Anjel Kruz Jaka Legorburuk bizitza osoan zehar Zumarragako historiari buruz bildu dituen agiriak Udal Agiritegiaren esku utzi ditu. Hilaren 3an emate ekitaldia izan zen Zumarragako Udalean eta, bertan, Anjel Kruz Jakarekin batera, Luis Arzelus bere adiskidea, Antonio Prada agirizaina, Lucia Okariz idazkaria, Anton Arbulu alkatea eta hainbat zinegotzi izan ziren.
Jakak Udalari emandako agiri zaharrena XVI. mendekoa da eta berriena, berriz, 1930. urtekoa. Antonio Prada agirizainak esan zuenez, Jakak utzitakoek 2.000 espediente egiteko ematen dute. Izan ere, Anjel Kruz Jakak bizitza osoa eman du agiritegitik agiritegira Zumarraga eta inguruko herriei buruzko datu historikoak biltzen.
Frankismo garaian "Academia Errante" zeritzona sortu zuen eta euskal historia, etnografia eta artea ikertzeko eta ezagutzera emateko lan itzela egin zuen. Horrez gain, Urretxu, Zumarraga eta Ezkioko historiari buruzko hainbat liburu argitaratu ditu.
Itsaski zozketa
Argazkian itsaski otarra eskutan duela gustura asko ikus dezakezuen Belen Hercek irabazi zuen maiatzeko itsaski zozketa. Ekaineko zozketa berezia izan da eta hileroko itsaskiez gain, 10 lote txakolin eta otarrainska zozketatu dira. Sari nagusia Juan Jose Aperribaik irabazi du eta loteak Mari Karmen Arzelusek, Legazpiko Inak, Jon Gabilondok, Nati Urrestarazuk, Karmele Urdangarinek, Lourdes Azurmendik, Maria Eugenia Irizarrek, Julio Fernandezek eta Susana Canalesek irabazi dituzte. Azken honek bi lote irabazi ditu. Euskararen normalizazioaren aldeko hurrengo itsaski zozketa ere berezia izango da, jasotako diru guztia Goierriko Hitza egunkaria martxan jartzen laguntzeko izango baita. Zozketa uztailaren 4an izango da, 20:30ean, Zintzo-Mintzok Areizaga-Kalebarren plazan jarriko duen txosnan.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna
Ekaineko lehen astean Legazpi, Urretxu eta Zumarragako Udalek UGGASAren laguntzaz antolatutako Aste Berdea izan zen. Legazpin, hilaren 3an errausketa-plantei buruzko eztabaida izan zen eta hilaren 4an Legazpiko eta Urola Garaiko Ekobarometroa aurkeztu zen. Urretxu-Zumarragan antolatutako ekitaldiak, berriz, ekainaren 5eko goizean izan ziren; Ingurumenaren Nazioarteko Egunean. Kalebarren-Areizaga plazara hurbildu zirenek zazpi pertsonentzako bizikletan ibiltzeko aukera izan zuten. Goenkalen lan egiten duen Ainhoa Aierbek eta Josu Lopezek bidegorrian gora eta behera egindako bidaiak girotu zituzten. Horretaz gain, gure herrien inguruko inkesta batean parte hartu zutenek 100 euroko zozketan parte hartu zuten. Irabazlea Xabier Lasa izan zen.
Antioko Amabirjiña ere Santa Isabeletarako prest
Lau hilabetez Irun eta Donostian egon ondoren, hilaren 10az geroztik Antioko Amabirjiñaren irudia bere tokian da; Santa Isabel egunerako prest. Lehenik eta behin Irunera eraman zuten, non zaharberritze lanak egin zizkioten. Ondoren, Donostian ikusgai izan da Gipuzkoako beste Amabirjiñen irudi batzuekin batera.
Zaharberritze lana Antioko Lagunen Elkartearen enkarguz egin da. Irudiaren egurrari tratamendua egin diote eta kaltetuta zeuden apaingarriak zaharberritu eta ezkutuan zirenak azaleratu dituzte.
Herriko bertsolari gazteak Gipuzkoako txapeldun
Amaia Iturriotz eta Manex Mantxola urretxuarrek Gipuzkoako XXIV. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txikien mailako bat-bateko finala irabazi zuten maiatzeko azken ostiralean Zarautzen. Jone Alberdi urretxuarrak, berriz, aipamen berezia lortu zuen bertso-paperetan.
Txikien mailan irabazle suertatu den taldea Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolako Amaiak eta Manexek, Ainhoa Mujika beasaindarrak eta Joseba Agirrezabala idiazabaldarrak osatu dute. Kanporaketan Edurne Plazaola eta Antzine Aranburuk ere kantatu zuten, beraz, txapela beraiena ere badela esan behar da.
Bat-bateko saioaz gain, bertso-paperetako sariak ere banatu ziren eta arlo honetan Jone Alberdi urretxuarrak aipamen berezia lortu zuen bere mailan. Aipatu beharra dago bertso-paperetan haur askok hartzen duela parte eta ez dela batere erraza sariren bat lortzea. Aurten maila ezberdinetan banaturik 1.200 haur inguruk parte hartu dute.
Sari hauek guztiek gaztetxoen bertso eskola lehen fruituak ematen ari dela erakusten dute. Animo denei eta jarraitu bide horretatik!
Gainzuriko ikasleek artisten erara egindako lanen erakusketa
Hilabete honetan Gainzuri ikastetxeko ikasleek egindako eskulanen erakusketa ikusgai izan da Zumarragako Itarte Etxean. Gainzuri ikastetxeko ikasleek urtero prestatzen dute ikasturtean zehar egindako lanen erakusketa, baina aurtengo erakusketa oso berezia izan da. Izan ere, Gainzuri ikastetxekoek plastika klasean lan egiteko modua guztiz aldatu dute, duela urte pare bat Plastika Batzordea sortu zutenetik. Ordurarte ikasleek plastika klaseetan ereduak kopiatzen bazituzten, azken ikasturte honetan sormenari lehentasuna eman diote.
Sormena bultzatzea helburu izan duen egitasmo honetan 3 eta 12 urte bitarteko ikasleek parte hartu dute. Lehenik eta behin pertzepzioa landu dute. Horretarako, haurrek zentzumenak eta sentimenduak lantzea helburu zuten hainbat jolasetan parte hartu dute, bai klasean eta bai mendian. Ondoren, euren ideiak, iritziak, sentipenak eta bizipenak espresatu dituzte askatasun osoz eta eskulanen bidez. Bukatzeko, euren lanen esanahia azaldu dute era ulergarrian. Prozesu honen bitartez, ikasleek autonomia, harremanen garapena, aniztasuna, ahozkotasuna eta sentsibilitatearen garapena landu dituzte, besteak beste.
Lan honen guztiaren fruitua Zumarragako Itarte Etxean ikusgai izan da. Erakusketan Gainzuri ikastetxeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrek material ugariz egindako ehundik gora lan ikusgai izan dira.
Lurraren 25. Dantzari Txiki eguna
Ekainaren 19an Urretxuko Lurra Dantza Taldearen 25. Dantzari Txiki eguna izan zen. 25. urteurrena zela eta, Lurra Dantza Taldekoek oroigarriak banatu zizkieten Dantzari Txiki egunean parte hartu zuten taldeetako ordezkariei eta Lurrakoek Urretxuko Udalaren oroigarria jaso zuten. Horretaz gain, dantza taldean 25 urte bete dituzten Idoia Etxaniz eta Junkal Osinalderi omenaldia eskaini zitzaien. Zorionak biei eta segi lanean!
EHNA Tramitazio Eguna
Ekainaren 19an, EHNA tramitatzeko bulegoa ireki zen lehen urteurrenean, Tramitazio Eguna izan zen Legazpi, Urretxu eta Zumarragan. Tramitazio kopuruari bultzadatxoa emateko antolatu zen eguna arrakastatsua izan zen, Urretxuko Kultur Etxean 53 eskaera tramitatu baitziren eta Legazpin, berriz, 23. Horretaz gain, Areizaga-Kalebarren enparantzan EHNAren aldeko elkarretaratzea egin zen. Aipatu, dagoeneko ia 500 urretxuar eta zumarragarrek eskatu dutela EHNA egitea Kultur Etxeko bulegoan. Bestalde, Bai Euskal Herriari ekimenak ekainaren 13ko hauteskundeetan EHNA erabiltzeko deialdia zabaldu zuen. Zumarragan 13 hautes-mahaietatik 9tan EHNA onartua izan zen eta Urretxun, berriz, 8 hautes-mahaietatik 7tan.










