Inprimatu E-posta

Anton Arbulu: ?Udaleko langileengandik ikasi dut gehien? (139. alea)

Uztaila hasieran Anton Arbuluk Zumarragako alkatetza utzi zuen FEVE enpresan lan egiteko. Bederatzi urtez izan da bere herriko alkate eta hutsune nabarmena utzi du. Izan ere, denbora honetan guztian buru-belarri lan egin du eta bere jardunak ez du inor epel utzi.

Noiz eta nolatan hasi zinen politikan?

Unibertsitate ikasketak bukatu ondoren, Sevillan nintzela, PSOEren goi karguak izan diren hainbat lagun ezagutu nituen. Ordurako Franco hilda zegoen, baina oraindik demokrazia ezarri gabe zegoen. Une hartan garrantzitsuena demokrata izatea zen. Alderdi komunistak gidatzen zuen mugimendu hori, sozialistak baino gehiago. Dena den, sozialdemokrazia gainontzeko korronteak baino gustukoago nuen eta PSOEn sartzea erabaki nuen.

 

Sevillan PSOE gidatu duten pertsonak ezagutu zenituela esan duzu. Felipe Gonzalez zure laguna dela esaten da.

Hala da, baina Alfonso Guerrarekin adiskidetasun handiagoa dut. Harremana mantentzen dugu.

 

Nola heldu zinen alkatetzara?

Lehenago Hirigintza eta Arkitektura ahalduna izan nintzen. Esperientzia garrantzitsua izan zen. Eraikin esanguratsuak zaharberritzea, Koldo Mitxelena kultur gunea abian jartzea… suertatu zitzaidan. Ondoren Zumarragara etorri nintzen eta alkatetzan legealdi bat eman ostean nire lanbidera itzuli nintzen. Handik urte batzuetara zenbait zinegotzi sozialistek euren karguei uko egin zieten eta itzuli beharra izan nuen. 2003an bigarrengoz aurkeztu nintzen alkatetzarako.

 

Zer suposatu du zuretzat zure herriko alkatea izateak?

Herria hobeto ezagutzen lagundu dit. Bestalde, bizilagunekin hartu-emana izateko eta euren ohiturak ezagutzeko aukera eskaini dit. Dena den, Udal-langileengandik ikasi dut gehien. Profesional handiak dira eta Zumarragako Udalaren nondik norakoak ezagutzen lagundu didate. Jende askok Zumarragak karismarik ez duela dio, baina ez da hala: bere intelektualek ematen dioten karisma du.

 

Zein uste duzu izan dela zure ekarpen handiena?

Obrak garrantzitsuak dira, baina garrantzitsuena bizikidetzaren alde lan egin dudala da. Mundu honetan xumea eta eskuzabala izan behar da. Bestalde, udaletxean hasi nintzenean bere zorra estatuko handienetakoa zen. Hori gainditu egin zen. Orain, egoera ekonomikoa ona da. Bestalde, egitasmo garrantzitsuak aurrera ateratzea lortu da. Gurea da antzokia, kultur etxea, frontoia, parkea eta lurrazpiko aparkalekua gune berean dituen 10.000 biztanleko herri bakarra. Gure arbasoek espazioa ondo antolatu zutelako egin ahal izan da hori guztia. Horretaz gain, beste bi gauza azpimarratu nahi ditut: auzo guztiak zaharberritu dira eta Zumarragako kaleen garbitasunak bisitari gehienak txunditzen ditu.

 

Bederatzi urte eman dituzu alkate. Zein izan da unerik gozoena?

Pozgarriena bizikidetza da. Egunero bizilagunekin hartu-emana izatea. Denekin hitz egiten saiatu naiz. Tristeena denen eskaerak ase ahal ez izatea da.

 

Arantzarik ba al duzu?

Antiguako interpretazio zentroa hor dago… Beharrezkoa dela uste dut, turismoa oso garrantzitsua baita herriaren garapenerako. Pribilegiatuak gara, Antigua baitugu, eta interpretazio zentroaren egitasmoari ekin behar diogu berriro. Dena den, ez nuke esango arantza denik. Arantzek min egiten dute eta gai honek ez dit minik eragin. Gauzak ondo ulertu direla uste dut, baina ondoren gaiztotu egin dira.

 

Azkenean interpretazio zentroa Elizalden egingo dela uste al duzu?

Gaia aztertzen ari gara eta jabeen ordezkariek eskaintza aurkeztea espero dugu. Elizalde baino toki hoberik ez dago interpretazio zentroarentzat, baina bere garaian jabeek ez zuten baserria saldu nahi izan.

Egitasmo hau abian ikusi gabe utzi duzu Zumarragako alkatetza. Zein da zure zeregina FEVEn?

Espainiako Sustapen ministerioak FEVEren lurrez arduratzea nahi du. Erronka garrantzitsua da. Berdeguneak, bidegorriak, etxebizitzak… sustatu behar dira garai batean trenbideek hartzen zituzten lursailetan.

 

Lanpostu berri honetan erretiratuko zarela uste al duzu?

Ezta pentsatu ere. Lanbide liberaletan aritzen garenok ez gara sekula erretiratzen. Ez dakit zenbat urtez lan egingo dudan FEVErentzat eta zer egingo dudan ondoren. Euskal Herrian lan egitea gustatuko litzaidake.

 

Nola ikusten duzu Mikel Serrano alkate berria?

Gaztea eta prestua da. Alkatearen eta alkateordearen ardurak ezberdinak dira, baina egoera berrira primeran moldatuko dela uste dut.

 

Herritar batzuek zure alderdiak alkatetza uztera behartu zaituela diote, ezker abertzalearekin duzun harreman ona dela eta.

Herritar guztiekin dut harreman ona. Mankomunitateko lehendakaria izan naizen heinean, Urretxuko eta Legazpiko alkateekin hartu-eman instituzionala izan dut. Aholku eskatu izan didate eta nik ahal izan dudan guztia lagundu diet. Nik ere aholku eskatu izan diet. Ez da gehiagorik izan. Oso lasai nago alde horretatik. Dena den, harreman instituzionala dagoenean, pertsonala ere heltzen da.

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews