Inprimatu E-posta

Emakumeak ere zuzendari (139. alea)

Otsailean Uggasak Urola Garaiko gida industriala argitaratu zuen. Horren arabera, Urretxun 43 industria-enpresa daude, Legazpin 35, Zumarragan 27 eta Ezkio-Itsason 26: guztira 131. Horietako 13 bakarrik daude emakumeek zuzenduak. Hirurekin hitz egin dugu euren lanari buruz.

Susana Enrique: “Gurasoek egin duten ahalegina ikusirik, ardura hartu behar izan nuen: ezin nien kale egin”

 

Susana Enriquek bere aitak 1965ean sortutako enpresa zuzentzen du: Grabados Enrique. Urretxun hasi ziren lanean: duela gutxi bota zuten Belaustegi plazako etxean. Gero Gabiriako baserri batera joan ziren eta egun Zumarragako Argixao industrialdean dute egoitza. 12 langile dituzte eta grabatu mundua eta trokelagintza jorratzen dituzte. Kontserba-latak, erremintak eta autoentzako piezak grabatzen dituzte batez ere.

 

Enriquek oso argi zuen bere aitaren enpresan lan egingo zuela. “Ikastea ez nuen batere gustuko eta behar-beharrezkoa baino ez nuen egin. Lanbide Heziketa egin nuen, administratibo ikasketak hain zuzen ere. Egun, informatikak hartu duen garrantzia ikusita, askoz ere gehiago behar izango nuke”.

 

Egunen batean aitarekin lan egingo zuela ikusirik, oso gaztetatik hasi zen enpresan. “Ez zegoen nire arreta pizten zuen beste ezer eta hemengo bulegoko lana gustukoa nuen. Aitak nola lan egiten zuen ikustera etortzen nintzen. Garai hartan idazteko makinak zeuden oraindik”.

 

Dena den, oraindik ez zekien egunen batean enpresa gidatuko zuela. “Aitaren erretiroa urrun zegoen eta asmoa aitari laguntzea zen. Nire anaiak gogo handirik erakutsi ez duenez, egun ni naiz administratzailea eta kudeatzailea. Enpresa aurrera ateratzeko esfortzu handia egin dugu: ordu asko sartu, oporrik gabe gelditu, larunbat eta igandetan lanera etorri… Langile gazteak soldadutzara joaten zirenean ama fresatzeko makinan lan egitera etortzen zela oroitzen dut. Krisialdi gogorrak ere jasan ditugu. Gurasoek egin duten ahalegina ikusirik, ardura hartu behar izan nuen: ezin nien kale egin”.

 

Zorionez, bere lana gustuko du. “Gauza txar asko ditu, presioa batez ere, baina onak ere bai: hornitzaileekin eta bezeroekin tratua batik bat. Duela hiru urte hartu nuen enpresa, baina lehenago ere nirea zen ardura. 20 urte daramatzat dagoeneko arduradun gisa. Aitak bazekien langile onak zituela, baina bera ez bazegoen enpresak ez zuela aurrera egingo uste zuen. Garai batean ez zituen oporrak hartzen eta erretiratu ondoren ere lantegira etortzen zen. Halako batean, ez genuela gehiago hemen ikusi nahi esan genion”, oroitzen du.

 

Aitarengandik ikasi beharrekoa guztia ikasi ondoren, Susana Enrique bere lanean eroso sentitzen da. “Tailerreko enkargatuak urte asko daramatza eta grabatu kontua bere esku dago: hornitzaileak, bezeroak, erosketak, salmentak, langileen antolaketa…”. Gainera, enpresan inork ez du gutxietsi emakumezkoa izateagatik. Enpresatik kanpo, ordea, arazoren bat edo beste izan du. “Bezero batek bere lagun batzuen sexu gorabeherei buruzko komentario bat egin zidan eta harritu egin ninduen. Izan ere, nik halako gaiak nire gertukoekin bakarrik jorratzen ditut. Ez nion kasurik egin eta hurrengo batean arrazoi handirik gabe sekulako istilua sortu zuen”.

 

Beste batek, berriz, aitari bera erretiratzen zenean ardura nork hartuko zuen galdetu zion. “Nik hartuko nuela jakin zuenean ez zegoela konforme erantzun zion, nik jenio bizia dudala. Nire ustez, bere asmoa aitari enpresaren zati bat erostea zen eta ez nengoen horretarako prest noski”.

 

Gizonezko batzuek berarekin zuzen jokatu ez badute ere, beste batzuk primeran portatu dira. “Neska koskorra nintzela, gizon heldu batek irakatsi zidan lanbidea. Oso zuzen jokatu zuen nirekin eta gustura asko lan egingo nuke berriro berarekin. Oso atsegina zen eta sekula ez zidan lekuz kanpo zegoen ezer esan”.

 

Bera ere atsegina izaten saiatzen da. “Ez dut uste nagusi gogorra naizenik. Nire helburua gauzak ahalik eta hobekien egitea da, baina hau katea da: behean ondo lan egin behar bada goikoa ondo joan dadin, eta alderantziz. Langileekin adeitsua naizela uste dut. Arazo bakar bat gogoratzen dut: langile bati bere aitaren osabaren hiletara joaten utzi nion, baina egun hori ordaintzea nahi zuen eta ez zegokion”.

 

Lankideen artean bat oso berezia da beretzat: senarra du. Biek enpresa berean lan egiteak alde onak eta txarrak ditu, baina ondo moldatzen direla dio. “Nire ordutegia ez da finkoa. Urte askotan 8.30etik 12.30era eta 14.00etatik 17.30era lan egin dut, baina egun ezinezkoa zait. Goizean beranduago etortzen naiz, seme-alabekin egon beharra baitut. Nire aitak ez zuen halako arazorik: alde batetik nik egiten ditudan lanetako batzuk ez zituen egiten eta bestetik etxeko lanak amak egiten zituen”.

 

Emakumezkoek lan munduan arazo gehiago dituztela uste du. “Atzo bertan tailerreko batzuei noiz sartzen naizen eta noiz irteten naizen ondo dakitela, baina beste gauza batzuez ez direla jabetzen esan nien. Emakumezkook gizonezkoek egiten dituzten lan berberak egin ditzakegu, baina ordutegiekin arazo gehiago ditugu. Gurera etorri zen lehen emakumeak ezin zuen eginbeharrekin bete. Gure enkargatuak eguna tailerrean ematen du eta nik ezin dut halakorik egin: etxeko arazoak konpondu behar ditut, ikastetxeko bileretara joan…”, dio.

 

Begoña Collado: “Lan-munduan aurrera egiten ari garen urteetan izaten ditugu haurrak eta bi aukera besterik ez ditugu: ama izateari edo lanbideari uko egitea edo sekulako ahalegina egitea”

 

Begoña Collado donostiarra da, baina Zumarragan lan egiten du: Argixao industrialdeko Garoa jaki izoztuen enpresan. Ikasketaz abokatu ekonomista da. Bere lan ibilbidea Iparlaten hasi zuen, gero Madrilera joan zen eta 2002tik hona Garoan lan egiten du.

 

Zumarragara heldu zenean enpresak arazoak zituen. “Egoera kritikoa bizi zuen eta zuzendaritza aldatu nahi zen. Hautaketa prozesura aurkeztu nintzen eta hala hasi nintzen”. Ordura arte gidaritza lanetan aritu gabea zen. “Salmenta eta esportazio arloetan aritua nintzen, baina hemengoa da kudeaketa alorreko lehen esperientzia”, azaldu du.

 

Bere lehen zeregina, enpresaren arazoak konpontzea izan zen. “Bi bezero mota: alde batetik jatetxeak, ikastetxeak, geriatrikoak eta halakoak daude eta bestetik hipermerkatuak. Ni heldu nintzenean batez ere bigarrenekin lan egiten genuen eta hori arriskutsua da. Dibertsifikatzearen alde jo nuen eta esperientzia oso aberasgarria izan da. Egia esan, lanak ordu asko kentzen dizkit. Enpresa txikia denez, alor asko jorratu behar ditut eta asko ikasten ari naiz”.

 

Bere enpresan ez du inongo diskriminaziorik sentitu, baina hortik kanpo bai. “Langileen eta bazkideen aldetik ez dut inongo gutxiespenik sentitu. Enpresatik kanpo bai, ordea. Azoketan, adibidez. Duela gutxira arte gure sektorea, gainontzeko guztiak bezala, matxista samarra izan da. Arrantzaleen eta armadoreen artean, ferietan… emakumezkoren bat topatzea oso arraroa zen. Hornitzaileekin izan ditut arazo gehien. Bazekiten kudeatzailea ni nintzela eta, hala, negoziaketen ardura nirea zela. Hala ere, komertzialari zuzentzen zitzaizkion. Senarrarekin egotea suertatu zaidanean berbera gertatu zait. Dena den, matxismoa gehienbat adineko zuzendarien artean ematen dela uste dut”.

 

Collado ez da kokildu. “Hori guztia ez da zailtasuna izan niretzat. Komeni bada aginte-makila nork duen argi uzten dut eta bestela ez. Ez dut uste euren asmoa min egitea edo ni gutxiestea zenik, ohitura kontua baizik. Nire ustez hori aldatzen ari da. Ferietan gero eta emakume gehiago ikusten da. Dena den, kudeatzailerik ez dut topatu. Nik zorte handia izan dut, baina emakumeok gizonezkook baino zailago dugula uste dut”.

 

Amatasunak ere eragina duela dio. “Lan-munduan aurrera egiten ari garen urteetan izaten ditugu haurrak eta bi aukera besterik ez ditugu izaten: ama izateari edo lanbideari uko egitea edo sekulako ahalegina egitea. Gizonezkoek, orokorrean, ez dute halako hautaketarik edo esfortzurik egiten. Haurren ikasketa kontuak, gaixotasunak, arropak… ez dituzte horren aintzat hartzen”, salatu du.

 

Berak senarraren laguntza izan du. “Etxekoak asko poztu ziren lanpostu hau lortu nuenean eta nire senarra nire atzetik etorri zen. Ordura arte biok Madrilen lan egiten genuen, baina nire lanpostu berriari lehentasuna ematea erabaki genuen. Babes handia sentitu dut”.

 

Enpresan ere lankideen laguntza izan du. “Ez dut uste nire autoritatea sekula zalantzan jarri denik. Heldu nintzenean aldaketa gogoa zegoen, ondo hartu ninduten eta nire erabakiak arazorik gabe onartu dituzte. Gogorrena enplegu-erregulazioko espedienteen kontua izan da. Jendea kaleratu beharra, sindikatuekin eztabaidatu beharra… gogorra izan da. Azkar ikastea tokatu zait”.

 

Mari Carmen Ruiz: “Unibertsitatean gehiengoa gara, baina pisuzko karguetan emakume gutxi daude”

 

Mari Carmen Ruizek Lanbide Heziketa ikasi zuen: Kontulari Tekniko espezialitatea, hain zuzen ere. Familia enpresa batean lan horretan urte batzuk eman ondoren, negozioaren ardura hartu behar izan zuen. 24 urte besterik ez zituen kudeatzaile lanean hasi zenean. Inprenta bat zen eta zuzendaritza eta jabetza bere aitaren eta honen bazkide batzuen esku zegoen.

 

Bere ekimenez, merkatuak eskatzen duen mailan lan egiteko helburuarekin, baina familia enpresa espiritua mantenduz, Goi-Design enpresa abian jarri zuen. Instalazioak Argixao industrialdean dituzte. Bertan mota askotako inprimatze lanak egiten dituzte, batez ere inguruko kooperatibentzat.

 

Ruiz Aldea familian bost anaia-arreba dira eta horietatik lauk arte grafikoen munduan lan egiten dute. Enpresan hamar langile dira guztira. “Gure aitak bere ilusioa seme-alaba guztiei igorri zien. Hori dela eta, guztiok alor honetan lan egitea erabaki genuen. 80ko hamarkadako krisia heldu zenean, gure egitasmoa abian jartzea erabaki genuen. Esperientzia falta ez genuen behintzat”.

 

Gaztea zen arren, inprenta zaharrean lortutako esperientzia eta bere izaera zirela eta, Mari Carmen kudeatzaile izendatu zuten. Lehen pausoak gogorrak izan ziren, krisi garaia baitzen. “Halakoetan erabaki oso garrantzitsuak hartu behar izaten dira eta oso gaztetan egin behar izan nuen. Eskari falta zela eta, enplegua erregulatzeko espedientea eskatu behar izan nuen. Oso gogorra izan zen, bai pertsonalki eta baita profesionalki ere. Guztiok egunez egun egindako esfortzuari esker, bezero-zorro egonkorra lortu dugu eta bezero kopuruak etengabe gora egiten du. Egungo egoera mantentzen bada, lana ziurtatua dugu”.

 

Euren aitaren inprenta izandakoa uzteko erabakia aho-batez hartu zuten. Anaia-arreba guztiek erabaki zuten egitasmo berria familian abian jartzea. “Inprenta hura zaharkitua zegoen. Zenbait bazkide zituenez, tartean gure aita, erabakiak hartzea ez zegoen gure esku. Gainera, ez zuten makinak eta instalazioak berritzeko asmorik. Horrek salto egitera bultzatu gintuen. Lehen pausoak zailak izan ziren eta beldur apur bat genuen, noski. Guztiok egitasmo berri eta handi batean murgildu ginela kontuan izan behar da”.

 

Anaia-arreben profesionaltasunak aurrera egiten lagundu die. Azken urteotan enpresa horrenbeste hazi da, non pabilioi berri batera joan behar izan diren. Mari Carmenek krisi garaia zein oparotasun garaia ezagutu ditu. “Aurreko enpresan ardura egun batetik bestera hartu nuen. Langileek berehala ikusi zuten informazio guztia eskaintzen niela eta arazoak konpontzen ari zirela”.

 

Urte haietan lortutako esperientzia oso baliagarria izan zaio Goi-Desig enpresako lanari aurre egiteko orduan. “Bolada txarretan ikasten da gehien. Egoera ona bizi denean, lehentasuna atzean ez gelditzea eta bezeroak mantentzea da. Garai gogorretan irtenbideak bilatu behar dira. Hori oso zaila da eta norberak duen onena atera behar du. Halakoetan, gogorrena norberaren atzean jende asko dagoela jakitea da. Ardura oso handia da, baina egitasmo bat aurrera ateratzea oso pozgarria da”.

 

Sekula ez du arazorik izan emakumea izateagatik. “Ez dut diskriminaziorik sentitu eta horrek nire lana erraztu du. Inguruko kooperatibekin lan egiten dugu batez ere eta enpresa hauetan emakumezko asko daude. Metalaren alorrean, berriz, gizonezkoak nagusi dira”, aipatu du Zumarragako enpresako kudeatzaileak.

 

Goi-Design enpresan emakumezko batek ematen ditu aginduak, baina horrek ez du inongo arazorik suposatzen. “Eguneroko lanean tentsioa izaten da beti, baina sekula ez dut kexarik jaso. Gurea enpresa txikia da, aspalditik ezagutzen dugu elkar eta erabakiak arrazoituak izaten dira. Batzuekin besteekin baino hobeto moldatzen gara, baina hori ez da sexuaren araberakoa; norberaren izaeraren araberakoa baizik”, arrazoitu du.

 

Mari Carmenen ustez, lan egiteko modua ere ez da sexuaren araberakoa. “Garrantzitsuena langilearen prestakuntza, formazioa eta profesionaltasuna da. Ezin da inor epaitu gizonezkoa edo emakumezkoa izateagatik, burutzen duen lanagatik baizik: batzuek dena ematen dute eta beste batzuk ahalik eta gutxien egiten saiatzen dira”.

 

Dena den, argi du mundu guztia ez dela bere iritzi berekoa eta oraindik ere diskriminazio sexuala existitzen dela. “Enpresa handietan emakumeek aurrera egiteko arazoak dituzte. Zuzendaritza kontseiluetan zenbat emakume dauden begiratzea besterik ez dago. Jendaurrean jendea politikoki zuzena da, baina matxismoa hor dago. Unibertsitatean gehiengoa gara, baina pisuzko karguetan emakume gutxi daude”, arrazoitu du.

 

Mari Carmen Ruizen ustez, amatasuna diskriminazio iturri nagusietako bat da. “Familia gehienetan emakumea arduratzen da seme-alabez eta etxeko lanez. Hori dela eta, enpresa gehienetako arduradunek nahiago dute gizonezkoak kontratatu. Kudeatzaile naizen heinean, argi dut emakume bat kontratatzeak zer arrisku dituen; baina erabakia hartzeko orduan hautagaiaren prestakuntza eta lanerako gogoa dira garrantzitsuenak”, amaitu du.


Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.