EAri erantzunez «herria geldirik
ez dagoela» esan dute; bestalde, orain arte egindakoaren berri
ere eman nahi izan dute.
Urretxuko udal gobernuak agerraldia
egin du udal jardunaren berri emateko. EAk «herria geldi»
dagoela adierazi eta gero, Iñaki Zabala alkateak erantzun du
«geldituta aurreko legealdian onartutako arauak» daudela,
«herrirako onartezinak zirela uste izan genuelako. Gure arauak
amaitzear daude eta aurki emango diegu herritarrei haien berri».
Agerraldia EAren salaketaren testuinguruan eta baita ezker
abertzalea gobernuan dagoen herrietan PSE-EEk eta EAJk aurkeztutako
mozioen harira egin zuten. «Galdutako gobernu esparruak
berreskuratu edota ezker abertzalea udaletatik kanpo uzteko saiakerak
dira hain zuzen», esan zuen Gorka Garmendia zinegotziak.
Alkateak egindakoaren berri eman zuen. «Arauak sei
hilabetean amaituta egongo zirela esan nuen, eta epea luzatu
beharrean izan gara atera berri den Zoruaren Legearekin bat etor
daitezen. Euskal Herriko lehenengo herrien artean egongo gara
horretan».
Aurrekontuak hurrengoan
Ikastolako
proiektua azken fasean dagoela jakinarazi du. 2008rako udal
aurrekontuak onartu gabe daude oraindik Urretxun, eta gobernuak
hurrengo osoko bilkurara eramango dituela iragarri du.
Legealdia
hasi zenetik egindakoen artean, zirkulazioa ordenatu, tabernen
funtzionamendua arautu, eta Urretxu eta Zumarragaren arteko
kolaborazioa sustatu direla gogoratu du Zabalak. Udalaren barneko
kudeaketa hobetzeko lanean ari direla ere azaldu du.
Arau ordezkatzaileen berritasunak,
besteak beste
- Etxebizitza. Gazteentzako alokairuko eta
babeseko etxebizitza beharrak aztertu eta arau berrietan txertatu
dituzte. - Irimo. Mugikortasuna eta irisgarritasunari
lehentasuna emanez, Irimo industriguneko berreraketa eta bertan
kalitatezko auzo berri bat sortuko dute. - Urretxu-Zumarraga
Ikastola. Ikastola eta Lizeoa uztartuko dituen proiektua Ikastolari
helarazi diote jada. Proiektu horri jarraiki gaur egun dagoen tokian
geldituko litzateke ikastetxea. Estalitako frontoia, futbol eta
saskibaloi zelaiak eta zirkulazio eta irisgarritasun arazoei
irtenbidea emango dien proiektua da. - Kirol azpiegitura
berriak. Egun udal igerilekua dagoen tokian kiroldegi berria kokatuko
dute. - Lizeoa. Garaialde Lizeoa dagoen gunean etxebizitzak,
lur azpiko aparkalekua, gainazaleko kirol gunea, erabilera anitzeko
frontoi estalia, kultur eta gizarte eragileentzako azpiegitura
berriak, aisialdirako gunea, haur eskola berria eta adinekoen egoitza
berria. - Lur azpiko aparkalekua. Barrenkaleko idi
probalekuaren azpian. - Dentsitate baxuko etxebizitzak.
Elizalderen jarraian. - Zirkulazioa. Ordenazio berria.
- Industrigune berriak. Egun dagoen lurzoru kopurua gaindituz.
- Santa Barbara. Aisialdi gunea zabaltzea aurreikusiko dute
arauek.
Informazio osagarria:
--> Urretxuko EA «zur eta lur» geratu da PSE-EEk egin dion eskaeraren aurrean
-->
PSE-EEk "mozio etikoa" aurkezteko ekimena hartu dezala eskatu dio EAri
--> Urretxuko EAren idatzia
--> Urretxuko Udal Gobernuaren idatzia (2008-5-8)










