Urretxuko gaztearekin batera Ordiziako beste bat ere epaitu dute gaur goizean. Beasaingo gaztetxearen inguruan AHTren aurkako kartel batzuk jartzen ari zirela identifikatu zituen Ertzaintzak.
Identifikazioaren unean, ertzainek diotenez, gazteetako batek puzkarra bota zuela eta agintearen aurkako errespetu falta egotzita epaitu dituzte biak hala biak. Goizeko 12:00etan hasi da epaiketa. Fiskalak bere epaia jakitera eman du amaitutakoan. Gazte bakoitzak 30 egunetan 6 euro ordaindu beharko ditu. 180 euroko isuna guztira.
Tentsio uneak
Epaiketa hasteko unean tentsio uneak ere bizi izan dira, nahiz eta ez den istilurik izan. Epaiketa irekia zen arren, hasieran ez diete epaitutakoen lagunei barrura sartzen utzi. Azkenean baina, eta idatzi batean jakitera eman dutenez, eztabaida askoren ostean 10 laguni epaiketara sartzeko baimena eman zaie.
Aurretik, goizeko 10etan elkarretaratzea egin dute 100-150 bat lagunek. Gainera, Goierriko 3 ikastetxetan geldialdiak egin dira egoera salatzeko. 10:30ean epaiketara sartu dira bi inputatuak, nahiz eta adierazi bezala, azkenean 12:00etan hasi den azkenean.
Jazarpen poliziala
Epaitutako gazteek esan dutenez, gaurko epaiketa AHTren aurkako mugimenduko hainbat gazte goierritar jasaten ari den jazarpen polizialaren emaitza da. Gogoratu pasa den astean ere gazte urretxuar bat ustez jipoitu zuela Ertzaintzak. Epaiketa bertan behera gelditu zen pasa den astean, aurrerago egiteko zain.
Honekin lotutako albiste gehiago otamotz.com-en.
- Gazte urretxuarraren aurka gaur deituta zegoen epaiketa atzeratu egin da.
- Urretxuko gazte batek ertzainek jipoitu dutela salatu du.










