Udal langileentzat eta kazetariontzat ireki ditu ateak gaur Santa Barbarako jatetxeak, bihar politikarien txanda izango da eta ostiralean herritarrena.
Bederatzi bat hilabetez luzatu diren lanen ondotik amaitutzat eman dituzte Santa Barbarako jatetxe-aterpetxe berriko lanak. Lanak amaituta, gune berria nola gelditu den erakusteko ekitaldi bereziak egingo ditu Udalak datozen egunetan. Gaur eguerdian udal langileen eta kazetarien txanda izan da, bihar politikarientzako irekiko ditu ateak jatetxeak eta ostiralean herritarrei erakutsiko zaie. Gaurko ekitaldian, eraikin berria diseinatzeaz arduratudiren arkitekoak izan dira bertan azalpenak emateko.
Inaugurazio ekitaldia ostiral eguerdian izango da. Bertan izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako eta Turismoko Zuzendari Ernesto Murgiondo, Gipuzkoako eskualde desberdinetako turismo arloetako arduradunak, Urola Garaiko udaletxeetako ordezkariak eta museo ezberdinetako arduradunak ere.
Egindako lanak
Iazko apirilaren 17an hasi zituzten jatetxe zaharra botatzeko lanak, zerbitzua zaharkituta gelditu zela eta Udalak berria egiteko erabakia hartu eta gero.
Hasiera batean erreforma bat izan behar zuenak, azkenean proiektu handiago baten baitan hartu zuen gorputza. Eraikina aztertzen aritu ziren teknikariek, egurrezko zimentazioak segurtasunik ematen ez zuela ondorioztatu eta gero berria egitea zela onena zuen Udalak. Hortik sortu zen Santa Barbaran natur-parke bat egiteko ideia. Fase ezberdinetan garatuko da hau, 1.faseko lanak amaituta jatetxe-aterpetxeak ateak irekiko ditu.
Jatetxea eta aterpetxea
Jatetxe-aterpetxe berria bi solairuko eraikin modernoa da. Lehenengo solairuak sukaldea, jantokia, taberna eta bi komun ditu. Tabernak eta jantokiak 91 metro koadroko zabalera dute eta sukaldeak aldiz, 48 metro koadrokoa. Bigarren solairuan kokatuta dago aterpetxea. Taldeentzako hiru logela handi, komunak eta dutxak ditu. Hau da lehenago zegoenarekin alderatuta berrikuntza nabarmenena.
Natur parkea
Santa Barbarako natur parkea deritzonaren baitan, zati bat baino ez da jatetxe-aterpetxea. Oinezkoentzako gune berde bat egin nahi dute inguruan. Horretarako 2. fase bat gauzatu nahi da 2010ean. Aurten, Santa Barbarako errepidea berrantolatu nahi da zirkulazioa berbideratu, baserrietarako sarbideak berdiseinatu eta oinezkoei lehentasuna emateko. Momentuz esan, 1. fase honetako lanek guztira, 832.000 euroko aurrekontua izan dute.
- Bertan egindako bideoa:


















