Inprimatu E-posta

Duela ehun urte Antion

Igandean beteko dira ehun urte EAJren aurreneko Gipuzku Buru Batzarraren (GBB) sortu zela. Zumarragak esanahi berezia du gertaera horretan, asanblada Antion ospatu baitzuten 1908ko apirilaren 20an. Orain mende bateko egun hartarako alderdiaren 43 ordezkari zeuden deituta, azkenean gutxiago joan baziren ere. Bizkaian egina zuten bezala, EAJren Gipuzkoako norabidea markatuko zuen taldea nortzuk osatuko zuten erabakitzea zen helburua. Pazko bigarreneko jaia zen, eta eguna goibel, hotz eta euritsu argitu zen, elurra ere egin zuen. Hala dauka jasota Angel Cruz Jaka zumarragarrak GBBren sorreraren inguruan idatzitako dokumentu batean.

Garai hartan Engracio Aranzadi zen Gipuzkoako ordezkaria, Silverio de Zaldua zumarragarraren lagun mina zena. Bere ordezkaritza bukatzear zegoela, Aranzadik beharrezkoa ikusi zuen Gipuzkoan Buru Batzarra osatzea, eta Zalduarekin batera eraketa Zumarragan egitea erabaki zuten.

Batzokian

Prestaketetarako Zumarragako Batzokiko lagunengana jo zuten, garai hartan, Jakaren arabera, Diego Urdangarinen dendaren solairu artekoan zegoenera. Beren asmoaren berri eman eta zumarragarren onespena eta laguntzarako eskaintza jaso zuten. «Basilio Fernandez Lekuona eta haren lagun Laureano Buscak hartu zuten horren ardura nagusia», adierazten du idatzian Jaka historialariak.

Beharrezko baimenak eskatu zirela jasota dago udal agirietan, eta karlistek ere horren berri bazutela adierazten dute garaiko kronikek. Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak bere tesian dioenez, bildutako jeltzaleak karlisten egoitzaren aurretik pasatzerakoan «zalapartaren bat edo beste» izan zen, baina besterik gabe ekin ziotela jeltzaleek Antiorako bideari, euripean. Dena den, gauean ere izan zen karlisten eta jeltzaleen arteko zalapartarik.

Antion meza entzun zuten «txistulariek lagunduta elizara sartu eta gero», Jakaren arabera. Santiago de Aldak eman zuen meza, eta musika jartzeaz Silverio Zaldua, Jose de Eizagirre eta Isaac Lopez Mendizabal arduratu ziren; «giroa berotzearren, izugarri hotza baitzen eta bertara joandakoak ondo bustita zeuden, seroraren etxean hezetasun pixka bat kendu ahal izan bazuten ere».

Batzarra

Meza bukatuta, batzarrean bildu ziren. Ordu horretarako Bizkai Buru Batzarreko kideren batzuk ere iritsiak ziren Antiora.

Bozketa bukatu zenean, presidentea leihora irten eta jendeari emaitza jakinarazi zion. «Momentu hartan elurra egiten zuen, baina jendea zain zegoen; eta hala adierazi zuen arduradunak emaitza: Era ontan aukera izan da Burugaria Ignacio Lardizabal, Dinagusia Ordekoa Aniceto de Rezola, Batzar lagunak Felipe Zulueta, Conrado Egaña eta Isaac Lopez Mendizabal jaunak», idatzi zuen Jakak. Aizpururen arabera hautagaiak Aranzadik proposatutakoak ziren, eta bere burua nahita utzi zuen zerrendatik kanpora.

Bazkaria Antion

Gipuzku Buru Batzarra formalki eratu ondoren 200 pertsonak bazkaldu zuten Antioko serora-etxean; jai giroan egindako bazkalostearen ondoren jaitsi ziren herrira.

Festak Batzokian jarraitu zuen, eta tartean Toribio Alzaga idazleak hitzaldia egin zuen. 1908ko egun haren berri ematen duen aktaren dokumentua Lazkaon dago.

Ehun urte geroago, igande honetan, egun hura gogora ekarri eta «Zumarraga, Urretxu zein ingurukoek elkarrekin ospatzeko» ekitaldia antolatu du EAJk. Etzi duela ehun urte Antion egin zuena baino giro atseginagoa egingo duen esperoan daude.


Ospakizuna Antiotik Zumarragako plazara igande honetan



Zumarragako EAJren Tokiko Batzarrak eta Gipuzku Buru Batzarrak urteurrena gogora ekartzeko ospakizuna elkarrekin antolatu dute iganderako. Goizeko hamaiketan Zelai Arizti aretoan alderdiaren urteurrenean irakurritako dekalogoa gogoratuko dute, Joseba Egibar GBBren presidentea bertan dela. Musikarekin eta irudiekin hornituko dute ekitaldia, jai giroan. «Ez da ekitaldi formala izango, eta guztiontzat irekia egongo da», diote antolatzaileek. Ondoren Batzokiko ikurrina igo eta Zumarragako plazan burruntzian erretako haragiarekin hamaiketakoa egiteko aukera izango da. Haurrentzat atal berezia prestatu nahi dute, jokoekin eta puzgarriekin, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Horregatik, adin guztietako zumarragarrak eta inguruetakoak gonbidatu nahi dituzte festara.


Informazio gehiago


--> Anton Arbulu, Zumarragako alkateak, gai honi buruz idatzi zuen iritzia.

--> Gipuzku Buru Batzarren webgunean

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews
 

 urr   Azaroa 2008   abe

AlArAzOgOrLrIg
   1  2
  3  4  5  6  7  8  9
10111213141516
17181920212223
24252627282930
ASIC Resources