Inprimatu E-posta

Urruzuno lehiaketako sarietako bat Urretxura

Amaia Iturriotz urretxuarrak, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Urruzuno literatura lehiaketako sarietako bat irabazi du poesia sailean.

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak antolatutako Urruzuno literatura lehiaketako sariak banatu ziren atzo Gasteizen. Irabazle guztien artean Amaia Iturriotz urretxuarrak Poesia B sailean (3. eta 4. DBH) lehendabiziko saria eskuratu du. Sari modura, Amaiaren lana, gainontzeko irabazleekin batera, Sagastiberri bilduman argitaratu da. Gainera irabazle bakoitzak oroigarri bat jaso zuen, eta irailaren 6tik 15era Errumaniara bidaia eta bertako gastuetarako 300 euro.

 

Zorionak Amaia!

 

Gaiaren inguruko albiste gehiago otamotz.com-en:  

 

  Amaiaren lana irakurri hemen: 

 

Pantailak itzali du


1) Joan zenean ekia

zu hurbildu zinen atzo

animoa ezin jaso

goibel jarriz aurpegia

azalduz gure egia

utzi zenidan bihotza

kanpoan zegoen hotza

bezain izoztuta ia

begirada jasoz gora

malkoak jausiz segidan

dena egotzi zenidan

ez omen goaz inora

ez omen zaude gustora

ta ni mindu egin nintzen

ez omen dizut eskaintzen

zuk nahi adina denbora.

 

 

2) Ordenagailuarekin

beti omen nagoenez

nazkatu zara aidanez

hala diozu behinepin

baina nahi bazenu jakin

orotan zauzkat presente

pentsatzen baitut dezente

zugan, zugatik, zurekin

eztabaidaren baten truk

itzaltzean gure sua

ordenagailu dontsua

bihurtu den gisan arrunt

berehala piztu ohi dut

baina nik normala denez

ordenagailu hori ez,

zu irazeki nahi zaitut.



3) Behin piztuta nire xerka

zatoz zu birus moduko

pantailari so orduko

zu topatzen zaitut eta;

zure argazkiz beteta

baitut eskritorioa

denen erremedioa

dut zuganako arreta

gero worden hasten naiz fin

gure artean nolanahi

"intro" ez dut sakatu nahi

transkribatzen bezain arin.

Hala egiten dizut zin

maitatuko zaitut ozen

inoiz izan ez gaitezen

bi paragrafo desberdin.




4) Bere kable eta guzi

sagua higitu ohi dut

ez zenuke jasango zuk

bere askatasun gutxi

baitidazu erakutsi

independentzi beharra

hargatik ez naiz senarra

ez eta zure nagusi

ta niretzat denez luxu

har zazu nire magala

nik pantailari bezala

arren emadazu musu

nahiz egiten duzun usu

egin gaur ere mesede

ta e-mailez bada ere

beste bat jasoko duzu.




5) Bai, arrazoi duzu, hala

ematen dut nik eguna

ordenagailu laguna

pare-parean dudala

nik zure lana bezala

onar zazu zuk nirea

biok dakigu, ordea,

denboran duen itzala

klik nire lanen karpetan

klik leihatila bat itxi

klik antibirusa jaitsi

klik google orrian bertan

klik-ak klik-ekin hizketan

baina sagutik harago

zu klikatzea nahiago

gau birtual horietan.




6) Beti pentsatzea zugan

ez bada asti eskaintza

alfer-alferrik zabiltza

gehiagoren zain tristuran

lanbidea baitut mugan

ta zuk badakizu hori,

ez, ordea, horren ongi

zenbat maitatzen zaitudan

dena botaz pikutara

eten nahi duzu kablea

ez naizen arren zalea

agian hobe da laga

usu ibiltzen baikara

itzaliz ta piztuz errez

elektrizitatea ez,

konexioa falta da.

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
 

 aza   Abendua 2008   urt

AlArAzOgOrLrIg
  1  2  3  4  5  6  7
  8  91011121314
15161718192021
22232425262728
293031 
Blog Behavioral Synthesis