Astelehenean Ertzaintzak gaztetxean egindako miaketak helburu garbirik gabe eta funtsik gabe egin zirela salatu dute. Larunbateko manifestazioan parte hartzeko herritar guztiei zabaldu diete deia.
Asteleheneko gertakariak salatzeko, prentsaurrekoa eskaini zuen atzo arratsaldean Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak. Astelehenean gaueko 21:00ak inguruan jazo ziren gertaerak. Une hartan Gaztelekuan zeudenek esanda, hamar bat polizia eta kalez jantzitako beste bi ertzain gaztetxera sartu ziren “droga kontrol” baten aitzakian. Guztira 7 pertsona identifikatu zituzten eta beheko solairua miatzeari ekin zioten, hasieran droga kontrola zena, gerora “segurtasun kontrol bat” zela esanez, lekukoek argitu dutenez. Zeuden kartelengatik akusazio desberdinekin atestatu bat egingo zutela ere jakinarazi zioten une hartan barraren atzean zegoen gazteari.
Gaztetxeen kriminalizazioaren aurka
Gertaerak azaldu eta gero, Ertzaintzaren jarrera salatu zuen Gazte Asanbladak. Helburu garbirik gabe, azalpenik eman gabe eta euren artean esandakoa kontrajarriz, gaztetxeetako mugimendua kriminalizatzeko beste saiakera bat izan dela argi utziz.
Prentsaurrekoan gogorarazi zuten zazpi urte direla jada, Gazteleku berriak ateak ireki zituenetik. Urte guzti hauetan, ekintza ezberdin ugari antolatu dituztela gogorarazteko ere aprobetxatu zuten. Antzerkiak, era desberdinetako tailerrak, hitzaldiak, umeentzako jolasak, film emanaldiak, era guztietako bazkari eta jai egunak, kontzertuak... Gaztetxea proiektu askoren eta desberdinen aterpea izan dela ere gaineratu zuten; 1088 etxebizitza huts plataforma; berdin do feminista taldea, Abiadura Handiko Trenaren aurkako mugimendua, KKinzona egitasmo komunikatiboa edota etorkinentzako ematen diren euskara eskolak aipatu zituzten.
Astelehenean gertatu zena, ez dela gaztetxeak jasaten duen lehendabiziko jazarpen saiakera azaldu zuten. Irakeko gerraren aurka antolatutako manifestazioan sei lagunek isuna jaso zutela edo bazkide bati SGAEk ehunka eurotako isuna jarri ziola jarri zituzten adibide gisa.
Manifestazioa larunbatean
Gertaera hauek salatzeaz gain, asteburu honetan egingo dituzten mobilizazioetarako deia ere egin zuten atzoko prentsaurrekoan. Larunbatean arratsaldeko 19:00etan hasita, manifestazioa egingo da gaztetxetik abiatuta, eta herritar guztien parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu zuten. Azkenik, egun hauetan Eibarko eta Barañaingo gaztetxeak desjabetu nahi dituztela gogora ekarri zuten. Eta “une hauetan euren etxea defendatzen diharduten gazteei” euren elkartasuna adierazi.
- Bideoan jasota duzue Gazte Asanbladak atzo eskaini zuen prentsaurrekoa:














