Urretxu eta Zumarragatik igaroko den Beasain-Bergara errepide zatia 2009. urterako amaitua egotea espero duela adierazi du Eneko Goia, Bide Azpiegituretako diputatuak.
Errepide zati hau egiterako orduan, lanak atzeratu dituzten hainbat oztopo izan dituzte, Espainiar Sare Elektrikoaren torre baten leku aldaketa edota Adif enpresaren eskaera bat, esaterako. Dena den, 2009rako errepide zati hau amaituta egotea espero da.
2007ko uztailean hasi zituzten lanak eta 2010. urterako Beasaindik Bergarara arteko errepidea bere osotasunean irekitzea da hasierako asmoa. 2009an Zumarraga eta Urretxu arteko errepide zatiaren lanak amaitzen direnean, Urretxutik Bergara artekoari ekingo diote. Behin lanak amaituta AP-1, N-1, A-8 eta GI-632ak eraztun bat osatuko dute. Horrela Donostia, Beasain, Bergara eta Eibar bi noranzkotan bi karrileko errepide batek lotuko ditu.
Urretxu-Zumarraga zatia
Urretxu eta Zumarraga arteko zatiak 2,1 kilometroko luzeera izango du eta 47,1 milioi euroko aurrekontua. 2,1 kilometro horietatik ibilbide erdia lur azpitik edo zubi gainetik igaroko da. Horrela 900 metroko tunela eraikitzen ari dira Argixao azpian eta 266 metroko zubi bat Urola errekaren gainetik igaroko da.










