Ino Ugarteburu ezkiotarrak La
Salle-Legazpi ikastetxean egin zituen ikasketak. Bigarren mailako
ofizial egin ondoren, basoan lanean hasi zen. Alaska tabernan eta
Golden dantzalekuan ere lan egin zuen. Ondoren, gurpilak saltzen,
jartzen eta konpontzen dituen Otaegi enpresan hasi zen eta 39 urte
daramatza jada bertan. Dena den, Ugarteburu herri-kirolen munduan da
ezaguna batez ere. Atxurrarekin enborrak ebakitzen makina bat
erakustaldi eskaini zituen, Goierriko aizkolari txapelketa ere
irabazi zuen.
Zer izan nahi zenuen umetan?
Txiki-txikitatik herri-kirolen munduan
ibili naiz...
Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Astegunetan ardo bat edateko eta
Galeperran partidatxoa jokatzeko astia bakarrik dut. Asteburuetan
mendira joaten naiz.
Bizitzeko toki bat?
Jaiotzez Ezkiokoa naiz, baina Urretxun
gustura bizi naiz. Ezberdinak dira, baina biak atsegin ditut.
Ikusi duzun aizkolaririk onena?
Handiena Latasa izan dela esaten dute,
baina ikusi dudan onena Mindegia da. Arrospide ere oso ona izan da.
Zer diozu gazteez?
Geroz eta aizkolari gazte gehiago
daude. Aizkora berpizten ari dela esango nuke.
Egungo zein kirolari azpimarratuko
zenuke?
Mari Jose Sardon. Patagonian egon da
telebistarekin, judon onenetakoa da eta 125 kiloko harria altxatu du.
Hori guztia ez du edonork egiten.
Fernando Alonsoren gurpilak aldatuko al
zenituzke?
Ez, ez... haiena beste mundu bat da,
baina batzuek dezente zirikatzen digute horren kontura.
Gurpilei behar bezainbesteko garrantzia
ematen al zaie?
Gurpil kontua inoiz baino gehiago
zaintzen da.
Ilehoriak ala beltzaranak?
Berdin du. Ilehoriak beltzaran jartzen
dira egun...
Egindako azken oparia?
Krak tabernako Maiderri lore sorta
oparitu genion koadrilen arteko lehiaketan herri-kirolak bultzatzeko
egiten duen lanagatik.
Eta jasotakoa?
Erregetan izango zen.
Data bat?
Koadrilen arteko lehiaketa eguna.
Neska eta mutil izen bana?
Seme-alabena: Idoia eta Mikel.
Zein egunkari irakurtzen duzu?
Orain arte El Diario Vascorekin ibili
naiz, baina Noticias de Gipuzkoara pasatu naiz.
Gustuko telebista saioa?
Kirol saio ia guztiak ikusten ditut.
Bereziki gorroto duzuna?
Zer edo zer zehatza ikusi nahi dudanean
bakarrik pizten dut.
Pelikula bat?
Ez naiz pelikula zalea.
Liburu bat?
Kirolei buruzkoak irakurtzen ditut.
Soinu bat?
Kupela taldea atsegin dut.
Usain bat?
Bilatuz gero, zizena. Aurreko batean
ziza usaina zegoela esan eta bila hasi ginen, baina alferrik...
Janari bat?
Lehen oso haragizalea nintzen, baina
legatza esango dut.
Ura ala...
Ardo pixka bat.










