Joxe Urteagak ondo merezitako omenaldia jaso zuen martxoaren 19an Azpeitiko kiroldegian EITBk antolatutako saioan. Bertsolari, trikitilari eta dantzari ezberdinek eskainitako saioaren ondoren, Joxe oholtzara igo zen biloba Garikoitzekin jendearen txalo zaparrada artean eta bere bi pieza eskaini ondoren, “Agur jaunak” jotzeari ekin bezain pronto jendea zutik jarri zuen. Omenaldiaren biharamunean berarekin izan ginenean, denei eskerrak eman beharrean zegoela eta omenaldian oso pozik baina urduri egon zela aitortu zigun.
Joxe Urteaga 14 urterekin hasi zen soinua jotzen, duela ia 60 urte. Osabak sartu zuen soinuaren munduan, afizioa zuela ikusten baitzuen. Osabarekin aritzen zen Joxe Migel Ormazabal Zegamako semeak erakutsi zion soinua jotzen RENFErentzat egiten zituen lanak amaitzen zituenean eta horretarako Joxe gaztea Kaminpetik gora zegoen Axaundi baserrira joaten zen gehienetan oinez eta aukera zuenean bizikletaz eta gau iluna zela jada jaisten zen herrira. Artean oso gaztea zelarik Pasaian egin zuen jendaurreko estreinaldia eta soldaduzkara ere soinua bizkarrean zuela joan zen. Ofizialek antolatzen zituzten festetan soinua jotzeko deitzen zioten eta honi esker, soinua jotzen aritu ondorengo egunean soldaduzkako lanak egiteaz libratzen zen.
Joxeren esanetan garai hartan askoz ere jende gutxiagok jotzen zuen soinua, oso jende gutxik baitzuen herrian bertan soinua jotzen ikasteko aukera. Berak zorte hau izan zuen eta plaza ezberdinetan Joxe Migel Ormazabalekin eta osabarekin joz are gehiago ikasteko aukera izan zuen. Izan ere, hiruek Euskal Herriko plaza gehienak zapaldu zituzten soinua soinean zutela. Dena den, Joxe soinua jotzen hasi aurretik osabak bide luzea egina zuen jada trikitixa munduan Zumarragako Trikitixa izenpean. Lehenengo urteak Itsasakortarekin eman zituen eta disko batzuk ere atera zituzten, baina Itsasakorta Ameriketara joan zen eta bueltatuko zela esaten zuen arren, bertan hil zen. Itsasakorta joan ondoren, Meliton tabernako Karlos Egigurenekin eta aipatutako Joxe Migel Ormazabalekin ibili zen.
Osabak utzi zuenean Joxe Urteagak eta anaia Migelek hartu zuten errelebua Zumarragako Trikitixan eta elkarrekin urte mordoska bat eman dituzte. Frankismo garaian ez omen zen batere samurra trikitixa jotzea, jendeak gustuen entzuten zituen abesti asko eta asko debekatuak baitzeuden eta goardia zibila izaten baitzuten atzetik. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira trikitixa munduan eta Joxek esaldi batez laburtzen du aldaketa: “lehen soinujole gutxi eta dantzari asko geunden, orain, berriz, soinujole asko eta dantzari gutxi”. Garai hartan emakume asko mezetatik atera eta alpargatak erostera joaten omen ziren gero dantza egiteko, “dantzazaletasun izugarria zegoen eta nire amonak esan zidanez, oraindik trikitixa Euskal Herrira heldu gabe zenean, erromerietan neskek panderoa txandaka jotzen zuten gainontzekoek dantza egin zezaten. Esaten dutenez, inguru hauetan soinua jotzen hasi zen lehena Ormaiztegiko Itsua izan zen.” Orain dantza taldeetako gazteak aritzen omen dira batez ere dantzan, baina lehen “edozein lekutara joanda ere, dantzariak lur azpitik ere azaltzen ziren”.
Garai hartan hain trikitilari gutxi zeudela ikusita, nesken artean arrakasta izango zutela suposa daiteke, baina trikitilariek ez omen zuten gehiegi ligatzen: “Ligatu? Arratsalde eta iluntze guztia soinua jotzen pasatzen genuen eta ondoren soinua bizkarrean hartu eta etxera ligatzera! Iburreta tabernan, adibidez, astero bodak izaten ziren eta lauetatik hamarrak arte gelditu gabe jotzen genuen”. Neska kontuan beharbada ez, baina Zumarragako Trikitixak soinu txikiaren alorrean berebiziko arrakasta eta garrantzia izan du. Honen isla dira orain arte grabatutako diskoak. Joxe eta anaia Migelek pare bat single grabatu ondoren, Goiko Txabolan disko bat grabatu zuten, “Zumarragako Txistulariekin, Paxkual, Sanpedro eta abarrekin grabatu genuen atari zabalean Herriko Gogoa diskoetxearekin eta diskoa polita atera zen, beranduago ere beste diskoren bat grabatu genuen”.
Diskoetako kanten hitzak euskaraz eta gazteleraz ziren, diskoetxeak hala eskatuta. Batzuk lehenago osabak sortutakoak ziren eta besteak Joxek berak eginak. Hauen artean ospe berezia lortu zuenetako bat Lutxi eta Mariaz hitz egiten zuena izan zen, baina hain ezagunak egin ziren bi emakume hauek ez ziren sekula existitu Joxeren esanetan. Lutxi eta Mariarekin batera purua ere Urteaga anaien ahotan izan da urte hauetan guztietan: “hasieran zigarroak erretzen nituen, baina gero puruetara pasa nintzen. Soinua jotzen ari ginela purua erretzen genuen denbora-pasa eta urte hauetan guztietan makina bat erreko nituen, erretako puruak bata bestearen atzetik jarriz gero Zumarragatik Paris arteko bidea joan-etorreran betetzeko adina”.
Puruak makina bat erre ditu Joxek baina 82an ostu zioten arte soinu bakarra erabili zuen. “Ezkontza batean lapurtu zidaten eta pena ikaragarria hartu nuen, osabak gerra garaian ekarritakoa baitzen jakizu nondik, aita zein zen jakiterik ez zegoela esaten nuen nik. Lapurretaren ondoren polizia komisaldegian parte eman eta paper piloa firmatu behar izan nuen, baina ez zuen ezertarako balio izan”.
Bizitza osoa trikitixa jotzen igaro ondoren, duela urte pare bat plazetara joateari utzi zion, baina oraindik ere noizean behin biloba Garikoitzekin jotzen jarraitzen du. Garikoitz bi urterekin jada panderoa jotzen hasi eta bere kabuz ikasi zuen, aitona Joxeren gozamenerako eta ondoren soinua jotzen ere erakutsi zion. Ordutik hona aitonarekin soilik aritu da eta oraindik ere familia arteko bazkari eta afariak alaitzen jarraitzen dute. Urte askotan jarraitu dezatela!










