Pasa den asteburuan martxa hartuta etenik egin gabe doa aurrera Martxoan Bertsoa. Asteburu honetan 2. eta 3. kanporaketak izango dira eta bihar ahotsa lantzeko ikastaroa ere bai.
Iragan larunbatean Foxen kandelen argipean jokatutako kanporaketaren ostean, zeinetan Potato taldea izan zen nagusi, herriko bertsolari txapelketak segida izango du asteburu honetan. Ostiralean eta larunbatean izango dira saioak, Motzen eta Igartubeitin, hurrenez-hurren.
Gaur Motzen
Esan bezala, ostiralean Motz tabernan izango da txapelketako kanporaketa, ohi bezala gaueko 11etatik aurrera. Saio honetan, Beteranoak (Ajo, Segurola, Otegi II), Gu ta Gutarrak (Pitillo, Pildain, Otegi I) eta Potto eta bere koadrila (Potto, Endika, Mikel Asurabarrena) taldeak izango dira kantuan, Asier Murua gai jartzailearen agindutara.
Bihar Igartubeitin
Iaz hasitako bide arrakastatsuari jarraipena emanez, bigarren aldiz egingo du Martxoan Bertsoa txapelketak Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoan geldialdia. Bigarren urtez, txapelketako kanporaketak eta Yartu kultur elkarteak antolatzen duen barrikote festak bat egingo dute larunbatean. Bertso saioa, arratsaldeko 7etan hasiko da eta barrikotea saioa amaitu bezain laster. Esan, Zumarragatik doako autobus zerbitzua egongo dela, 18:30etan, Zumarragako parrokiatik. Barrikotean, berriz, Igartubeitin urriko zanpaketetan egindako sagardoa dastatzeko aukera egongo da eta jateko pintxoak banatuko dira. Barrikotea Elortza anaiak trikitilariek alaituko dute.
Hauek dira Igartubeitiko saioan parte hartuko duten bertsolariak (gai jartzaile lanak Itziar Etxezarretak egingo ditu, iazko moduan). Hiru talde interesgarri, nor baino nor. Motxorro taldean, Jokin Murua, Oier Oiarbide eta Asier Iriondo, Edurnezuri eta bi ipotxak taldean Edurne Plazaola, Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu eta Oilarrak taldeak Igor Juantorena, Asier Sasieta eta Gorka Azkarate arituko dira.
Ikastaroa
Urteroko moduan, aurtengo egitarauaren barruan ikastaro berezi bat ere izango da. Aurten ahots teknika, arnasketa eta erlaxazioa lantzeko tailerra izango da bihar. Imanol Kamiok gidatuko du klasea Zumarragako kultur etxean goizeko 11:00etan hasita.
Informazio gehiago Zumarraga eta Urretxuko bertso eskolaren web orrian.
Argazkia: iaz Motz-en egin zen kanporaketan parte hartu zuten bertsolariak.












