1990az geroztik kontzertu ugari eskaini eta bi herriotako neska askori kantatzeko aukera eman dien Kimets abesbatza kinka larrian da. Izan ere, arrazoi ugari medio, neska dezentek abesbatza utzi dute eta taxuz lan egiteko jende faltan dira. Hori dela eta, Otamotzen bitartez, Kimets-ekoek abesbatzan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diete kantua gustuko duten Urretxu eta Zumarragako neskei. Kimets-ekoek 6 neska behar dituzte gutxienez. Abesbatzako kide izateko baldintza bakarrak 16 urte beteta izatea eta kantuzaletasuna izatea dira. Kantuan aritzeko eta lagun berriak egiteko gogoa baduzue, Kimets-ekoak zuen zain izango dira ostiraletan 21:30etik 23:00etara eta larunbatetan 15:00etatik 16:30era Zelai-Arizti ikastetxeko aretoan. Anaren 696 844 193 telefonora deitzea ere baduzue.
Diabetesaren aldeko martxa
Asensio Sudupe zumarragarra lehendakari duen Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteak "Diabetesaren aldeko martxa" antolatu du igande honetarako. Berdintasunaren alde, mota orotako diskriminazioaren aurka, zelula amen ikerketaren alde, organo ematearen alde eta traba eta hesi guztien aurkako martxa hau eguerdiko 12etan abiatuko da Ondarretatik eta Boulevard-en amaituko da.
Zumarragako Udalak martxa honi bere babesa eman dio eta herritarrei igandean Donostiara joateko gonbitea luzatu zien joan zen astean emandako prentsaurrekoan. Antolatzaileek Donostiara joateko autobusak jarri dituzte. Autobusak 10:30ean irtengo dira Zumarragako udaletxe aurretik. Tiketak Bidea Eginez koordinadorako elkarteen egoitza guztietan, Sarria farmazian, Arruabarrena gozotegian, Gurutze Gorrian eta Herce dendan salgai dira, besteak beste, hiru eurotan. Gutxitu fisikoentzat jarriko den autobusean izena emateko Joxe Jauregirekin harremanetan jarri behar da.
Fernandez Oliveira, itzuliko garaile
Banatu taldeko Luis Fernandez Oliveira galiziarrak irabazi du Goierriko Itzuliaren 23. ekitaldia, Martin Mata eta Diego Milanen aurretik. Taldekako sailkapena Serbitzu-Kirolgik irabazi du, erregulartasunarena eta mendikoa Diego Milanek eta tarteko helmugena Julen Zuberok. Zumarragan bukatu zen lehen etapa Diego Milanek irabazi zuen, Santa Barbaran bukatu zen bigarrena Eder Salasek eta Labeaga kalean amaitu zen hirugarrena Lander Aperribaik.
MAIRIren Herrien Eguna
Igandean MAIRI elkartearen VI. Herrien Eguna ospatu zen Kalebarren-Areizaga plazan. Aurten, Xakobeoa dela eta, Galizia izan da Herrien Egunaren protagonista nagusia. Hala, Gasteizko Galiziako Zentruko gaitajole bandaren saioa izan zen. Bestalde, erakustokietan Andaluzia, Gaztela, Extremadura, Galizia, Errioxa eta Euskal Herriko informazio turistikoa eta herrialde horietako guztietako jakiak dastatzeko aukera izan zen.
De la Cuadra Salcedo Zumarragan
Miguel De la Cuadra Salcedo abenturazale sonatua Zumarragan izan zen abuztuaren bukaeran Anton Arbulu alkateari hurrengo espedizioa azaltzen. Izan ere, espedizio honetan parte hartuko duten 58 herrialdetako 300dik gora gazte Zumarragan izango dira datorren urteko uztailean. Gazte hauek Liman hasiko dute bidaia eta Perutik pasatu ondoren, Euskal Herrira etorriko dira. Zumarragan Legazpi dorretxea eta Antioko baseliza bisitatuko dituzte.
Zumarragako Trikitixari omenaldia abenduan
Zumarragako Udalak omenaldia eskainiko dio Zumarragako Trikitixari abenduaren 12an. Omenaldi egunak bi ekitaldi nagusi izango ditu: "La Trikitixa de Zumarraga y su entorno (1920-2004). Y nuevas aportaciones sobre la incursión del acordeón en la Península desde Francia en 1841" liburuaren aurkezpena eta Antonio Oteizaren "Trikitixa" eskulturaren inaugurazio ekitaldia. Giza tamainako trikitilari eta panderojole bikotea azaltzen duen eskultura hau Elizkaleko errotondan jarriko da. Zumarragako Udalak aurtengo Santa Lutzi bezpera euskal kulturaren inguruko jai egun handia izatea nahi du. Hori dela eta, egun osoan zehar trikitilari asko eta asko ibiliko dira herriko kaleetan zehar eta bazkari herrikoia ere izango da.
Avenida eta Iparragirre kalea, festetarako prest
Abuztuan bukatu ziren Avenidako zaharberritze lanari eta Iparragirre kaleko zoruaren konponketari esker, herritarrek sekula baino erosoago gozatu ahal izango dute bertan izaten diren jaietako ekitaldiez.
Avenidako zaharberritze lanen helburu nagusiak Avenidan oinezkoei lehentasuna ematea eta oztopo arkitektonikoak kentzea izan dira. Horretarako, errepidea eta espaloia altuera berean jarri dira eta Barrenkalera ematen duen hormaren zati handi bat kendu da aldapa egiteko. Bestalde, jolas parke, argiteria eta aulki berriak jarri dira.
Urretxuko Udalak arratsaldeetan eta asteburuetan Avenida autoei ixtea erabaki du. Hala, lanegun goizetan soilik aparkatu ahal izango da bertan. Avenidan garajea duten bizilagunek, berriz, noiznahi atera eta sartu ahal izango dituzte euren autoak. Izan ere, urrutiko aginteaz sarrera galaraziko duten pibotak jaitsi ahal izango dituzte.
Avenidako obrak 506.330,17 euroko aurrekontua izan du. Diru horren erdia Eusko Jaurlaritzak jarri du Izartu plangintzaren bitartez eta beste erdia Urretxuko Udalak.
Aurtengo udan, Avenidako zaharberritzea bukatzeaz gain, Iparragirre kaleko zoladura aldatu da. Urretxuko Udalak galtzadarrien ordez hauen itxura duen hormigoi inprimatua jartzea erabaki du. Izan ere, Iparragirre kaletik ibilgailu ugari pasatzen dira eta galtzadarriak sarri askotan altxatu dira azken urteotan.
Iparragirre kaleko zoladura Mendiola enpresak aldatu du eta aurrekontua 9.000 eurokoa izan da. Mendiolakoen esanetan, hormigoizko zoladurak 10 urtetan ez du inongo zaintzarik beharko. Denbora hori pasata, zoladuraren goialdea soilik berritu beharko da.
Antioko Musikaldia
Urteroko moduan, iraila heltzearekin batera, musika onenaz gozatzeko aukera dugu Antioko ermitan. Aurtengoa Antiguako Musikaldiaren XXI. ekitaldia dugu.
Lehen kontzertua Urueñako laukoteak eskaini zuen iraileko lehen larunbatean. Joan zen astean, berriz, Jose Luis Estelles klarinetejolea eta Juan Carlos Garbayo pianojolea izan ziren Antion.
Larunbat honetan, 19:30ean, Donostiako Talde Barrokoak Buxtehuderen "Membra Jesu Nostri" kantatak eskainiko ditu. Aurtengo Musikaldiko azken kontzertua datorren larunbatean izango da, hilaren 25ean. Nerea Erauskin sopranoak eta Patxi Aizpiri pianojoleak Scarlatti, Lotti, Parisotti, Obradors, Turnia, Mozart, Puccini, Massenet eta Gounod-en lanak eskainiko dituzte.
Urretxuko gepardoa
Xabier Ormazabal mendizale urretxuarrak SESB zeneko bost mendi altuenak igotzen dituenari ematen zaion "Elurretako Gepardoa" titulua lortu du. Xabier da titulu hori lortzen duen lehen euskalduna. Horretarako, Lenin, Komunismo, Pobeda, Khan Tengri eta Korgenewskaya mendiak igo behar izan ditu.
Duela bi urte Komunismo mendia igo zuen, iaz Khan Tengri eta Pobeda igo zituen eta aurten Lenin eta Korgenewskaya igo ditu. Irailaren 9an Xabier Himalaya aldera abiatu zen, Iñaki Alvarez zumarratarrarekin eta Pedro Garziarekin batera, Shisha Pangma eta Cho Oyu igotzeko asmoz.
Ostiralean irekiko da kiroldegia
Ostiral honetan, 18:45etan, irekiko dira berriro Aldiri kiroldegiko ateak. Irekiera ekitaldiaren ostean, Goierriren saskibaloi eta areto futbol taldeek jokatuko dituzten partidak ikusteko aukera izango da.
Estalki berriak egurrezko egitura du eta kurbatua da. Pello Gonzalez alkateak Otamotzi aipatu dionez, estalki berria "aurrekoa baino hobea da estetika, aireztapen eta argitasun aldetik, alboetan eta aurrealdean leihoak baititu". Horretaz gain, pisu handiagoa jasateko prestatua dago, noski. Lehengoa metro karratuko 50 kilo jasateko prestatua bazegoen, berriak 80 kilo jasan ahal izango ditu. Pista berria urdin kolorekoa da. Alkateak esan digunez, aseguru etxeak emango duen dirua nahikoa izango da obra ordaintzeko.
Txalaparta Egunaren arrakasta itzela
Txalaparta doinuak izango ziren nagusi larunbatean Urretxun, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboak lau urtez behin antolatzen duen Txalaparta Eguna dela eta. Aurtengoa hirugarren ekitaldia izan da.
Goizean, inguruko mendi eta auzoetatik eskainitako txalaparta diana izan zen, herriko artistek muralak margotu zituzten txalaparta gaitzat hartuta, herritarrek txalaparta jotzeko eta sagardoa dastatzeko aukera izan zuten eta Oria eta Larrañaga trikitilariekin poteo herrikoia izan zen. Arratsaldean, berriz, trikitilari eta albokariek giroturiko txistorra jana, txalapartarien saio libreak eta Zorabiok taldearen ikuskizuna izan ziren. Bukatzeko, Euskal Herri osotik etorritako txalapartariek eta herriko musikari, bertsolari eta dantzariek jaialdi zirraragarria eskaini zuten Iparragirre plazan.










