Zineklub Butak 21 Taldeak film gozo honekin emango dio hasiera XIV. Zikloari.
| |
Zuzendaria: Nadine Labaki
Gidoilariak: Nadine Labaki, Jihad Hojeily & Rodney Al Haddad. Antzezleak: Nadine Labaki, Yasmine Al Masri, Joanna Moukarzel, Gisèle Aouad, Adel Karam, Siham Haddad, Aziza Semaan, Fatme Safa, Dimitri Stancofski, Fadia Stella, Ismail Antar. Herrialdea: Frantzia eta Libano Urtea: 2007 Iraupena: 96 min Sarrera: 3,50 € Lekua: Zelai-Arizti Aretoa (Zumarraga) |
Sinopsia
Beirut, bost emakume apaindegi batean elkartu ohi dira, osotara taylorista eta sentsuala den mikrokosmos batean, belaunaldi ezberdinak elkarrekin gurutzatu eta bata besteei era guztietako isilmandatuak eginaz. Layalek Rabih maite du, gizon ezkondua da ordea. Nisrine musulmana da eta arazo bat dauka laster izango den bere begira: dagoeneko ez da birjina. Rima oinazetsu dabil emakumezkoek erakarrita sentitzen delako eta ile luzedun bezero eder batek apaindegia boda noiz bisitatuko urduri dabil. Jamelek ez du zahartu nahi. Rosek bere bizitzari uko egin dio bere ahizpa zaharragoa zaintzeko. Apaindegian gizonak, sexua eta amatasuna dira euren hizketaldien mintzagai nagusiak, ile-mozketen eta karamelu bidez egindako depilazioen artean Libanon ere barre egiten badakitela adierazi nahi digu zuzendariak.
Baita ere negar egiten, eguneroko ohiko arazo txikiekin kezkatzen. Nadine Labakik garbi utzi nahi du hori bere Caramel estimatuan. Estimatua Donostian, non zinemaldiko gazteek euren saria. eman zioten. «Harrigarria izan daiteke hori esan nahi izatea, baina Libanon ere badakigu barre egiten; atseginak gara, samurrak. Han ez dago bakarrik gerra, eta uste dut bizitzari diogun maitasunak beste edozer menderatzen duela. Libanoren irudi hori islatu nahi nuen». Halaxe aritu zen Donostian Labaki. Eta agerikoa da asmo hori bere filmean. Hain da bistakoa ezen tarteka lan tolesgabe baten irudia ematen baitu filmak.
Baina, bai, onar dezagun, ile lehortzaile, depilaziorako karamelu-ore (hortik hartzen du filmak bere izena) eta orrazien artean, bada zerbait berezia Caramel-eko ile apaindegi horretan, bada emakumeen arteko adiskidetasun sakon bat, sentipenak poliki, goxo-goxo, azaltzeko saioa, bada emakumeen aldeko aldarria igurtzi batez egiten duen film bat. Nadine Labakiren Beirut ez da lehergailuen hiria, ezta fede desberdinen jarraitzaileen arteko liskar-gunea. Haren Beiruteko emakumeen arazoak Europako edozein emakumeren arazoen tankerakoak dira: maitasun arazoak, zahartzaroa onartzeko arazoak, euren sexualitatearengatik gizarteak onar ditzaten arazoak... Nadine Labakiren unibertsoan emakumeak dira mundua ulertzen dutenak, gizarteko motorra, familiaren hauspoa eta gizonak hautatzen dituztenak. Eta errealizazio atsegin batekin, elkarrizketa atsegin batzuekin eta musika atsegin batekin film atsegina egin du zinez.
Edozein
iradokizun izanez gero edo, besterik gabe, gurekin harremanetan
jartzeko:
E-posta helbide hau zabor-posta bidaltzen duten roboten kontra babestua dago. Ikusi ahal izateko Javascript-a gaituta izan behar duzu.











