Zinez interesgarria iruditu zitzaigun eskuartean duzun hilabetekari honek Urola Garaia mankomunitatearen inguruan egindako azterketa sakona. Izan ere, sarri entzun eta erabili ditugu, Ugassa, Lenbur, UGLE edota Zumarraga Lantzen bezalako erakundeen izenak, zehazki zertaz ari garen oso ondo jakin gabe.
Ziurrenik gure errua izango da, ez dugu Asier adiskidearen luma zorrotza edo elkarrizketatuen komunikazio gaitasuna ezbaian jartzen, baina egia esateko, azken Otamotzak birritan irakurri ditugun arren, orain hilabete batzuk bezalaxe gaudela aitortu behar dugu. Esan bezala, arazoa gauzak ulertzeko gure gaitasun urrian egongo da, baina UGLEren salbuespenarekin –hor argi daukagu gazteak lan merkaturako prestatzen dituztela– beste erakunde horiek guztiak edukirik gabeko funtzionario kontainerrak iruditzen zaizkigu. Ekonomian analfabeto hutsak garen arren, alkate batek erabilitako plan estrategikoa ezer esan nahi ez denean erabiltzen den komodina iruditzen zaigu eta bestearen goierritarrizazio proposamenak ere ez gaitu ba gehiegi konbentzitzen.
Konponbideak bilatzea behartzen ez gaituen talaia honetatik gure ikuspuntua baino ez dugu azaldu nahi. Gauza da, ingurura begiratuta, gure gurasoei gertatu ez bezala, oso gutxi direla herrian lan egiteko aukera duten lagunak. Betidanik industrialak izan diren herri hauetan, produzitu baino gehiago kutsatu egiten duen Orbegozo,ospitalea eta Ertzaintza dira langilerik gehien dituzten hiru enpresak eta antza denez, aldamenekoari laguntzeko bokazio handirik ez dago gure koadrilan.
Ezertan onak bagara, esateko gutxirekin orriak betetzen gara gu abilak, eta erakunde hauetan halako gehiegi ez ote dagoen susmoa hartuta gaude aspalditik.










