Lenbur Fundazioak kudeatuko du hemendik aurrera eskualde mailako turismo zerbitzua. Hartu dituen lehendabiziko arduren artean Zumarragako eta Urretxuko turismo bulegoa berriz irekitzea izan da.
Uggasak, Urola Garaiko Garapen Agentziak eta Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko udalek osatutako administrazio kontseiluak, eskualdeko turismo zerbitzua Lenbur Fundazioaren esku uztea erabaki zuen pasa den ekainaren 18an.
Une hartan, Lenbur Fundazioak Zumarragako eta Urretxuko turismo bulegoa irekitzeko konpromisoa hartu zuen. Eta bete du dagoeneko, izan ere gaurtik aurrera, martxan da berriz Areizaga-Kalebarren plazan dagoen turismo bulegoa. Gaurtik aurrera hortaz, bi herrietako edo eskualdeko informazio turistikoa eskainiko die bulegoak hala nahi duten herritarrei eta kanpotik datozen bisitariei.
Gaur hasi eta irailaren 30era bitartean asteartetik igandera egongo da irekita bulegoa. Asteartetik larunbatera 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 eta igande eta jaiegunetan 10:00-14:00. Uda sasoia amaitzen denean, urriaren 1etik ekainaren 30era, asteartetik igandera egongo da irekita bulegoa baina ordubete gutxiagoz, asteartetik larunbatera 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 eta igande eta jai egunetan goizez bakarrik.














