Mikel Lizarralde urretxuarrak
etorkizuneko gertakizunak iragartzeko ahalmena zuela ikusi zuen
umetan. Dohain horrek ezinegona sortu zion berari eta bere familiari
eta urte batzuetan ez zuen garatzeko ahaleginik egin. Gaztetan jakin
mina piztu zitzaion eta ordutik hainbat ikastaro egin ditu. Iaz K’an
li txoko majikoa denda ireki zuen.
Nolatan piztu zitzaizun mundu honekiko
zaletasuna?
Ez da izan nik erabaki dudan gauza.
Txikitatik egon den zer edo zer da. Nire amak beti esaten du ume
berezia izan nintzela. Beste batzuek ikusten eta esaten ez zituzten
gauzak ikusten eta esaten nituen. Ahalmen hau blokeatu egin nuen,
baina handik urte batzuetara berreskuratu egin nuen.
Nola garatu duzu dohaina?
Betidanik sentsazio bereziak izan ditut
eta gauzak ikusi ditut. Gurasoei komentatzen nizkien eta amak Mari
Jose Bermejorengana eramango ninduela esaten zidan, berarengandik
ikasteko, baina ez zen ausartu. 14 urterekin itsulapikoa apurtu eta
tarota erosi nuen. Ondoren, 2004an, Kanadara ikasketak egitera
joateko aukera suertatu zen eta joan egin nintzen. Urte eta erdi eman
nuen bertan, Marilyn Rossnerrekin. Berak eta bere senarrak Nazio
Batuekin akordio bat sinatu eta eskola ireki zuten. Iragarpen eta
intuizio kontuko titulazio ofiziala ematen duen eskola bakarra da.
Prestakuntza serioa eskaintzen dute eta azterketak egiten dituzte.
Zer irakasten da bertan?
Bakoitzari duen onena ateratzen
laguntzen zaio eta psikologia asko lantzen da. Montrealeko ospitaleko
psikologia sailarekin lan egin genuen. Lan soziala ere egin genuen,
trauma handiak zituzten familiekin. Bidentzia nola landu, beste
munduan daudenekin harremanetan nola jarri… ere irakasten da. Nire
espezializazioak bidentzia eta izpirituekin kontaktuak dira.
Tarota, bidentzia… zer dira? Askoren
ustez gezur hutsa besterik ez dira.
Alde batetik tarota bezalako iragarpen
metodoak daude eta bestetik bidentzia dago. Tarota bezalakoak
laguntzeko gida dira, tresna bat. Ezin dira arrazoiaren ordezkoak
izan. Tarotean gure beldurrak eta gure desirak agertu daitezkeenez:
kartetan ikusten duguna aurrean dugunaren etorkizuneko gertaerak edo
beldurrak diren ezberdintzen ikasi behar dugu. Gure munduan jende
askok intuizio handia du, baina ez du prestakuntza egokirik. Askok
esan behar ez zituzten gauzak esan dizkiete bezeroei. Eurekin
konektatzen ez dutenean, sekulako astakeriak esaten dizkiete.
Intuizioarekin ez da nahikoa, aurrean duguna ezagutu behar dugu eta
berarekin enpatia izan. Tarotak bide bat edo bestea hartzen badu zer
gerta dakiokeen jakiteko balio du. Gure bizitzan gauza batzuk
aldatzea gure esku dago, baina beste batzuk lehenagotik idatzita
daude.
Zer diozu bidentziaz?
Alde batetik bidenteak daude eta
bestetik mediumak. Lehenek pertsonaren auran dagoen informazioa
irakurtzen dute. Ia denok ikasi dezakegu hori egiten. Mediumak,
berriz, mundu honetan ez daudenekin harremanetan jartzen dira.
Bezeroari eta bere etorkizunari buruzko datu oso zehatzak eman
ditzakete. Medium guztiak bidente dira, baina ez alderantziz.
Umetan iragarpenak egin zenituela esan
duzu. Nolakoak izan ziren?
Gertaera haiek nire burutik ezabatu
nituen, baina Kanadara joan nintzenean amak gogorazi egin zizkidan. 8
bat urte nituenean aitaren lagun min bat ospitalera eraman zuten,
baina nik ez nuen bere gaitzaren larritasunaren berri. Ospitaletik
atera zela esan zidaten, baina nik hilda ikusi nuen. Inguruko guztiei
hurrengo egunean hil egingo zela esan nien eta hala suertatu zen.
Nire gurasoek ez zekiten egoera hori nola bideratu, ni errudun
sentitu nintzen… Beste behin, Zumaiako hondartzan emakume batek
lauburu bat galdu zuen eta laguntza eskatu zidan. Handik 200 metrora
zegoen itzalkin baten azpian zegoela esan nion. Han zegoen.
Etxekoek nola bizi zuten hau guztia?
Gurasoak euskaldun eta katoliko
peto-petoak dira. Ez zekiten nola bideratu. Beldurra ematen zien.
Kanadara joan nintzenean, kontua serioa zela ikusi zuten. Aurten
nirekin eraman ditut eta nire irakasleak ezagutu dituzte. Oraindik
errespetua diote, medium lanetan hasi nintzenean hotz handiarekin eta
nekatuta bukatzen bainuen. Egunen batean zer edo zer gertatuko
zaidan, energia gabe bukatuko dudan, beldur dira.
Zuen jarduna arriskutsua al da?
Zer ate jotzen ari zaren ez badakizu,
bai. Formula 1 autoa gidatzea bezala da: formazioa eta praktika behar
dira, noiz azeleratu eta noiz gelditu jakiteko. Halako auto batekin
Urretxuko kaleetan ibili ezin daitekeen bezala, nire lana ezin da
edozein tokitan egin. Sekula ez nuke toki publiko batean egingo. Toki
lasai eta purifikatuak behar ditut. Izpirituek ezin gaituzte fisikoki
minik egin, baina gure barrena jota utzi dezakete. Nire kasuan, ezin
diot izpirituari nigana gehiegi gerturatzen utzi. Beste batzuek,
ordea, trantzea izaten dute: izpirituari euren barruan sartzen uzten
diote. Niri ez zait ona iruditzen nire gorputzaren kontrola ez
izatea.
Nola lan egiten duzu zuk?
Hasteko, intsentsua jartzen dut nire
energia duen toki batean. Kandela zuririk gabe ere ez nuke lanik
egingo. Zutik eta begiak itxita lan egiten dut. Parean dudan
pertsonak bere izena esaten dit eta bere ahotsaren bitartez
izpirituekin harremanetan jartzen naiz. Bere iragana eta bere
etorkizuneko gauzak azal daitezke. Mundu honetan jende askok
izpirituek hau edo bestea diotela esaten du, baina nik noren
izpiritua den jakin beharra dut. Bestela, baliteke mezua beretzako ez
izatea. Kontaktua eteten denean, izpirituak esandakoa ahaztu egiten
zait.
Zeren eske jotzen du jendeak?
Barneko bakearen bila etortzen dira.
Tarotaren eske etortzen direnei dagokienez, emakumezkoek familia eta
amodio kontuengatik galdetzen dute eta gizonezkoek lanaren inguruan
galdetzen dute. Kontuz ibili beharra dugu, bezero askok psikologo
baten beharra baitute. Horiek identifikatzen jakin beharra dugu. Muga
non dagoen ere argi izan behar dugu. Batzuek guk dena konpontzea nahi
dute, ez daude inongo esfortzurik egiteko prest. Ni ez naiz Jainkoa:
ezin dut inoren bizitza konpondu.
Nola laguntzen diozue jendeari?
Zeruan dauden senitartekoekin konpondu
gabe utzi zituztenak konponduz, esan gabe gelditu zirenak esanda eta
haiek ondo daudela jakinda, adibidez. Bestalde, psikologian ere
trebatuak gaude eta ezagutza hau euren eguneroko bizitza gidatzeko
erabiltzen dugu. Ez diet kontsultara itzultzen uzten sei hilabete
baino lehenago. Bestela, batzuk engantxatu egingo lirateke. Une jakin
batean laguntza eskaintzen dugu, baina norberak bere bidea egin behar
du.
Zeintzuk dira zuen bezeroak?
Gehienak emakumezkoak dira. Euskaldun
gazte asko ere etortzen dira gurera. Ez nuen halakorik espero.
Hasieran 50 urte inguruko emakume baten bila etortzen ziren eta ni
ikusten nindutenean harritu egiten ziren: gizonezkoa, gaztea eta
euskalduna. Ez nator bat estereotipoarekin eta beharbada horregatik
nire bezeroak ere ez dira ohikoak.
Emakumezko asko etortzen zaizkizula
esan duzu. Zergatik uste duzu?
Mundu honetara irekiagoak dira. Zer edo
zer ulertzen ez dutenean, beste bide bat hartu daitekeela uste
dutenean… errazago onartzen dute. Bestalde, gizonezko batzuk ez
dira gurera etortzera ausartzen eta emaztea bidaltzen dute. Emakumeak
afektiboagoak dira, irteera bat nahi dute eta ate gehiago jotzeko
prest daude.
Nolatan ireki zenuen denda?
Nire lankideak Alde Zaharrean lan
egiten zuen eta bere lokalean kontsulta jarri nuen. 2007ko urrian
hona etorri ginen. Mineraletan espezializatutako denda nahi nuen eta
material asko dugu. Intsentsuak oso bereziak dira eta liburuak ere
baditugu. Ikastaroak eta terapiak eskaintzen ditugu: mineralogia,
kristaloterapia, esku irakurketa, reiki, erlaxazioa, meditazioa…
Zer dela eta ematez diozu horrenbesteko
garrantzia mineralei?
Lasaigarriak dira eta energia igortzen
dute. Mineralen kokapen zehatz baten bitartez, bezeroak nahi duena
bultzatzen dugu. Jende asko etortzen zaigu bere etxeko planoekin.
Egun Usurbilgo haur eskolarekin lanean ari gara. Bertara joan
nintzen, toki kaltegarriak zeintzuk ziren ikusi nuen eta horietan
izandako umeak urduriak zirela esan zidaten. Mineralak jarri ditugu
eta haurrekin emaitza hobeak lortzen ari dira. Urruñako
enpresa batekin ere lan egiten ari gara.
Zuen dohainak askotan erabiltzen al
dituzue zuen etorkizuna iragartzeko?
Norberak bere etorkizuna iragartzea oso
zaila da. Hori erakusten duen kasua izan dut duela gutxi: Gabon
gauean nire anaia lotara joan zen eta Gabon egunean ez zen esnatu.
Bihotza gelditu zitzaion. Nire ustez, gauza batzuk jakitea ez zaigu
komeni. Anaiaren heriotzaren berri aldez aurretik izatea ez zen ona
izango niretzat. Nire anaia-arrebek anaiari afarian zehar hiru aldiz
bihotzean zuena ateratzeko eskatu niola esan didate. Nik ez dut
oroitzen. Dena den, nire barruko ahotsa askotan erabiltzen dut.
Otsailean nire pisu-kideak etxebizitza margotu nahi zuen. Ez genuen
etxebizitzaz aldatzeko asmorik, baina udazkenean aukera suertatuko
zela eta ez margotzeko esan nion. Hala gertatu da: aurki beste pisu
batera joango gara.
Nola ikusten duzu mundua?
Datozen 10-12 urteak oso zailak izango
dira. Txina asko haziko da, baina baita gogor erori ere. Politika eta
klima kontuan desoreka handiak egongo dira. Egun Marsellan dagoen
tenperatura 2016. urtean Brighton parean izango da. Kantauri itsasoa
etorkizuneko Mediterraneoa da. Hurrengo 5-7 urteak bereziki gogorrak
izango dira Euskal Herriarentzat. Nik ez dut oraindik bakea gertu
ikusten, baina bidentziaren bitartez 2022 inguruan akordioa egongo
dela ikusi dut. Indarkeriaren amaieraren hasiera izango da.
Bukatzeko, zein da munduaren eta
bizitzaren zure kontzeptua?
Ez dut esango katolikoa ez naizela,
nire hezkuntza katolikoa izan baita. Jainkoan sinesten dut. Sortzaile
horri mundu toki ezberdinetan izen ezberdinak eman zaizkio.
Sortzaileak ez du gure bizitza gidatzen, baina batzuetan galga
sakatzen du eta besteetan azeleragailua. Bestalde, hil eta gero
bizitzen jarraitzen dugu. Elizak gorputza eta arima ditugula saldu
digu, baina ez da hala. Gorputza dugu, baina hiltzen garenean arimak
bere garapenarekin jarraituko du. Nahi edo behar badu, beste gorputz
bat hartuko du.
Mikel Lizarralde igarle, medium eta
tarotista elkarrizketatu du Arantxa Irastorzak
Euskadi Irratiko
"Esaidazu"n. Entzun hemen elkarrizketa osoa:
|
Iruzkinak
Beldur guztiak kentzen lagundu zidan eta ni benetan lasai egon arte ez zen hasi, oso seguru eta babestuta sentiarazi ninduen. Bere kontsultan azaldu ziren datuetako asko, nik neronik bakarrik nekizkien, ez nire familiak , lagunek, ez inork...NIK NEUK SOILIK!!!! Eta Mikelek denak atera zituen.......A-L-U-Z-I-N-A-T-U-A UTZI NINDUEN!!! Pertsona bezala PAREGABEA!! Gainera ez da floripondio eta itxurakerietan aritzen den horietakoa.....oso oso normal, apal eta xume ageri zen denbora guztian, gertutasun askoz eta hori ere asko baloratzen dut. OSO POZIK NAGO MIKEL EZAGUTU IZANAZ...Ez da erreza gaur egun morbo gabe eta seriotasunez idaztea, baina zuek lortu duzue. Artikulua oso serioa eta ondo idatzia. ZORIONAK!!!
Nik ere kimika hutsa ez garela uste diat, badela espiritua edo anima edo dena delakoa, materia gainditzen duena. Artista baten lana (nobela bat, poema bat, kanta bat, edozein sortze-lan) hor gelditzen duk betiko eta geroan ere eragina izaten segi zezakek. Beraz, baduk gainditzen gaituen zerbait. Eta batzuek beste batzuek baino urrunago eta sakonago ikusteko gai badira, dohain hori besteen zerbitzura jartzea oso ondo iruditzen zaidak. Batzuen ahalegina adarra jotzea eta min ematea delarik, beste batzuek laguntzeko prest agertzea poz ematekoa duk.
Eta elkarrizketa oso interesgarria, eta txukun idatzia, gainera. Ez duk gutxi.
Izan ongi.
Asko gustatzen zaizkit gai hauek baina Mikelek jainkoa ez dela eta ezin duela dena konpondu esaten duenean.....ondo dago, naturala dirudi.....guri laguntza eman diezaguke....baina espirituena...ze beldur, ez????????????????????
Sarrera honi eginiko iruzkinak jasotzeko RSS harpidetza.