Urretxuko Udaleko alderdi sozialistaren
bozeramailearen adierazpenen aurrean, non Eusko Alkartasunari eskatu
dion ETAren indarkeria aurkako salaketa bultzatzea Udalean, Urretxuko
EAko Batzorde Eragileak honako hau adierazi nahi du.
1.- Bat egiten dugu Urretxuko udalean
guztion artean etikaren inguruan gutxieneko adostasunaren
beharrarekin. ETAk herri honen aurka eragiten dituen erailketek,
mehatxuek eta indarkeriak ez dute justifikaziorik. Euskal
instituzioek ETAren gaitzespena bultzatu egin behar dute.
Urretxuko udalak indarkeriaren kontra
dagoela behin eta berriz azpimarratzea ontzat jotzen dugu. Iragan
martxoaren 10ean horrela egin zuen Udalak, bozeramaileen batzordean
Isaias Carrasco Arrasateko alderdi sozialistaren zinegotzi ohiaren
erailketaren aurrean. Testua, zoritxarrez, ez zuten ez alkateak ezta
ANVko bozeramaileak onartu ere.
2.- Bere sorreratik, Eusko Alkartasunak
giza eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatu izan du.
Arrasateko zinegotzi ohiaren aurkako ekintzak edo sozialisten
egoitzen aurkako azken atentatuak koldarrak dira, guztiz
gaitzesgarriak eta inolako justifikaziorik ez dituztenak. ETAk
berriro ere izua eta ikara zabaldu du nazka-nazka eginda dagoen
euskal gizartean eta armak uzteko azken oihuari muzin egin dio.
Gizarteak ere ANVri eskatzen dio indarkeriaren aurkako jarrera tinkoa
adieraztea.
3.- Urretxuko Eusko Alkartasunak
Urretxuko udalaren indarkeriaren gaitzespena bultzatzeko konpromisoa
hartu du eta, horregatik, gainontzeko alderdiekin dituen harremanak
sendotuko ditu.
4.- Gauzak horrela, Gemma Zabaleta
bozeramaile sozialistaren eskaerak zur eta lur utzi gaitu. Batez ere,
alderdi sozialistarekin hizketan hasiak ginenean. Gure ustez agian
Gemma Zabaleta ez da pertsonarik egokiena EAri exijitzeko noiz
bultzatu behar dituen ekimenak, kontuan hartuta, gainera, legealdi
honetan ANVrekin izan duen elkar ulermena. Are gehiago Isaias
Carrascoren erailketaren aurkako kontzentrazio egunean,
alkatetzarekin adostasun batera iristen saiatu zenean, ‘kondena’
hitza erabili beharrean, ‘gaitzespen’ elea proposatu ziola.
Berriro ere uste dugu horrelako egoeren
benetako helburua batzuk besteen aurrean ‘meritoak’ egitea
besterik ez dela. Bozeramaile sozialistak Urretxuko udalean egin duen
ibilbidea guztiz desegin nahi duela da gure susmoa.
5.- Eusko Alkartasuna, berriz ere,
erantzukizun gogoeta egiteko prest dago. Hala ere, esan nahi dugu,
azkenik, gure herriak bizi duen egoerak ere asko kezkatzen gaituela.
Urretxu erabat geldirik dago, duela zazpi hilabete arau subsidiarioak
gelditu ondoren, hartutako konpromisoei ez die eutsi alkateak.
Urretxu, gaur egun, geldirik dago,
aurrekonturik gabe eta are larriagoa dena, inolako proiekturik eta
ekimen sinesgarririk gabe. Zentzu honetan, EAk egoera hau irauli
egiteko konpromisoa ere hartuko du eta udal politika berpizteko
gonbitea luzatzen die gainontzeko alderdiei. Hain zuzen ere,
etxebizitza eta industri-lurzoru gaietan erantzun aldera, herritarren
beharretara egokitzen diren proiektu sendoak garatzeko.