Inprimatu E-posta

Gorka Hermosa, musika ezberdinetako akordeoilaria (074. alea)

Baziren urte batzuk Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarraren berririk ez genuela, azken urteotan Valladoliden bizi baita. Bertan, musika irakasten eta informatika ikasten ari da. Duela aste batzuk, bere egitasmo baten berri ematen zuen posta elektronikoa jaso genuen. Honen arabera, Gorkak IlunaBar izeneko pop-rock talde bat sortu berri du eta aurkezpen maketa grabatu dute jada. Talde honetan, Gorkarekin batera, sona handiko beste musikari batzuk daude: Celtas Cortosekin eta Enrique Urquijorekin lan egin duen Jesus Prieto "Piti" gitarrajolea, Diego Martin bateriajolea, Los Rebeldes eta Tennessee taldeetan aritu den Cesar Diez baxujolea eta Hemendik At taldeko abeslariak diren Edurne Arizu eta Stella Berzal.

Azkenaldian saltsa askotan sartua zaudela jakin dugu...

            "Concurso Nacional de Jovenes Intérpretes" irabazteak ate asko zabaldu zizkidan. Honi esker, 40 kontzertu eman ditut, tartean RTVEren orkestrarekin kontzertu bat. Bestalde, disko batean 10 minutu grabatu ditut eta datorren urtean disko oso bat grabatu behar dut. Bestalde, duela gutxi, TVErentzat ordu erdiko emanaldia grabatu dut. Sari hura irabazteak, musika munduan sartzeko aukera eskaini zidan eta honi esker, musika klasikotik kanpo dauden proiektuetan parte hartu dut. Egun, bost alor ezberdinetan nabil: Pop-rocka IlunaBarrekin, folk-fusion Valloberarekin,  folk tradizionala Manuel Lunarekin, tango disko bat grabatu behar dut hari-orkestra batekin eta bakarlari bezala musika klasikoa lantzen ari naiz. Valloberari esker, talde baten funtzionamendua ezagutzeko aukera izan dut: konponketak nola egin, managerrak, kontzertuak nola lortu, diskoetxeekin harremana... Hau guztia oso baliagarria izan zait IlunaBar sortzeko. 

Nolatan sortu duzu IlunaBar?

            Udan, Edurneri, Hemendik At-eko abeslariari, eta niri, IlunaBar dena sortzea bururatu zitzaigun. "Piti" gitarrajolea ezagutu nuen eta gure proposamena gustatu zitzaionez, bere estudioan grabatzea eta berak grabaketan parte hartzea eskaini zigun. Lau kanta grabatu genituen eta abenduan, "Arrasateko Akordeoi Lehiaketan", jendaurreko aurkezpena egin genuen. Bertan, Migel Gorostizak gure managerra izatea eskaini zigun eta baiezkoa eman genion. Ordutik, gure lana ezagutzera emateko lan handia egiten ari da: komunikabide ezberdinekin harremanetan jarri da, diskoa grabatzeko lan egiten ari da... Egia esan, managerra ia taldeko bat da. Izan ere, musikariok ez gaude alor horretan adituak eta bere lana oso garrantzitsua da taldearentzat. 

Zer da IlunaBar?

            Maketa ni neu gogobetetzeko grabatu nuen: nahi nuen musika estiloan idatzitako abestiak, nahi nuen musikoekin grabatzeko. Arrasaten jotzeko aukera sortu zenean, harrituta gelditu nintzen. Proiektu pertsonala zena aldatzen ari da: manager batekin lanean hasi gara, diskoa grabatzeaz hitz egiten ari da, komunikabideekin elkarrizketak... Ni oso lotsatuta nago. Polita da zuk sortutako zer edo zerk horrenbesteko ikusmina sortzea, baina beldur pixka bat ere ematen du. Izan ere, nire kapritxoa zen eta jada ez dela nirea bakarrik somatzen dut. Semea beste batzuen eskutan uzten ari naizenaren sentsazioa dut. Sentsazio hau hilabete batzutan pasatuko zaidala uste dut. 

Letrak ere zuk idatzi al dituzu?

            Gehienak bai. Batez ere nire barne kontradikzioak, nire kontuak, gazte baten eguneroko bizitzaren kontuak... islatu ditut. Gaiak zeharka ukitu ditut, egoerak gainetik azaltzea atsegin baitut bakoitzak bere zentzua eta esanahia eman diezaien. Egitasmo honi sekulako ilusioz ekin nion eta abesti asko idatzi nituen oso denbora gutxian. Zer edo zer grabatzen badugu edo kontzertuak ematen baditugu, abesti hauen guztien arteko aukeraketa egin ahal izango dut. Kantitatea dagoenean errazagoa da kalitatea topatzea. 

Pop-rocka lantzen duzun lehenengo aldia al da?

            Duela urte batzuk ere, herriko lagun batzuek eta nik, antzeko talde bat sortu genuen. Oso gustura aritzen ginen, gehiegi, eta beharbada horregatik taldeak ez zuen aurrera egin. Bestalde, musika klasikoaren alorrean abestiak idatzi izan ditut, baina IlunaBar taldearentzat idatzi ditudanak dira pop-rock kutsuko lehenengoak. Musika klasikorako dena oso zehatz idatzi behar duzu. Beste estilo honetarako, berriz, kontzeptua buruan duzu eta gainontzeko musikariei zer nahi duzun azaldu behar diezu. Honelako musiko onak zure esanetara izatea oso gauza polita da. Zer nahi duzun azaltzen diezu eta berehala egiten dute.

Ez al zizun errespetua ematen maila horretako jendea zure esanetara izateak?

            Errespetua ematen zidan, baina horretarako ez naiz asko lotsatzen. Argi nuen zer nahi nuen eta nola nahi nuen. Baina, nik nahi dudanetik azkenean egiten denera alde handia dago. Izan ere, musikoek euren aldetik asko jarri dute eta niri bakoitzak bere ideiak azaltzea gustatzen zait. Horretan oso irekia naiz: bakoitzak bere ekarpena eskainiz gero, abestia asko aberasten da. Nire ikuspegiari gainontzekoena batzea oso positiboa da. Jendeari bere proposamenak azaltzen uzten ez badiozu, abestia kaltetua irteten da. 

Danok ere nahiko lanpetuta zabiltzate, ez al duzue arazorik izango zuzenean aritzeko?

            Hemendik At taldea orain atseden hartzen ari da, baina Cesar baxujolea eta Diego bateriajolea oso lanpetuta dabiltza. Biak estudio musikariak dira eta ia astero talde ezberdinekin diskoak grabatzen dituzte. Hau arazo bat da, baina taldea sortua zenean bagenuen honen berri. Zuzenean Edurne abeslaria, Piti gitarrajolea eta ni gara ezinbestekoak. Besteak ahal duten guztietan etorriko dira, baina ezin badute beste norbaitek etorri beharko du. Normalean, profesionalek ordezkoak izaten dituzte eta beraiei deituko diete.  

Urretxun taldearen aurkezpena egiteko asmoa omen duzue...

            Miguelek asmo hori zuen, baina ez dakit kontua nola dagoen. Urretxun jotzea asko gustatuko litzaidake, musika klasikoa ere oso gutxitan jo baitut herrian. Lagunei maketa eman diet entzun dezaten eta, esan dutenez, gustatu zaie. Gehienek esan dutena da, bertan musiko onek parte hartzen dutela nabaritzen dela.  

Akordeoia honelako talde baten ardatza izatea nahiko gauza berritzailea iruditzen zait...

            Bai eta ez. Akordeoi batekin ez da askotan estilo honetako zer edo zer egin. Baina, Euskal Herrian trikitixarekin oso gauza ezberdinak egin dira. Trikitixa eta akordeoia soinu ezberdina duten bi musika tresna diren arren, IlunaBarren erabiltzen dudan akordeoiak trikitixaren antzeko soinua du. Nire asmoa ez zen berritzailea izango zen zer edo zer egitea, eta hala bada, jendeak esan beharko du. Dena den, akordoilariek bide berriak jorratu ditzaketela ikusteko balio badu, poztuko nintzateke. 

Bakarka aritzeari utzi behar al diozu?

            Akordeoilariok oso mundu itxia dugu eta askotan ez dugu harreman handirik beste musikariekin. "Concurso Nacional de Jovenes Intérpretes" irabazteari esker, musikari asko ezagutu ditut eta beraien munduan sartzeko aukera izan dut: orkestra askorekin jotzeko aukera izan dut, Valloberakoekin jotzen dut eta IlunaBar aurrera ateratzeko aukera eskaini dit. Bakarka jotzea geroz eta gutxiago atsegin dut. Oso musikari onekin jotzen ohitu naiz eta bakarka aritzea nahiko tristea iruditzen zait. Bestalde, musika klasikoa jotzea zailagoa da, detaileak gehiago landu behar baitira. Beste estiloetan aritzea samurragoa. da: sentsazioekin funtzionatzen dute eta nota bat gaizki jotzeak ez du horrenbesteko garrantzirik.



Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews
 

Bat egin gurekin!

  gr_zintzo_mintzo_kolore.gif
 350 bazkide eta 1500
harpidedun gara dagoeneko