Inprimatu E-posta

Ekaitzari so (114. alea)

Ezer idazteko esan didate eta zer idatziko dudan pentsatzen ari naizela, ideiak burutik igaro ez eta egongelara abiatu naiz zantzu edo arrasto eske. Benito Lertxundiren azkeneko diskoa aukeratu dut, aspaldiko kanta: Ekaitza, eta hala entzunez, entzunez kanpoan tantaka, tantaka benetako ekaitza somatu dut eta leihora hurbildu eta euriari begira geratu natzaio.

Ez dakit zer duen zarra-zarra zoragarri honek, askok berau ikusi eta madarikazioka aritzen dira eta niri bedeinkapen oparia iruditzen zait. Zerutik lurrera erortzen ari da euria, oraingoan bortitz, lurra egun hauetan egon den lo sakonetik esnatuz. Zarra-zarra, tantaka zulatzen dira koska, ertz, txoko, txulo guztiak eta zeruak hitz egiten digu naturalki, zeharbiderik hartu barik, aurrez aurre gauzak esanez, tranparik gabe, guztia gardenduz eta garbituz,  astun eta zamatsu gerta daitekeen giroa astinduz...

Egongela barruan Benito ari da: "ekaitzak, ekaitzak/ hostoak daramazki/ zuhaitzak bilutsirik/ negarra, negarra/heriotz usaia/ inguruan utzirik..." eta berean utzi dut, kantatzen, eta kanpoari so, hezetasun ttakunetan erreparatuz,  "merkantzias" tren herdoildu-zaharraren ttikirri-ttakarra geldoaz gozatzen jarraitu dut eta gau sakon horretan galdu dira egunean zehar erditu, hazi, moldatu eta desitxuratu izan diren  gogoeta asko eta asko. Hegan eta hegan ari naizelarik, eskailera hartu eta behera jaitsiz kantari oriotarraren ahapaldien bufada sentitu dut, haize zaflada baten antzera: "Gure basoko/ zuhaitz lehorrek/ oraindik irauten dute./ Lurraren babesak emango die itxaropenezko bizitza". Beti, lurra,  babes eta abaro, magal epel-oparo gure gorputz-lurrarekin bat egiten, barru-zerutiarrarekin arnaskada bakoitzean, indar bizi-biziz aurrera jarrai dezagun eskatzen eta gu, lo, lur lehor-idor-sikua bezala, LO, horrexegatik tantaka datorren euri-txalaparta bizi hori da eskaintza atsegin, aldaketa baten iragarle. Bustiz doaz bazter orok eta kanpoa melatzen hasi eta barrua blaitzen zaidala igartzen dut: pu-tzuak, itukinak, ur tanto txikiak, tantaiak... "ekaitza, ekaitza/ zure indarra/ ez da iraunkorra/ udaberria etorriko da/ berarekin loreak/ bizitza berri bat/ etorriko da / lehortuko dira malkoak/ haize leunak laztanduko ditu/ gure aurpegi penatuak".

Kantariaren azken notak zabaldu dira egongelaren izkin ezkutuetan eta kalean, lainoen negarra antzeman dut, lainoen negar malkoak. Hurrengo kanta hasi da: "nere herriko neskatxa maite..." eta orduan konturatu naiz zer dela eta ekaitza, zer dela eta malkoak heriotza, aurpegi penatuak, jakina...  bi ikasle ohiei, Idoiari, Aitziberri, gaur aita hil zaie, ekaitza hotzak, heriotzak, eramanda. Ekaitza, ekaitza malkoak eta tantanak begietan, ekaitza, ekaitza bihotz zapuztua erraietan, ekaitza, ekaitza utzi bakean udaberrian niri sinesten, loreetan, malkoak lehortuko diren zehaztuko ez den garai batean, ekaitza, ekaitza bizitza berrian.

Andoni Salamero



Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews