Bizitzako azken urteetan egin zuen itsasora Miguel Lopez Legazpik, eta nabigazio balentriek baino gehiago, Espainiarentzat Filipinak konkistatzeak egin zuen ezagun.
Filipinak konkistatu zituen zumarragarra
Entziklopedia edo hiztegietara jo eta Miguel Lopez Legazpiri buruzko informazioari erreparatuz gero, konkistatzaile, kolonizatzaile, administratzaile edo fundatzaile hitzak azaltzen dira 1500. urte inguruan jaio zen zumarragar honen biografiaren lehenengo lerroetan. Nabigatzaile edo itsasgizon ere agertzen da guztietan, baina bigarren mailan. Izan ere, Legazpik itsas bidaia luzeak eta arriskutsuak egin zituen; mendeetan sona eta entzutea izan duen espedizio baten buru izan zen; artean europarrik ibili gabeko itsaso galdu, uharte urrun eta herri zaharrekin tratua izan zuen; hortaz, bere bizitzako azken urteetan, Legazpi itsasgizona izan zen. Nolanahi ere, nabigatzaile, marinel, kartografo edo lemazain lanetan ez zen aritu, eta batez ere, buruzagi militar, antolatzaile, agindu emaile eta Espainiako erregearen zerbitzari esanekoa izan zen. Elkano eta Urdanetarekin batera, orduko eta ondorengo mendeetako itsas nabigazioan, merkataritzan eta inperioen interesetan eragin zuzena izan zuen hirugarren euskalduna.
Miguel Lopez Legazpi Gurrutxategi 1500. eta 1505. urte bitartean jaio zen Zumarragako Jauregi etxean (Gipuzkoa), kapare edo aitoren leinu titulua zuen noblezia gipuzkoarreko sendi batean. Elvira Gurrutxategiren semea, haren aitak Italian eta Nafarroan borroka egin zuen Gaztelako erregearen alde. Zuzenbide ikasketak egin eta Zumarragako Udaleko zinegotzi izan zen 1526an. Areriako alkatearen eskribau izendatu zuten hurrengo urtean. Artean, Gipuzkoako hiru alkatetza nagusietako bat zen Areria, eta besteak beste, Lazkao, Olaberria, Itsaso, Arriaran, Zumarraga eta Gabiri biltzen zituen.
Legazpik urtebete baino ez zuen egin kargu horretan, 1528an Espainia Berrirako (gaur egungo Mexiko) bidea hartu baitzuen. Han, Isabel Garcesekin ezkondu zen eta bederatzi seme-alaba hazi zituzten. Mexikon egin zituen 36 urteetan ondasun itzelak bildu zituen, eta kargu ugari bete: 1528 eta 1551 bitartean, Monetaren Etxeko arduradun izan zen; 1551n, Espainia Berriko eskribau nagusi, eta 1559an, Mexiko hiriko alkate nagusi bilakatu zen. Legazpiren etxea Mexiko hiriko nagusietakoa zen, eta hara usu joaten ziren Europatik Amerikara lurralde berrian aberastasun bila joandako lagun europarrak.
Itsasoratze berantiarra
Lopez Legazpik bizimodu lasaia eraman zuen Mexikon, eta alargundu arte ez zuen itsasoratzeko ez deirik ez gogorik izan. 1559an hasi ziren ernaltzen Legazpi pertsonaia historiko bihurtzeko baldintzak. Ia 40 urte lehenago, Magallanesek eta Elkanok munduari itzulia eman zioten espedizioan (1519-1522) Filipinak uharteekin topo egin zuten. Tordesillasko Itunaren arabera, Filipinak portugaldarren eskuetan zeuden, eta Espainiako errege Filipe II.ak, eginahala guztietan, bere menpean nahi zituen Filipinak, Asiarekin merkataritza harremanak sendotzeko asmoetan Espainiarentzat estrategikoak baitziren.
Hala, 1559an, Mexiko eta Moluka uharteen arteko bidea arakatu eta Filipinetatik Amerikara itzulerako bidea aurkitzeko, Filipe II.ak espedizio bat agindu zuen. Horretarako, gutun bana bidali zien Espainia Berriko erregeorde Luis Velascori eta ordurako Mexikon bizi zen Andres Urdaneta ordiziarrari. Urdanetari ez zion grazia handirik egin proposamenak, eta Velascok jakinarazi behar izan zion erregeak berak baimena ematen ziola nahi zuen pertsona izendatzeko espedizioaren buruzagi militar gorena. Urdanetak ez zuen zalantzarik izan, eta bere senide Legazpirengana joan zen bidaiaren agintari izan zedila proposatuz. Erregeari zuzendutako gutunean hala definitzen zuen Urdanetak Legazpi: «...alargundua, 50 urte baino gehiago ditu, 'aitoren seme' ezaguna, leiala, abila, ohitura eta portaera onen zaintzailea, oso juizio onekoa eta naturala, burutsua, lasaia eta berorren zerbitzurako agindu zaizkion auziei beti oso egoki erantzun diena. Jainkoarren espero dut, onartua izan dadila bidaiaren buruzagi izateko...».
Asko kosta zitzaion Legazpiri proposamena onartzea, bere adinagatik, eta itsasoko bizimoduaren gogortasunagatik. Onartu egin zuen, ordea. Baiezkoa eman zuen une beretik, gainera, dirua aurreratzen hasi zen armak, jakiak, munizioak eta tamaina horretako espedizioa antolatzeko hornigai guztiak erosteko. Etxea ere saldu zuen, betiere erregeak gastu guztiak ordainduko zizkiola agindu eta gero. Sekula ez zituen kobratu bidaiaren antolaketan egindako zorrak, eta Legazpi hil ondoren ere, haren ahaideek dirua eskatu zioten erregeari.
1564an Legazpi espedizio itzel haren buru egin zuten, Urdanetak eskatuta, eta erregea «konkistatzen zituen lurralde guztietako almirante, jeneral eta gobernadore» izendatu zuen. Urte hartako azaroaren 21ean atera zen Jaliscoko Navidad portutik bost ontzi eta 350 gizon baino gehiago zituen espedizioa, bi egun lehenago banderak eta zutoihalak bedeinkatu ondoren. 500 tonako pisua zuen San Pedro izenekoa zen espedizioko ontzi nagusia, eta bertan Legazpi eta Urdaneta zihoazen. 400 tonako San Pablo ontzia zen beste itsasontzi garrantzitsua. Biak portugal erako nao-ak ziren. Galeoi batek eta bi patatxek osatzen zuten bost ontziko flota.
Zumarragar eta ordiziarraz gain, bidaia hartan euskaldun ugarik parte hartu zuen, eta haietako gehienek kargu garrantzitsuak zituzten eskifaiaren antolaketan. Han ziren, besteak beste, Martin Ibarra maisua, Andres Mirandaola, Felipe Salzedo, Martin Goiti kapitaina, Andres Ibarra alfereza, Andres Agirre eta Martin Rada abadeak, Labezarri, Juan Lazkano idazkaria, Francisco Astigarribia kontramaisua, Amador Arriaga pilotua, Juan Agirre, Pedro Arana eta Alberto Orozko eta abar.
Filipinetako konkista
Lurrik ikusi gabe Ozeano Pazifikoan 93 egun eman eta gero, espedizioa Mariana uharteetara iritsi zen, Lapurren uharte gisa ezaguna. Legazpik orduan zazpi urte iraun zuen konkistan ohikoa bihurtu zen agindua eman zion eskifaiari. «Armadako inor ez dadila lurreratu nire baimenik gabe, eta lurreratzen denak indarrik ez dezala erabili; ez sortu ustekaberik eta ezer ez harrapatu. Ezin da abelbururik eta sororik ukitu, ez eta zuhaitzetatik ezer hartu edo moztu. Ezingo da bertakoei jatekorik eman eta haiekin inolako traturik egin, hori egiteko lizentzia ofizialek bakarrik izango dutelarik...».
Marianak utzi eta hamar eguneko itsasaldiaren ondoren, Sartaldeko uharteetara iritsi ziren, Filipinetara. Hain zuzen ere, Samar izeneko portuan lehorreratu ziren. Handik Leite, Carvayan eta bestelako herrixka txikietan pixkanaka ezarpenak altxatuz, uhartedi guztian hedatu ziren Legazpiren gizonak. Mindanao eta Sulu uharteak, baina, ezin izan zituzten bere egin. Historialari espainiarren arabera, janari eskasia izan zen horrenbeste lekutan geratzearen arrazoietako bat eta nahiko modu azkarrean hedatu ziren uhartedian barrena. Hango herri asko, gainera, beraien arteko borroketan murgildurik zebiltzan, eta Legazpik egoera hori baliatzen jakin zuen espedizioaren interesen onuran. Mesedeak, opariak, dohainak eta abantailak eskainiz zumarragarrak sarritan irabazi zuen indigenen faborea. Esaterako, Bohol uharteko Sikatuna nagusiarekin odolezko ituna sinatu zuen.
Dena ez zen samurra izan, ordea, konkistatzaileentzat. Aurreko urteetan portugaldarrek eta txinatarrek buruturiko gehiegikeriak zirela eta, hainbat lekutan oso gogo txarrez hartuak izan ziren espainiarren ontziak, eta ezpata zorrotik askotan atera zuten. Adibidez, Cebun. 1565eko negua han igarotzea pentsatu zuen Legazpik, eta hango biztanleek ondasun eta janariengatik dirua ez onartzea erabakitzen bazuten, gerra egitea zilegitzat jo zuten konkistatzaileek. Cebu uhartean izan zituzten arazorik handienak, batez ere, Rajah Tupas buruzagiak 2.500 gizon bidali zituenean espainiarren aurka borrokatzera. Betiere historialari espainiarren arabera, ezarpen militar sendoa altxatu behar izan zuen espedizioak, eta hainbat borrokaren ostean, bakea hitzartu zuten Legazpik eta Tupasek. Egoera lasai hartan, Legazpi Cebun geratu zen espainiarren agintea mantentzeko. Urdanetak, Amerikarako itzulerako bideari ekin zion.
Behin Cebu kontrolpean hartuta, Espainiako armadak 2.100 soldadu bidali zituen hara, aldi berean, itsasbidea egonkortuz. Han, eraikin militar sendoa eraiki zuten, eta handik konkistatzeko geratzen zen Filipinetako lurralde zatia menperatzeari ekin zioten. Legazpi Cebuko administratzaile moduan geratu zen, eta ondoko herrialdeekin komertzioa indartzen saiatu zen, batez ere, Txinarekin; hori bai, sekula Filipinen konkista osoari begirik kendu gabe. Hitza eta armak tartekatuz pixkanaka hartu zituzten Panay, Masbate, Mindoro eta Luzon, non tagaloen erresistentzia gogorrarekin topatu ziren.
Mayniladen aberastasuna
Maynilad (gaur egungo Manila) izeneko portuaren aberastasunak Legazpiren arreta piztu zuen 1568an, eta hura konkistatzera bidali zituen hirurehun gizon, Martin Goiti eta Juan Salzedo ilobaren agindupean. Maynilad gune musulmandarra zen, Luzon iparraldean zegoena eta komertziora emana zegoena. Pirata txinatarrekin hainbat bataila izan ondoren heldu ziren Mayniladera Goiti eta Salzedo, eta portuaren handitasunarekin harrituta geratu ziren. Hango biztanleekin bi borroka handi egin zituzten, eta militarki garaitu ondoren, espainiarrek Mayniladen kontrola hartu zuten. 1571ean entregatu zion Rajah Mtandak hiria Legazpiri.
Maynilad Filipinetako artxipelagoko eta Espainiako erreinuaren ekialde urruneko domeinuen hiriburu izendatu eta gero, hantxe geratu zen Miguel Lopez Legazpi. Urtebetera hil zen apoplexia eraso batek jota, oso egoera ekonomiko eskasean.
Filipinetako galeoiak
250 urteetan askotariko espezieak eta bitxiak garraiatu ziren Pazifikoko uharteetatik Amerikara. Espainiarrek Filipinak konkistatu eta ondorengo 250 urteetan, Ozeano Pazifikoa espeziez, harribitxiz eta mota guztietako ondasunez beteta zeharkatu zuten itsasontziei deitzen zaie galeoi. Andres Urdanetak zabaldu zuen itsasbidetik egiten zuten etorrerakoa galeoiek, eta bi mila tonako zama ere garraiatu izan zuten. Ontziek hiru eta zazpi hilabete bitarteko denbora behar izaten zuten Manila eta Acapulco arteko bidea egiteko, eta barruan Ekialde Urruneko eta Asia hego-ekialdeko produktuak pilatzen ziren: oihalak, marfila, portzelana, errubiak, zeramika, espezieak, produktu aromatikoak,zilarra eta abar.
Acapulcora heltzean azoka ospetsua egiten zen, eta bertan Espainia Berriko eta Peruko erregeordetzako merkatari gehienak biltzen ziren. Hainbat astetan ikaragarrizko jarduera ekonomikoa izaten zen, dirutza handiak eskualdatzen ziren, eta merkantzia asko erosten ziren. Haietako gehienak mendian barrena eta astoz Mexiko hirira garraiatzen ziren, eta handik, Veracruzko portura bidali ondoren, Europara bidean jartzen ziren.
Informazio gehiago:
- Berriako erreportajea
- Gaur 436 urte hil zen Miguel Lopez de Legazpi
- Mendeurren bakarra, bi teoria (091. alea)
- Lopez Legazpiren abenturak eta desbenturak (093. alea)
- Wikipedian
- Harluxet hiztegi entziklopedikoan (Legazpi izena jarrita bilatzailean)
- Zumarragako Udaleko webgunetik











