Ostadar Mendi Taldeko lagunek XXI. Mendi Asteko egitaraua ia erabat zehaztuta dute jada. Xabier Ormazabalren zorigaitzak jotako aurtengo ekitaldia azaroaren 21ean hasi eta 28an bukatuko da.
Hasteko, azaroaren 21ean, herriko neska-mutikoek "Anjel Etxeberria Memoriala" XVII Haur ibilaldian parte hartzeko aukera izango dute. 22tik 26ra bitartean, 20:00etan, diapositiba emanaldiak izango dira. Emanaldi guztiak zehaztuta daude, astelehenean Urretxuko Kultur Etxean izango dena ezik.
Asteartean Juan Mari Gabilondok "Euskal Herriko mendiak" emanaldia eskainiko du Kultur Etxean, asteazkenean Juanito Oiarzabalek "La barrera de los 20 ochomiles" eskainiko du Zelai-Ariztin, ostegunean Pou anaiek "Urtebete zuri-beltzean" Zelai-Ariztin eta ostiralean Ostadarren I. Mendiko diapositiben lehiaketara aurkeztutako lanak eskainiko dira Zelai-Ariztin. Ondoren, sari banaketa egingo da.
Larunbatean, 19:00etan, Bazkideen Batzar Nagusia izango da Ostadarren egoitzan. Bukatzeko, igandean herriko mendizaleak Bizkaira joango dira Urregarai eta Bedartzandi mendiak igotzera. Ondoren, denboraldi amaierako bazkaria izango dute.









