Inprimatu E-posta

Agur eta ohore (137. alea)

Badoa. Hala diote zurrumurruek.


Alderdiak bultzatu omen du horretara, mozio etiko, estetiko edo perifrastikorik gabe gainera. Migel Lopez de Legazpi, Iñaki Urdangarin eta Josu Jon Imazek osatutako tridente magikoari itzala egin dion herritar bakarrak utzi egingo gaitu. ALKATE gabe lagako gaituzte, horrela, maiuskulaz. Zumarraga maite du, Zumarragak maite du. Baina kargutik kenduko dute, eta Urola Garaiko Denis Itxasok beteko du bere hutsunea. Planta hobea dauka, modernoagoa, serio eta jatorragoa. Hizlari abila da, eta badaki politika egiten. Horren beldur gara gu, ez ote datorren politika egitera. Eta guk herria egingo duen norbait nahi dugu, pertsona karismatikoagoa... eta graziosoagoa, zergatik ez. Gainera, gure alkate berria, tuntuntuntuuun... Villarrealekoa izango da! Ahhhhh!!!!

Ez, ez, hangoa izateak ez dauka zerikusirik gure aurreiritziekin. Gauzak fundamentuz egin ditzaketen villarrealdar asko daude (beti defenditu dugu hori), baina Zumarragako alkatea izateko ez da nahikoa gauzak fundamentuz egitea. Oso pertsona gutxik daukaten zerbait eduki behar da. Berezi bilakatzen zaituen izartxo bat. Zaila da bi hitzetan laburtzea, baina gure alkateak badauka hori, dudarik gabe. Karisma dei diezaiokegu, baina askoz ere gehiago da... Uztailaren 2an, jaitsiera baino lehen herriko agintariek Antioren inguruan ematen duten itzulia da horren lekuko. Alkatea kolore guztietako herritarrak agurtzen, bere keinu borbonikoarekin, eta publikoa alkatea goratzen (bakoitza bere modura, hori bai). Zein herritan gertatzen da halakorik? Ez dakigu aurtengo Santa Isabel egunerako erreleboa emango den ala ez. Ez dugu uste, eta ez dugu nahi, alkatea merezi bezala agurtu nahi dugulako, txalo eta irribarre artean... Zure falta sumatuko dugu. Agur eta ohore Antton.

Jon Torner eta Jon Ormazabal

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.