Lehen faseko lanak amaitzear dira, elurteak eragindako atzerapenarekin bada ere. Bigarren faseari laster ekitea eta ekainerako dena amaituta egotea da Udalaren nahia.
'Antio-Beloki ibilbidea' izeneko proiektua gorputza hartzen ari da. Lanak, Zumarragako Udaletik esan dutenez %80an amaituta daude. Lehendabiziko fase honetan Antioko baseliza eta Elorriaga baserria arteko ibilbidea egin da. Oinarrian aurretik zegoen lurra beste material batengatik aldatu da. Gainera ura biltzeko lanak ere egiten ari dira.
Lehendabiziko fase honi, iazko uztailaren amaieran eman zitzaion hasiera eta urtarrilerako amaituta behar zuten. Abenduan eta urtarrilean izandako eguraldiak baina, ezinbestean lanak atzeratzea ekarri du. Lanok Mendilankor enpresa ari da gauzatzen eta 281.418 euroko aurrekontua du.
Bigarren fasea
Bigarren faseko lanak Elorriaga baserritik Antioko baselizara arteko bideari eragingo diote. Une honetan erakusketa publikoan dago proiektua eta lasterrera lehiaketara aterako da, behin lanen esleipena egiten denean hasiko dituzte lanak. Guztira 382.055 euroko aurrekontua dago lan hauek aurrera eramateko eta ekainerako amaituta egon behar lukete.
Helburua
Aipatutako proiektua, 2007ko ekainean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak martxan jarritako Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programaren barruan kokatzen da. Programa honen helburua, gure herrietako aniztasun biologikoa mantentzea eta aniztasun hori mantentzeko bideak ezartzean datza. Aldi berean, mehatxupean dauden paisaiak berreskuratzeko ahalegina ere egin nahi da.












