Zumarraga eta Villarrealeko botere faktiko (ia) guztiak izan dira gure analisi eta kritika zorrotz bezain inpartzialen xede.
Hilabetez hilabete, zintzo erantzun diogu Brown jaunaren eskaerari. Oraingoan, ordea, mutu geratu gara, egurra noren artean partitu ez dakigula.
Arazoa konpontze aldera (datorren hilean ez dugu ataka berean egon nahi), gure neurona ahituak zuon zeurona emankorrekin uztartzeko ahalegina egin nahi dugu. Faborez eskatzen dizuegu kariño handiegirik ez diozuen bizilagun tokapelotas horren izena bidaltzeko, otsaileko artikuluan bere pasadizoak hizpide izan ditzagun. Hazienda bezalakoak gara. Txibatoak behar ditugu. Inbidiaz bizi den jendea. Hurkoaren zorionak atsekabetzen duen herritarra. Geroz eta argumentu fundamentu-gabeagoak izan, orduan eta hobeto.
Ziur boteprontoan hamaika izen bururatuko zaizkizuela. Baldintza batzuk jarri nahi ditugu, ordea. Hasteko, ez du balio Denis Itsaso elegantearen edo Ignacio Ancho abadearen izenak proposatzeak. Donostiako Artzain Onaren katedralean ostatu hartu duen gotzain famosoa ere ahaztu. Baita Josujon teknokrata edo Jon & Jon binomio gilikrata ere. Beno, ez, gurekin sar zaitezkete nahi baduzue. Gu mintzeko beldurrik ez izan, 1.700 karaktere dituzue nahi bezainbeste egur partitzeko. Datorren hilabeteko artikulua idaztea nahi? Etzan/k galdu aukera! Bigarrenik, urretxuanismoaren jatortasun eta euskaltasun betierekoak kolokan jarriko dituzten pertsonaiak behar ditugu, Ipeñarrietako lobby-ak zabaldu gura duen irudi idilikoa zikinduko dutenak. Badirudi urretxuar zintzo ororen atzean ezkutatzen dela Jehovaren lekuko bat, fededunen artean azal ederreko liburuxkak banatzen dituena, panda hartz irribarretsu eta guzti... “Beitu beitu, hau paradisua da. Eta beste aldean infernua dago”. Uuuuuuuhhh!
Jon Ormazabal











