Iñaki Zabala Urretxuko alkateak, Goierri Garaiko herriak Goierri ote diren galderaren gaineko hausnarketa egin zuen Otamotz aldizkariko 135. alean. Hausnarketa horri erantzuna eman nahi izan dio Jon Mikel Intsaustik, Zintzo Mintzo euskara elkarteko kideak.
Historia aldetik: Goierri Garaiak aspaldidaniko joera izan du Behe-Goierrirekiko. Harreman nagusiak Oria ibai-arroko herriekin izan ditu historikoki. Zumarraga, Ezkio eta Itsasoren Areriako Alkatetza Nagusian parte hartzea, Lazkao Infantaduko Dukearekiko eta Segura herriarekiko menpekotasuna, izan diren harreman komertzialak (Zerain eta Mutiloako meategien ustiapena, Altzaniako Partzuergoa, Ordiziako Feria, Anduagan izandako Santa Lutziko Feria), komunikazio-bideak, aspaldikoak (XVI. eta XVII. Mendeetan Madril eta Irun arteko Erret-Bidea, Santiago Bidea, Transhumantzia Bideak) eta modernoagoak (Norteko Ferrokarrila) direla medio, gure harremanak historikoki Goierri behealdeko biztanleekin "naturalagoak" izan dira Deskarga bestaldeko edo Azkoitia/Azpeitiko biztanleekin baino.
Euskara aldetik: Harreman hauen adierazle XXI. mendera iritsi zaizkigun euskalkiak dira, Legazpi eta Ezkio-Itsasokoak Goierriko hizkera dira (Legazpiko euskara Zegamako barietatearen azpieuskalkia da), eta Urretxu-Zumarragakoa trantsizioko euskalkia, euskalki bariante desberdinak direla bi herrion mutur batetik bestera.
Terminoen erabilera okerra. Azken urteotan "eskualde" terminoa gaizki erabilitakoa da eta esanahi zabalegia eman izan zaio (Urola Telebistako artxibategira baino ez da jo behar herriotako aurreko alkateek mankomunitatea, bailara zein eskualdea terminoak nola erabili dituzten). Bailara (bakarrik gipuzkeraz erabiltzen den terminoa, gaztelaniazko "valle" adiera sozialagoarekin -ikus Euskaltzaindiaren hiztegi batua, bailarak ez du haran esan nahi-), harana, mankomunitatea, eskualdea... nahastu egin dira. Ikastetxetan ere gaizki irakatsi da "Gipuzkoa haran naturaletan banatutako eskualdetan egituratzen dela " esanez, laurak termino independente direla kontutan izan gabe. Gipuzkoan badira eskualde desberdinak ibai-arro berean, baita bi ibai-arrotan banatutako eskualdeak edo/eta herriak, adibide hurbiletan Zumarraga, Ezkio edo Itsaso, Beasain eta Goierri eskualdea ditugu.
Noiz gertatu banaketa: inoiz gertatu ez den banaketa da hau (lau herriok Goierri eskualdearen barruan izan baikara aspaldidanik, eta nik dakidanez egoera ez da aldatu). Diputazioko agiriak irakurri besterik ez dira egin behar hau frogatzeko. Horren ondorioz EUSTATeko estatistiken barruan agertzen gara, horren ondorioz, Goierriko Hitza lau herriotan banatzen da... nabarmentzekoa da bestalde Hitzaren sorrerarekin batera piztu dela berriz Goierri vs Urola auzi hau, eta paradoxikoa suertatzen da, kanpotik etorritako Hitza ekimen honi esker, jakin da lau herriotako biztanle askok Goierrin bizi garela, baita beheko batzuk ere gu beraiek bezain goierritarrak garela...
Dena dela, goazen puntu honen harira: Mankomunitatearen sorkuntza (eta mankomunitate-eskualde nahastea), politikoak baino, arrazoi ekonomikoetan ikusten dut. Europar Batasunetik diru-laguntzak etorriko zirelakoan eta, bestalde eskualdean bizefalia ekonomikoa izatean (Lazkao-Beasain-Ordizia alde batetik, eta Urretxu-Zumarraga-Legazpi bestetik) oinarritzen dut "banaketa"-ren sorburua. Lehendabizi Goieki, Goierri Beheko Sustapen Agentzia sortu zuten (eta muga berriak ipini). Beranduago, UGGASA sortu zen. Biekin batera, eskualdeko turismo kudeaketa separatua sortuko zen Lenbur eta Goiturren aldetik: egun Goiturrentzako 18 dira Goierriko herriak (http://www.goierriturismo.com/eu/pueblos/), Lenburrentzako, gu ez gaude Goierri barruan eta gure eskualde txiki propioa osatzen dugu (http://www.lenbur.com/es/informacion.asp?pag=2). Kasu hauetan guztietan, erdi osatutako eskualde biren gainean osatu dira proiektuak, historia eta gizarte aldetik bata bestea gabe ezin direla azaldu kontutan hartu gabe.
Beste "eskualde" antolaketak: Baina ez dezagun pentsa EAEn eta Gipuzkoan eskualde antolaketa bakarra dagoenik. Antolaketa desberdinak definitu dira, denak helburu jakin eta desberdinak dituztelarik. Hala arautzen dira Barruti Judizialak, Batzar Nagusiak, Eliz Barrutiak, Ertzaintzaren zabalpena, Arlo Funtzionalak, Osasun Eskualdeak eta Turismo kudeaketa (hauxe Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailak sortua Urola harana, hiru eskualdetan banatuz...), eta baita Eskualde Administratiboa, eskualde bera. Eta mankomunitate, bailara, haran terminoekin batera horiek guztiak aterpe berean erabiltzean azaldu da nahastea.
Tradizio aldetik: Goierri hitza eta bere bariante guztiak (Goiherri, Goyerri, Goi-,...) oso errotuta izan dira Goierri Garaiko lau herriotan. Nahikoa da izen hori daramaten negozio, taberna, kultur eta kirol elkarteren zerrenda osatzea; Goierriren parte sentitu izan garela seinale.
Baina, zer da goierritarra izatea? Globalizazio aroan bizi gara, eta txikia txiki geratzen ari zaigu. Argi daukat gaur eskualde entitatea ez dela orain dela 50 urte bezala sentitzen... zalantzan ere baditut eskualde baten zereginak zeintzuk diren. Agian, zer den goierritarra izatea galdetu beharko genioke gure buruari. Nik ere zail izango nuke erantzutea. Lehen esanahi sozialagoa zuen terminoak, eta komunitate zabalago batean parte hartzea definitzen zuen. Gaur lausotuago ikusten dut sentimendua. Egun goierritarrak sentitzen garenok bizi gara Urola ibaiaren haranean, urolatarrak sentitzen direnak ere badira... batenak zein bestenak diren edo ez axola ez zaienak ere bai... Honi guztiari, belaunaldi oso batek eskualde bereizia bizi duela gehitu beharko genioke.
Denborak esango du auzi honek zein bide hartzen duen.
Jon Mikel Intsausti










