13 kilometroko luzera du eraberritu behar den errepide zatiak. Guztira 27 proposamen luzatu dira. Denetan onena, herritarren arten egingo den parte-hartze prozesu baten bitartez aukeratuko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, Petisa-Cinsa enpresak GI-631 errepidea eraberritzeko proiektua gauzatu du. Guztira 27 irtenbide tekniko proposatu ditu enpresak. Aukera onena, herritarren artean egingo den parte-hartze prozesu baten bitartez aukeratuko da. Parte-hartze prozesu honetan Mondragon Unibertsitatearen laguntza izango du Aldundiak eta datozen hilabeteetan gauzatuko da.
Errepidea bost zatitan
GI-631an egin beharreko berrikuntza lanak bost zatitan banatu ditu Petisa-Cinsak. Eraberritu beharreko errepidearen konplexutasunak eraman du enpresa erabaki hau hartzera. Honokoak izango lirateke zatiak:
Etxesaga etxea-Igara Berri, Igaran-Aizpurutxo, Aizpurutxoko zeharbidea, 27,000 eta 28,500 puntu kilometrikoaren arteko zatia eta Ursaltotik Urretxura artekoa.
Helburuak
Errepidea zabaltzea da helburu orokorra. Alde batetik, bi noranzkoetan 3,50 metrora zabalduko lirateke erraiak eta metro beteko bazterbideak egin. Bestalde, eta errepideko orografiak hala ahalbideratzen duen guneetan, aurrerapenak egiteko erreiak eraikitzeko aukera ere aztertu da. Azken batean hobekuntza hauekin Urola Erdiak, Urola Garaia eta Goierrirekin duen lotura dinamizatu nahi da.
4.300 ibilgailu eguneko
Egun Urretxu eta Azkoitia batzen dituen errepidea oso bihurgunetsua da, mendia eta Urola ibaiaren artean igarotzen dena. Dena den, ibilgailu askoren igarobidea da, eguneko 4.300 bat ibilgailu pasatzen dira bertatik, horietatik asko zama handikoak.











