Eitzagako Aitor Lizarazuk ikastolan eta lizeoan ikasi zuen, Goierri lanbide eskolara joan aurretik. Bertan, Batxilergo Tekniko Industriala ikasi zuen.
Udan tailerretan lan egiteko “zortea” izan zuen eta horretarako aukera aurrerago ere izango zuela pentsatu zuen. Hala, irakurtzea gustatzen zaionez, Gasteizera joan zen Euskal Filologia ikastera. Handik bueltan, Lazkaoko Maizpiden eta Arrasateko euskaltegian lan egin zuen. Egun, Zumarragako Udaleko Euskara teknikaria da. ‘KK in’zona’ irratiko kolaboratzailea eta bertso eskolako kidea ere bada.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Arotza. Askotan izan naiz Txiribiri elkartean izena emateko tentatuta.
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Bizikletan bidaiatzea, mendira joatea, korrika egitea, lagunekin ibiltzea, bertsolaritza, ingelesa ikastea, irratian ibiltzea...
Bizitzeko toki bat?
Gabiria. Amona bertakoa da eta oso gustura joaten naiz bere baserrira.
Gustuko irratsaioa?
Boulevard eta Levando anclas entzutea gustatzen zait. Mariano Ferrer ere entzuten nuen.
Gustuko bertsolaria?
Andoni Egañarekin aluzinatu egiten dut oraindik.
Gustuko esataria?
Xabier Usabiagaren komunikatzeko era eta naturaltasuna gustatzen zaizkit.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Ilehoriak, beltzaranak, ilegorriak...
Egindako azken oparia?
Aitari hiru mendi ibilaldi agindu nizkion eta dagoeneko Udalaitzen izan gara. San Donatora eta Anbotora joateko asmoa ere badugu.
Eta jasotakoa?
Arrebak oparitutako korrika egiteko mallak.
Data bat?
Abuztuaren 7a. Garazi iloba iazko egun horretan jaio zen.
Neska eta mutil izen bana?
Itziar eta Patxi, gurasoenak.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Igandeetan Berria erosten dut eta astegunetan Hitza irakurtzen dut. Bestelakoan, iristen zaizkidan guztiak begiratzen ditut: Gara...
Gustuko telebista saioa?
Heroes telesaila jarraitzen ari naiz. Dokumentalak ere atsegin ditut: bidaiei buruzkoak, Documentos TV...
Bereziki gorroto duzuna?
Salsa Rosa eta antzerakoak. Baita Goenkale eta bera bezalakoak ere.
Liburu bat?
Alvaro Neil idazlearen Con un par. Munduari bira ematen ari da eta liburu honetan Afrikan emandako hiru urteen berri ematen du.
Pelikula bat?
Atzo, aspaldiko partez, Antes de que anochezca ikusi nuen, Javier Bardemena. Gustatu zitzaidan.
Soinu bat?
Flautarena, pelikuletan eta dokumentaletan.
Usain bat?
Belar moztu berriarena. Eguerdietan, berriz, bazkariarena. Lehen, etxera sartu orduko, ama prestatzen ari zena asmatzen nuen.
Janari bat?
Arroza.
Ura ala...
Ura eta garagardoa, lejia...












