurra lehortu arte itxaron beharra dugu. Egun batzuetan jarraian euririk ez egitea behar dugu, baina ez dago modurik...”, azaldu du Osinaldek.

 

Lorategiko erregea lagun berrian zain dago, baina ez da urduri jarriko: nahi horrenbeste denbora du eta badaki inork ez diola itzal egingo.


Erabiltzaileen iritziak

1 erabiltzaileen batez besteko balorazioa

 

Artikuluaren Balorazioa:
 
3.0
 
 

Sekuoia

Testuan ezaten da Zumarragako sekuoia ez duela 100m artuko bere ondoan ez baitituelako haizetik eta izotzetik babestuko duten zuhaitzik.

Hori egia izango da, baina bezte gauz batengatik ere bai. Orain dela 50-60 urte, elurte batek, punta autzi zion, naiz eta gaur egun ez nabaritu. Beztela gaur egun baino altuagoa izango litzateke.

Punta autzi zenean, sekuoia mostea erabaki zuten,ilko zelakoan, eta herriko arotz bati ezan zioten, baina adar gehiegi zuenez, ezan zuen egurra ez zela ona eta horrela gelditu zen. Zorionez.
Artikuluaren Balorazioa:
 
3.0
Iritzi emailea Alberto
2009, Otsaila, 26
 
 
 
Powered by jReviews