Zumarragako parrokiako misiolari taldeak eta Karitateko Mesedetako mojek Haitirekin elkartasuna izateko eskatu diete Zumarraga eta Urretxuko bizilagunei.
Kongregazioak elkarte bat du Jacmel-en, Haitin. Bertako familia asko etxerik gabe gelditu dira azkenaldiko hondamendiek eraginda. Beste askok desnutrizio arazoak dituzte. Dena galdu duten pertsona hauei laguntzeko deialdia egin dute ondorioz misiolariak eta mojek. Bide ezberdinak jarri dituzte horretarako.
Euren elkartasuna adierazi nahi dutenek latako janaria Mesedetako ahizpen egoitzara eraman dezakete. (10:00-12:00 eta 17:30-19:00). Latak Zumarragako Eroskik eta Urretxuko BM eta Dia supermerkatuetan ere utzi daitezke, horretarako egokitutako orgetan. Gainera laguntza ekonomikoa eman nahi duenak ere izango du horretarako aukera Kutxan irekita dagoen kontu korronte honetan: 2101 0030 92 0011012762.











