Inprimatu E-posta

 

Mikel Balentziagarekin elkarrizketa

Mikel Balentziagarekin elkarrizketa

Nahi baino gehiago atzeratu zaigun arren, Mikel Balentziagak azkenean erantzun ditu otamotz.com-en zuek egindako galderak. Bere erantzunak zeintzuk izan diren jakin nahi?

 

Mikel Balentziaga Zumarragan jaio zen orain 20 urte. Herrian hasi zuen futbolarekiko harremana, Urolan. Gaur egun, Realeko bigarren taldetik pasa eta gero profesional mailan dabil Athletic-ekin.

 

  • Galderak eta erantzunak:

 

 

Anonimoa: Zer iruditu zaizu eskualdeko komunikabideek zugan izan duten jarrera? Gustatu al zaizu nola tratatu zaituzten orain arte? Eta eskualdez kanpokoek?

Aldaketa handia nabaritu dut. Pasa den urtean bigarren B mailan nengoen Sansen. Lehenengo mailan egotea beste mundu bat da. Bi astean behin prentsara atera beharra daukat eta horretara egin beharra izan dut. Kamara baten aurrean egoten ohitu behar izan dut, ez bainengoen horretara eginda. Gutxi esatekoa naiz hala ere, hori bai, lehengusuak (Jon Balentziagak) aholkuren bat edo beste eman dit eta ondo etorri zait.


Gainerakoan, prentsak orokorrean ondo tratatu nau oraingoz. Dena den, gauzak esaterako orduan gehiago pentsatu behar da, ardura ere handiagoa da eta.


Sebas: Guraso naizen aldetik derrigorrezko galdera. Eliteko kirola eta ikasketak nola uztartzen dituzu? Zer ari zara ikasten? Ondo moldatzen al zara?

Lehengo urtetik hona, entrenamenduei dagokionez ordu berdinak sartzen ditut. Beste presio mota bat daukat orain hala ere. Arratsaldetan gaizki bagaude tratatzera joan beharra daukagu eta batzuetan entrenamenduak ere izaten ditugu. Denbora librea, orokorrean berdina da azken batean, baina beste modu batera bizitzen da.


Ikasketei dagokionez Donostian Administrazioa eta Finantzak modulua egiten ari naiz. Abendua pasa arte ez dut azterketarik izango. Nere denbora antolatzen ikasten ari naiz poliki poliki.


Aitor Zaldua Gereñu: Zer moduz Athletic aldean? Zer moduz hartu zituzten Bilbon? Zer moduzko giroa dago San Mamesen?

Lehenengo egunetik aldagelako giroarekin harrituta gelditu nintzen. Oso ondo hartu ninduten hasieratik bai jokalariek, bai fisioterapeutek, medikuek etab. Eta afizioarekin ere oso gustura nago. Bilbon beste modu batera bizitzen da futbola.


Gainerakoan, Algortan bizi naiz eta kalera ateratzen naizenean jendeak lehen baino gehiago ezagutzen nauela nabaritzen dut. Baina hainbesterako ere ez da lasai lasai ateratzen naiz kalera. Orain artean jarraitzaileen aldetik gauza onak baino ez dut esaterik eta horrela jarraitzea espero dut.


Kresala: Nahiz eta Athletic-en jokatu, Realeko jarraitzaile izaten jarraitzen al duzu?

Bai, bai. Gainera lagunak ditut oraindik bertan pasa den urtetik. Beraiekin harremana izaten jarraitzen dut. Sanseko partiduak ere jarraitzen ditut nahiz eta ikusteko astirik ez izan. Realeko partiduak ere jarraitzen ditut, telebistaz gehienetan. Baina ahal dudanean Anoetara ere joaten naiz. Orain arte pare bat aldiz izan naiz bertan.


Andoni: Nolatan bukatu zenuen Athletic-en?

Nik Realean naukan burua une hartan, eta egia esan, Athletic-eko eskaintza ezustekoan iritsi zen. Lau egunetako kontua izan zen eta dena oso azkar pasa zela esan daiteke. Diotenez Realak diru hori behar zuen. Eta niri dagokidanez, profesionaletara salto egiteko aukera eman zidaten.


Realean pauso hori ematea falta zitzaidan eta bazirudien aurten ere ez nuela horretarako aukerarik izango bertan. Orduan iritsi zitzaidan Athletic-en aukera, niretzat profesionalki oso garrantzitsua izan da eta Realekoak ere gustura gelditu dira azkenean.


Ekain: Nola ikusten duzu Athletic-en osasuna? Mantentzeko gai izango zarete zurigorriak?

Nik uste dut horretarako ekipoa egon badagoela. Orain atera gara “zulotik” eta hemendik denboraldi bukaerara ziur naiz gora egingo dugula. Konfiantza pixka bat hartu behar dugu. Ea etxetik kanporako partiduak irabazi eta puntuak batzen joateko aukera daukagun.


Ekain: Galdera bera, baina etxeko taldeari dagokionez. Nola ikusten duzu Urola? Igoko al da?

Lehengusua eta koadrilako bi daude Urolan jokatzen, baita lagun gehiago ere. Nik uste ondo doazela. Eta horrela jarraituko dutela uste dut.


Gorka: Nola aldatu da zure bizitza Bilbora joan zarenetik?

Egunerokotasunari dagokionean ez da gehiegi aldatu. Pasa den urtean bigarren B mailan jokatzeak bizitza programatu bat eramatea ekarri zidan. Entrenamenduetara joan, zaindu, dieta egin etab. Zentzu horretan, lehenengo mailan ere antzerakoa da nire egunerokotasuna. Daukadan denbora librea ere antzekoa da, nahiz eta beste modu batean bizitzen dudan. Gainerakoan lagunekin egoteko denbora izaten jarraitzen dut, ez asteburuetan baina oporrak eta festak ere hor daude.


Bizilekua aldatu beharra izan dut. Pasa den urtean Sanseko 7 lagunekin bizi nintzen Donostian. Orain Algortan bizi naiz bakarrik. Baina ondo moldatzen naiz. Hasieran beldur pixka bat ematen zidan bakarrik bizitze horrek, inguruan jendea edukitzera ohituta bainengoen. Baina ondo moldatu naiz. Baita etxeko lanak egiterako orduan ere. Aitortu beharra daukat dena den batzuetan ama ere etortzen dela nola nagoen ikusi eta zerbaitetan laguntzera.


Ana: Athletic taldeak duen filosofiarekin bat al zatoz?

Ados nago bai. Etxeko jokalarientzat hori garrantzitsua da, hemengo jokalarientzat aukera garrantzitsu bat delako. Gainontzeko taldeek bestelako filosofia bat daramate, eta bai bat bai bestea balekoak dira. Dena den, Athletic-ek argi utzi du etxeko jokalariekin talde on bat eta futbol ona egitea ere posible dela.


Stso: Diruditen bezain harroputzak al dira Athletic-eko jokalari batzuk?

Lehen esandako bera errepikatuko dut. Jokalariekin osoa gustura nago. Denekin primeran moldatzen naiz. Hasieratik oso ondo hartu naute taldean eta ezin dut ezer txarrik esan beraietaz. Hortaz, ez, nire iritzian ez dira harroputzak.


Josu: Nola ikusten duzu Reala?

Nik uste dut talde ona dutela eta igotzeko aukera badutela. Eta hala espero dut gainera. Ea datorren urtean beste derby bat ikusteko moduan garen. Gauzak ez daude momentuz oso ondo, baina oraindik igotzeko aukera badutela iruditzen zait. Ilusioa egingo zidan gainera.


Anastasio: Zergatik musukatu zenuen Athletic-en armarria, horrek Realeko jarraitzaileak haserretuko zituela jakinda?

Normala da batzuei gaizki iruditzea. Baina ni orain Athletic-en nago eta ez dut besterik esateko.

 

 

  • Mikel gurean izan dugunez, zuek egindako galderez gain, guk ere geureak egiteko aprobetxatu genuen. Hemen guk egin eta berak erantzundako galderak.


San Mamesen jokatu zenuen lehen partidua nola gogoratzen duzu? Ia 40.000 pertsona zeuden bertan. Zer sentitu zenuen?

Egia esan, aurten eta nire bizitza guztian sentitu dudan gauzarik harrigarriena izan zen. Zelaira atera, jendea ikusi eta denak animatzen zeudela ikustean.


Bernabeura joan ginenekoa ere kristorena izan zen. Zelaira ordu eta erdi lehenago iritsi ginen eta harmailak hutsik ikustea ikaragarria izan zen, benetan handia da Bernabeu. Gero behin partida hasita eta harmailak gainezka zeudela, txikiagoa zirudien dena den.


Lehenengo mailan jokatzeak, futbol munduko jokalari handiekin jokatzeko aukera eman dizu. Horrek zer nolako eragina du profesionaletan hasi berria den futbolari batengan? Errespetua ematen du? Beldurra?

Bartzelonaren aurka kokatzeak adibidez askori beldurra eragingo die. Nire kasuan gehiago motibatzen dit. Orain 5 urte nork esango zidan niri Eto´o-ren kontra jokatu nuela? Niretzat amets bat izan da. Gainera asko eta asko idoloak ere badira. Madrilen aurkako partiduan Higuain (1.go zatian) eta Ruben (bigarrenean) markatzea egokitu zitzaidan. Bartzelonan berriz, Iniestaren aurka jokatzea egokitu zitzaidan. Puntako jokalaria dela esan beharra dago.


Reala eta Athletic-i buruz ari gara denbora guztian. Baina alderik nabaritu al duzu bi kluben artean?

Nahikoa klub antzekoak direla esango nuke. Biek ere etxeko jendearekin lan egiten dute, eta alde horretatik nahikoa antzekoak dira.


Realari dagokionez badirudi klub barruko kudeaketak eta eztabaidak kirolak edo futbol taldeak berak baino oihartzun handiagoa hartu duela azken aldian. Zuek jokalariek egunerokotasunean ohartzen al zarete hortaz? Eragiten al dizue zerbaitetan?

Eragin beti eragiten du. Klub bakoitzak bere modua du gauza horiek eramateko. Beti ere hobe da, hala ere, gauzak ondo joatea bai kanpoan eta baita barruan ere.


Erraza al da futbolari profesionala izatea?

Gauzak egin behar diren unean egin behar dira. Futbolariaren bizitza egunero eman behar den gauza bat da. Lagunekin egoteko ez dago hainbeste denbora. Astearte gehienetan jai izaten dut eta baita arratsalde gehienetan ere. Dena egiteko denbora daukat hortaz.


Zure etorkizuna nola ikusten duzu? Futbolari lotuta ikusten duzu zure bizitza?

Momentuz Athletic-en nago eta gauzak ondo badoaz ondorengo 5 urteak ere bertan emango ditut. Nik futbolean jokatzeko asmoa daukat ahal dudan arte. Nire karrera zentzu horretan bideratu nahi nuke. Futbola, jokatzeko gai ez naizenean utziko dut, oraingoz behintzat hala pentsatzen dut. Gehiago esango dut, aurrera begira, jokalari bizitza amaitzen zaidanean ere futbolari lotuta lanean jarraitu nahiko nuke, denborak esango du. Nirea guztiz bokaziozkoa da.


Athletic-en aldageletan hitz egiten al da Realaz?

Bai noski. Garai bateko pikeak eta ahaztuta daude. Niri pertsonalki inoiz ez zaizkit gustatu izan lehia horiek. Ahalik eta euskal talde gehiago izan lehenengo mailan orduan eta hobe. Hala pentsatzen dut nik behintzat eta aldageletan ere pentsatzeko modu hori dago.


Euskadi-Euskal Herria eztabaida bolo-bolo dabil azken asteetan. Zuk zer iritzi duzu horren gainean? Garbi daukazu zein nahiago duzun? Absurdoa iruditzen zaizu eztabaida?

Ez naiz horretan bustiko. Athletic-ek manifestuaren alde sinatu zuen talde bezala. Ni ere taldean nagoenez ba hori sinatu eta aurrera.


Peñarik egin al dizute Bilbon?

Oraingoz gurasoak, lagunak eta familia ikustera joaten dira ia igandero San Mamesera eta oso gustura nago. Peñaren kontuarekin zerbait entzun nuen hasieran, baina oraingoz ez dute ezer antolatu.


Nola laburbilduko zenituzke profesional gisa jokatu dituzun hilabete hauek? Nola ikusi duzu zure burua?

Hamabi partidu jokatu ditut orain arte. Partidu onak egin ditut, baita txarrak ere. Hamabi horietatik hamar onak izan dira eta gustura egoteko modukoa da. Aurrera begira erregulartasun bat izatea gustatuko litzaidake. Nahiko txukun ibili naizela iruditzen zait. Orain egindako akatsetatik ikasi eta lana hobetzea da nire asmoa. Sevillako partiduan pasa dut orain arteko unerik txarrena. Baina horrelakoetatik ere ikasi egiten da.

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews

 

 eka   Uztaila 2010   abu

AlArAzOgOrLrIg
   1  2  3  4
  5  6  7  8  91011
12131415161718
19202122232425
262728293031 
ASIC Technology

Elkarrizketa digitalak Pil-Pilean

Ez dago iritzirik. Eman zurea.

Kultura Pil-Pilean

Erabiltzailearen balorazioa
 
5.0
Iritzi emailea Jonmikel
"Zer esanik ez... zorionak bertsolariei (guztiei), irakasleei lan bikaina egiten ari zaretelako, e..."
Erabiltzailearen balorazioa
 
5.0
Iritzi emailea Zale
"Jakina, txalo handiena bertsolari gazteontzat izan behar da, eta hurrena irakasleentzat, baina zo..."
Erabiltzailearen balorazioa
 
5.0
Iritzi emailea Sebas
"Ba, bai, Alex, Martxoa Bertsoarako egin zenuten lanaren ondoren, propio esan nizun horrelakoak Ga..."
Erabiltzailearen balorazioa
 
5.0
Iritzi emailea Jonmikel
"Zorionik beroenak zuri, gurasoei, eskolako irakasle eta ikasleei eta animo hurrengorako... etorri..."
Erabiltzailearen balorazioa
 
5.0
Iritzi emailea Sebas
"Aupa Maialen! Udaberriaren zain egon gabe hasi zara fruituak ematen. Zorionak bihotz-bihotzez! Ba..."
< >