Bapore tren batean jende talde bat, XIX. mendeko edozein egunetan; emakumeak, haurrak, bakero zintzoak, bakero gaiztoak... Bat-batean beste bakero batzuk, itxuraz gaiztoagoak, oldartu eta trena erasotzen dute. Zaldirik gabe baina zaldian joango balira bezala, trena beraien menpe geldituko baita. Ez da Montana, Euskal Herria da, baina Montana balitz bezala. Ez da XIX. mendea, XXI.ena da. Zinema da, ilusio bat. KKinzona proiektu komunikatiboak Berunezko justizia. Ixilik Bang zuen izena iraupen ertaineko filma egin du, eta Labeagan emango dute bihar, 19:00etan.
Hirurogei bat lagunek parte hartu dute lanketa guztian. Gehienek rol bat baino gehiago bete dute filmean: aktore, produkzio laguntzaile, diseinatzaile, postprodukziogile... «Aspertu» egiten direla diote, eta aspetze horretan sortu egin dute, kasu honetan 32 minutuko filma.
Baina aurretik gehiago egin izan dituzte. KKinzona Irratia sortu zuten, eta fanzine bat argitaratu izan dute. Ikus-entzunezkoen adarrari dagokionez aurretik beste bi film labur egin dituzte. «Gaztelekuan film labur bat egin genuen Antton Titiriterorekin, eta orduan sortu zitzaigun grina». Hortik aurrera ekoizpenak hasi ziren, eta azkena bihar aurkeztuko dutena da, orain artean egin duten «apusturik serioena». «Erronka handia zen western bat egitea. Bagenekien zaila izango zela, produkzioan lan gehiago egin beharko genuela. Hala ere, beste ideia batzuk zeuden arren, bakerada bat egitea erabaki genuen».
Lagunen arteko auzolanean
Apirilean hasi ziren errodajearekin. Jende talde handia bildu zen proiektuaren inguruan. «Guztiak amateurrak gara, baina arropa egiten dakiena badago eta jantziak egin dizkigu; musika egiten dakiena hurbil dugu eta musika egin digu; hiru dimentsiotan irudiak sortzen dakiena badago eta hori egin du... Horrela guztiarekin. Ikastea beste erremediorik ez dugu izan, egiten ez genekien gauza asko, maila teknikoan batez ere, egin behar izan dugulako».
Auzolan horretan ilusioak batu dituela diote. «Egin nahi genuen eta egin dugu, burugogorrak ere bagara. Lagun arteko gauza da. Aurretik egin ditugun filmak behin besterik ez ditugu erakutsi, eta Gaztelekuan beti». Oraingoan zabalduko dute: «Jende ezagun asko ateratzen da eta barreak ziurtatuta daude. Erakutsi nahi dugu jende askok lan egin duelako, eta lan hori erakustea merezi duelako».
Bardeetako Montana
Urolako trenaren inguruneak berdeegiak gerta daitezke Montanaren aldean, baina hegoalderago badago Euskal Herrian far west txiki bat eta hara joan ziren filmerako eszena bat baino gehiago grabatzera. Lehenengo aldian urteko egunik beroena egokitu zitzaien, eta ez zituzten nahi bezainbeste sekuentzia grabatu. Baina bueltatu ziren, eta asteburu osoa horretarako hartuta filma egiten jarraitu zuten. Zumarragako elkarte batean eta Urolako tren zaharrean ere aritu dira.
Jendearen artean ilusioa dagoela eta beste proiektu bati heltzeko gogoa badagoela diote KKinzonatik. Haietako askok bihar ikusiko dute filma lehenengo aldiz. Sorpresaren bat edo beste ere prestatu dute, bertako superprodukzio baten estreinaldia da eta.













