 |
|
0.0 (0) |
Nork idatzia
Otamotz
2008, Maiatza, 19 Bistaratze: 242
Aurki jaunartzeak izango ditugu gure parrokian. Egun hauetan azkeneko ukituekin gabiltza: entseguak, bilerak... Horrek guztiak nire lehenengo jaunartzea gogorazten dit.
Giro oso desberdina genuen. Lehen erlijio giroa zegoen edonon: etxean, kalean... Gaizki portatzen baginen, Jainkoak zigortuko gintuela edo infernura joango ginela irakasten ziguten. Gaur, berriz, Jainkoa maitagarria dela irakasten diegu umeei. Gurasoek katekesian ikasitakoak ondo barneratzen laguntzen ziguten eta horri esker oraindik ondo dakizkigu ikasitakoak. Egun ez da hori gertatzen. Bestalde, jaunartze eguna etxean ospatzen genuen: ama bizpahiru egun lehenago hasten zen sukaldean lanean eta aitona-amonak, izeba-osabak eta lehengusuak etortzen ziren. Arropari dagokionez, orduan ere abitua janzten genuen. Opariak, ordea, oso desberdinak ziren: belarritakoak, ordularia, urrezko katea, jantziak edo beharrezko gauzak izaten ziren. Nire lehenengo jaunartzeko oroitzapenak oso politak dira, egun berezia izan baitzen. Nire lagunekin egin nuen jaunartzea, oso urduri geunden eta pozez gainezka, egun horretatik aurrera Jauna hartu genezakeelako helduekin batera. Eliza kanpoaldean familia guztia zegoen nire zain. Zein pozik jarri nintzen ikusi nituenean! Niretzat garrantzitsuena jaunartzea bera eta herritik kanpo dudan familia ikustea izan ziren. Oraingoek opariak gustura hartuko dituzte, baina familiarekin elkartu izana bereziki oroituko dutelakoan nago.
Aintzane Arizmendiarrieta