Mikel Lizarralde urretxuarrak etorkizuneko gertakizunak iragartzeko ahalmena zuela ikusi zuen umetan. Dohain horrek ezinegona sortu zion berari eta bere familiari eta urte batzuetan ez zuen garatzeko ahaleginik egin. Gaztetan jakin mina piztu zitzaion eta ordutik hainbat ikastaro egin ditu. Iaz K’an li txoko majikoa denda ireki zuen.
Nolatan piztu zitzaizun mundu honekiko zaletasuna?
Ez da izan nik erabaki dudan gauza. Txikitatik egon den zer edo zer da. Nire amak beti esaten du ume berezia izan nintzela. Beste batzuek ikusten eta esaten ez zituzten gauzak ikusten eta esaten nituen. Ahalmen hau blokeatu egin nuen, baina handik urte batzuetara berreskuratu egin nuen.
Nola garatu duzu dohaina?
Betidanik sentsazio bereziak izan ditut eta gauzak ikusi ditut. Gurasoei komentatzen nizkien eta amak Mari Jose Bermejorengana eramango ninduela esaten zidan, berarengandik ikasteko, baina ez zen ausartu. 14 urterekin itsulapikoa apurtu eta tarota erosi nuen. Ondoren, 2004an, Kanadara ikasketak egitera joateko aukera suertatu zen eta joan egin nintzen. Urte eta erdi eman nuen bertan, Marilyn Rossnerrekin. Berak eta bere senarrak Nazio Batuekin akordio bat sinatu eta eskola ireki zuten. Iragarpen eta intuizio kontuko titulazio ofiziala ematen duen eskola bakarra da. Prestakuntza serioa eskaintzen dute eta azterketak egiten dituzte.
Zer irakasten da bertan?
Bakoitzari duen onena ateratzen laguntzen zaio eta psikologia asko lantzen da. Montrealeko ospitaleko psikologia sailarekin lan egin genuen. Lan soziala ere egin genuen, trauma handiak zituzten familiekin. Bidentzia nola landu, beste munduan daudenekin harremanetan nola jarri… ere irakasten da. Nire espezializazioak bidentzia eta izpirituekin kontaktuak dira.
Tarota, bidentzia… zer dira? Askoren ustez gezur hutsa besterik ez dira.
Alde batetik tarota bezalako iragarpen metodoak daude eta bestetik bidentzia dago. Tarota bezalakoak laguntzeko gida dira, tresna bat. Ezin dira arrazoiaren ordezkoak izan. Tarotean gure beldurrak eta gure desirak agertu daitezkeenez: kartetan ikusten duguna aurrean dugunaren etorkizuneko gertaerak edo beldurrak diren ezberdintzen ikasi behar dugu. Gure munduan jende askok intuizio handia du, baina ez du prestakuntza egokirik. Askok esan behar ez zituzten gauzak esan dizkiete bezeroei. Eurekin konektatzen ez dutenean, sekulako astakeriak esaten dizkiete. Intuizioarekin ez da nahikoa, aurrean duguna ezagutu behar dugu eta berarekin enpatia izan. Tarotak bide bat edo bestea hartzen badu zer gerta dakiokeen jakiteko balio du. Gure bizitzan gauza batzuk aldatzea gure esku dago, baina beste batzuk lehenagotik idatzita daude.
Zer diozu bidentziaz?
Alde batetik bidenteak daude eta bestetik mediumak. Lehenek pertsonaren auran dagoen informazioa irakurtzen dute. Ia denok ikasi dezakegu hori egiten. Mediumak, berriz, mundu honetan ez daudenekin harremanetan jartzen dira. Bezeroari eta bere etorkizunari buruzko datu oso zehatzak eman ditzakete. Medium guztiak bidente dira, baina ez alderantziz.
Umetan iragarpenak egin zenituela esan duzu. Nolakoak izan ziren?
Gertaera haiek nire burutik ezabatu nituen, baina Kanadara joan nintzenean amak gogorazi egin zizkidan. 8 bat urte nituenean aitaren lagun min bat ospitalera eraman zuten, baina nik ez nuen bere gaitzaren larritasunaren berri. Ospitaletik atera zela esan zidaten, baina nik hilda ikusi nuen. Inguruko guztiei hurrengo egunean hil egingo zela esan nien eta hala suertatu zen. Nire gurasoek ez zekiten egoera hori nola bideratu, ni errudun sentitu nintzen… Beste behin, Zumaiako hondartzan emakume batek lauburu bat galdu zuen eta laguntza eskatu zidan. Handik 200 metrora zegoen itzalkin baten azpian zegoela esan nion. Han zegoen.
Etxekoek nola bizi zuten hau guztia?
Gurasoak euskaldun eta katoliko peto-petoak dira. Ez zekiten nola bideratu. Beldurra ematen zien. Kanadara joan nintzenean, kontua serioa zela ikusi zuten. Aurten nirekin eraman ditut eta nire irakasleak ezagutu dituzte. Oraindik errespetua diote, medium lanetan hasi nintzenean hotz handiarekin eta nekatuta bukatzen bainuen. Egunen batean zer edo zer gertatuko zaidan, energia gabe bukatuko dudan, beldur dira.
Zuen jarduna arriskutsua al da?
Zer ate jotzen ari zaren ez badakizu, bai. Formula 1 autoa gidatzea bezala da: formazioa eta praktika behar dira, noiz azeleratu eta noiz gelditu jakiteko. Halako auto batekin Urretxuko kaleetan ibili ezin daitekeen bezala, nire lana ezin da edozein tokitan egin. Sekula ez nuke toki publiko batean egingo. Toki lasai eta purifikatuak behar ditut. Izpirituek ezin gaituzte fisikoki minik egin, baina gure barrena jota utzi dezakete. Nire kasuan, ezin diot izpirituari nigana gehiegi gerturatzen utzi. Beste batzuek, ordea, trantzea izaten dute: izpirituari euren barruan sartzen uzten diote. Niri ez zait ona iruditzen nire gorputzaren kontrola ez izatea.
Nola lan egiten duzu zuk?
Hasteko, intsentsua jartzen dut nire energia duen toki batean. Kandela zuririk gabe ere ez nuke lanik egingo. Zutik eta begiak itxita lan egiten dut. Parean dudan pertsonak bere izena esaten dit eta bere ahotsaren bitartez izpirituekin harremanetan jartzen naiz. Bere iragana eta bere etorkizuneko gauzak azal daitezke. Mundu honetan jende askok izpirituek hau edo bestea diotela esaten du, baina nik noren izpiritua den jakin beharra dut. Bestela, baliteke mezua beretzako ez izatea. Kontaktua eteten denean, izpirituak esandakoa ahaztu egiten zait.
Zeren eske jotzen du jendeak?
Barneko bakearen bila etortzen dira. Tarotaren eske etortzen direnei dagokienez, emakumezkoek familia eta amodio kontuengatik galdetzen dute eta gizonezkoek lanaren inguruan galdetzen dute. Kontuz ibili beharra dugu, bezero askok psikologo baten beharra baitute. Horiek identifikatzen jakin beharra dugu. Muga non dagoen ere argi izan behar dugu. Batzuek guk dena konpontzea nahi dute, ez daude inongo esfortzurik egiteko prest. Ni ez naiz Jainkoa: ezin dut inoren bizitza konpondu.
Nola laguntzen diozue jendeari?
Zeruan dauden senitartekoekin konpondu gabe utzi zituztenak konponduz, esan gabe gelditu zirenak esanda eta haiek ondo daudela jakinda, adibidez. Bestalde, psikologian ere trebatuak gaude eta ezagutza hau euren eguneroko bizitza gidatzeko erabiltzen dugu. Ez diet kontsultara itzultzen uzten sei hilabete baino lehenago. Bestela, batzuk engantxatu egingo lirateke. Une jakin batean laguntza eskaintzen dugu, baina norberak bere bidea egin behar du.
Zeintzuk dira zuen bezeroak?
Gehienak emakumezkoak dira. Euskaldun gazte asko ere etortzen dira gurera. Ez nuen halakorik espero. Hasieran 50 urte inguruko emakume baten bila etortzen ziren eta ni ikusten nindutenean harritu egiten ziren: gizonezkoa, gaztea eta euskalduna. Ez nator bat estereotipoarekin eta beharbada horregatik nire bezeroak ere ez dira ohikoak.
Emakumezko asko etortzen zaizkizula esan duzu. Zergatik uste duzu?
Mundu honetara irekiagoak dira. Zer edo zer ulertzen ez dutenean, beste bide bat hartu daitekeela uste dutenean… errazago onartzen dute. Bestalde, gizonezko batzuk ez dira gurera etortzera ausartzen eta emaztea bidaltzen dute. Emakumeak afektiboagoak dira, irteera bat nahi dute eta ate gehiago jotzeko prest daude.
Nolatan ireki zenuen denda?
Nire lankideak Alde Zaharrean lan egiten zuen eta bere lokalean kontsulta jarri nuen. 2007ko urrian hona etorri ginen. Mineraletan espezializatutako denda nahi nuen eta material asko dugu. Intsentsuak oso bereziak dira eta liburuak ere baditugu. Ikastaroak eta terapiak eskaintzen ditugu: mineralogia, kristaloterapia, esku irakurketa, reiki, erlaxazioa, meditazioa…
Zer dela eta ematez diozu horrenbesteko garrantzia mineralei?
Lasaigarriak dira eta energia igortzen dute. Mineralen kokapen zehatz baten bitartez, bezeroak nahi duena bultzatzen dugu. Jende asko etortzen zaigu bere etxeko planoekin. Egun Usurbilgo haur eskolarekin lanean ari gara. Bertara joan nintzen, toki kaltegarriak zeintzuk ziren ikusi nuen eta horietan izandako umeak urduriak zirela esan zidaten. Mineralak jarri ditugu eta haurrekin emaitza hobeak lortzen ari dira. Urruñako enpresa batekin ere lan egiten ari gara.
Zuen dohainak askotan erabiltzen al dituzue zuen etorkizuna iragartzeko?
Norberak bere etorkizuna iragartzea oso zaila da. Hori erakusten duen kasua izan dut duela gutxi: Gabon gauean nire anaia lotara joan zen eta Gabon egunean ez zen esnatu. Bihotza gelditu zitzaion. Nire ustez, gauza batzuk jakitea ez zaigu komeni. Anaiaren heriotzaren berri aldez aurretik izatea ez zen ona izango niretzat. Nire anaia-arrebek anaiari afarian zehar hiru aldiz bihotzean zuena ateratzeko eskatu niola esan didate. Nik ez dut oroitzen. Dena den, nire barruko ahotsa askotan erabiltzen dut. Otsailean nire pisu-kideak etxebizitza margotu nahi zuen. Ez genuen etxebizitzaz aldatzeko asmorik, baina udazkenean aukera suertatuko zela eta ez margotzeko esan nion. Hala gertatu da: aurki beste pisu batera joango gara.
Nola ikusten duzu mundua?
Datozen 10-12 urteak oso zailak izango dira. Txina asko haziko da, baina baita gogor erori ere. Politika eta klima kontuan desoreka handiak egongo dira. Egun Marsellan dagoen tenperatura 2016. urtean Brighton parean izango da. Kantauri itsasoa etorkizuneko Mediterraneoa da. Hurrengo 5-7 urteak bereziki gogorrak izango dira Euskal Herriarentzat. Nik ez dut oraindik bakea gertu ikusten, baina bidentziaren bitartez 2022 inguruan akordioa egongo dela ikusi dut. Indarkeriaren amaieraren hasiera izango da.
Bukatzeko, zein da munduaren eta bizitzaren zure kontzeptua?
Ez dut esango katolikoa ez naizela, nire hezkuntza katolikoa izan baita. Jainkoan sinesten dut. Sortzaile horri mundu toki ezberdinetan izen ezberdinak eman zaizkio. Sortzaileak ez du gure bizitza gidatzen, baina batzuetan galga sakatzen du eta besteetan azeleragailua. Bestalde, hil eta gero bizitzen jarraitzen dugu. Elizak gorputza eta arima ditugula saldu digu, baina ez da hala. Gorputza dugu, baina hiltzen garenean arimak bere garapenarekin jarraituko du. Nahi edo behar badu, beste gorputz bat hartuko du.
Mikel Lizarralde igarle, medium eta
tarotista elkarrizketatu du Arantxa Irastorzak
Euskadi Irratiko
"Esaidazu"n. Entzun hemen elkarrizketa osoa:
48.72 MB | | ireki leiho berrian | Entzun orain













