Inprimatu E-posta

Genero indarkeriak ez du oporrik hartzen (139. alea)

Asko izan dira uda honetan bere bikote kidearen eskuetan hilik suertatu diren emakumeak. Emakumeen aurkako indarkeriak ez baitu sasoirik. Ez eta adinik, ezta estatus sozialik ere. Are gehiago, beti existitu izan da.

Gizarteratu egin da ordea genero biolentziarena. Hori esaten digute behintzat. Gero eta emakume gehiagok salatzen omen dituzte tratu txarrak. Komunikabideek ere gero eta minutu eta orrialde gehiago eskaintzen diote gaiari.

 

Garbi omen daukagu gizarteak sortutako gaitza dela eta zerbait egin behar dela honekin amaitzeko. Baina tratu txarren eraginez hil diren emakumeen kopuruak gora egiten du. Etengabe. Hilketak baina, gizarte honek duen arazo larri honen punta baino ez dira. Badira bizirik dirauten eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak ere. Garbi dago zerbait gaizki egiten ari garela. Batzuek heziketa kontua dela diote. Beste batzuek justizia sistemari egozten diote ardura.

 

Nire iritzi apalean, hori guztia baino sakonagoa da arazoaren oinarria. Gizonezko askok emakumea gutxiesten jarraitzen dute oraindik. Egunero aurkitu daitezke honen gaineko zantzuak. Ez da urrutira joan beharrik. Berriro diot, genero biolentzia hilketa baino zerbait gehiago da. Emakumea gutxiestearekin hasten da. Hori ere indarkeria da. Eta horren aurka asko egin dezakegu etxean, lanean, kalean. Integritatea, pertsona bezala garatu eta bizi ahal izatea ez delako irabazi behar dugun zerbait. Eskubide bat baizik.

Josune Zarandona

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.