|
Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako bertsozaleek itxura polita eman diote Altsasuko Burunda pilotalekuari. Saioa goizeko 11etan puntuan hasi da, gai orokor baten inguruan kantatu beharreko agurrarekin.
Maialenek 10eko handi dotorea bota du, disfrutatzera etorri dela azpimarratuz. Jarraian, 4 oinak emanda bertsoa bota dute 8ko txikian, eta ariketa honetan ere ale politak entzuteko aukera izan dute bertsozaleek. Agurra eta lau oinekin bertsoa bota ostean, 8ko txikian ofiziotan egitea tokatu zaie bertsolariei. Maialeni Bingen Sainz arabarrarekin kantatzea egokitu zaio, gai honen inguruan: “bi ama zarete, bizilagunak. Maialenek tronpeta bat oparitu zion bere semeari, eta aste pare bat pasata, Bingen kexatzera etorri zaio tronpetaren zaratagatik”. Ariketa honetan, Maialenen bizitasuna agerian geratu da; honatx, lehenengo bertsoan kantatu duena: “Nola oso txintxoa / daukagun guk Kepa // nahi zuen ta erosi / nion nik tronpeta // gaurkon etorri zera / belztuta kopeta // jolasten utziozu / umea da eta”. Bingenek euren arteko adiskidetasuna amaitu zela bota dio eta honela erantzun dio Maialenek, ausart: “Lagunak gera oraindik / eta dago klaro // tronpeta ez duzu atsegin / da oso arraro // zurea egun guztin / negar baten dago // tronpetaren soinua / det askoz nahiago”. Ikaragarria. Bingenek amesgaiztoa amai zedin eskatu du, bertsoaldia borobilduz. Lehenengo atala amaitu ostean, sei bertsolarik egin dute aurrera, Maialen Akizu tartean dela: Maddiane Txoperena, Amaia Elizagoien, Eñaut Saldumbide, Mikel Cherbero, Johaiñe Sarraillet eta Maialen Akizu bera. Lehendabizi, hitza gaitzat harturik bertsoa osatu behar izan dute. Hondartza izan da Maialeni egokitu zaion hitza eta bertso eder hau bota du: “Nahiz eta uda non pasatuko / eduki nuen zalantza // negua hotza izan degu ta / udak du beroan antza // musika eskola, gitar klasea / futbola edota dantza // estresangandik ihes eiteko / onena degu hondartza”. Jarraian, ofiziotan egin behar izan dute ostera, 8ko nagusian. Maialenek Irulegiko Mikel Cherberorekin kantatu du, ondorengo gaiaren inguruan: “Mikel, arrantzan ari zara eta zerbaitek heldu dizulakoan tiraka hasi zara. Zer aterako uretatik eta Maialen, igerian dabilena”. Bertsoaldi ederra osatu dute biek, eta Maialenek ateraldi politak izan ditu, arrantzalea baino indartsuagoa zela esanez lehenengo bertsoan eta berak ere arrantzatzen badakiela esanaz bigarrenean, urpean arrantzatzen, baina. Epaimahaiaren erabakiz, Maialen Akizu izan da hamalau bertsolarien artean onena, eta Hendaiako Maddiane Txoperena bigarren. Agurrean, senide eta lagunei eskerrak eman dizkie, halako lagunekin edozer posible dela nabarmenduz. Astelehen gauean izango dugu Euskal Herriko txapeldun berria herrian kantuan entzuteko aukera, bertso eskolako lagunekin San Joan suaren inguruan egingo duten saiotxoan. Zorionak, Maialen!
|