Fitxa:
- Zuzendaria: Tamara Jenkins
- Gidoilaria: Tamara Jenkins
- Antzezleak: Laura Linney, Philip Seymour Hoffman, Philip Bosco, Cara Seymour eta Peter Friedman.
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2007
- Iraupena: 113 min.
Sinopsia
Wendy eta Jon anai-arrebak dira, eta urte askoan bakoitza bere aldetik bizi izan da. Orain ordea, gaixo dute aita eta hura zaintzeko elkarrekin bizitzera behartuta daude. Ez batak, ez besteak ez dute aitarekin hitzik egin azken 20 urtean. Komedia eta drama nahasten dira film honetan. Horietako bat da The Savages. Pelikula zintzoa, aurkezten dituen gai ugariak patxadaz eta neurriz begiratzen dituen istorio landua, sentitua, zinezkoa.
Tamara Jenkins-en lehendabiziko pelikula ezusteko atsegina izan da- nolabaiteko antzekotasuna duen Noah Baumbachen The squid ande the whale (Una historia de Brooklyn, 2006) izan zen bezala-, begirada zorrotza eta garbia erakusten du zuzendariak. Era berean, ez du irtenbide errazenera jo nahi, gauzak bere konplikazioan azaltzen ditu, irtenbide magikorik gabe, aparteko dramatismorik gabe. Etortzen diren moduan.
Gai asko daude The Savages honetan, eta horien gaineko zertzeladak marrazten ditu Jenkins-ek: heriotza, familia arteko harremanak, gizarte eredua, bakardadea, genero arteko ezberdintasunak, itxurakeria... Oro har, giza talde baten erretratu poliedrikoa da, burgesiarekin bizi garenok argi eta garbi ikusiko dugu geure burua pantailaren beste aldean islatuta. Gertukoa da oso filma, inguru eta memento jakin batean gertatu ahal zaigun egoera da. Gordintasun osoz, irribarre jator gutxi dago hemen.
Ederki idatzita, ongo zuzenduta, aldeko beste puntu garrantzitsu bat du The Savages-ek. Bi, barkatu: Philip Seymour Hoffman -neurrian behingoz- eta batez ere, Laura Linney hauskorra.





















