Landareak landatzen ikasteko txokoak arrakasta handia izan du; bereziki barazkiak landatzea gustatu zaie gehien haurrei.
Urretxuko III. Lore Azokak arrakasta gehiago edo gutxiago eguraldiaren
arabera izango zuela zioten lore-saltzaileetako batzuek aurreko
ostiralean. Eguraldiak lagundu zuen igandean, eta jende ugari bildu zen
Gernikako Arbola plazara.
Bisitariak gerturatzen azoka zabaldu bezain pronto hasi
zirela dio Goilore lore-dendako Begoña Cruzek. «Bertakoak bazeuden,
baina kanpoko jende asko ere etorri zela ikusi genuen. Lankide batek
komentatu zidanez, Segurako lore azoka izan zen egunean oso eguraldi
txarra egin zuen, eta horregatik baliteke igandeko eguraldi onak
kanpoko jende gehiago erakartzea gurera».
Landare bereziak
Lore ebaki gutxi zegoen azokan. Gehienbat kanpoko eta barruko
landareak zeuden salgai eta ikusgai. Nere Urrutia lore-saltzailearen
arabera landare bereziek, oso ezagunak ez direnek, izan zuten arrakasta
gehien. Koipe botila txikia zeramaten olibondo nanoak, sustraiak
kokoaren itxura zuten palmondo nimiñoak, landare aromatikoak...
Haurrentzako tailerrak
Umeak oso gustura ibili ziren azokako antolatzaileek
prestatutako tailerretan. Hiru zeregin desberdin zeuden aukeran: lore
lehorrak, landareak landatzen ikastekoa eta lore ebakiekin sortak
egitekoa.
«Umeei asko gustatzen zaie, guk landareak landatzen
irakasteko tailerra eskaini genuen eta umeak pozik ibili ziren. Loreak
eta landareak landatzeko aukera bazuten, baina umeek nahiago dute
landareak landatzen ikastea. Azken batean, jaten duten tomateak nola
eta nondik ateratzen diren ikustea gustuko dutelako».
Zozketak
Sei postu jarri zituzten azokan, eta postu bakoitzeko landare
lote bat zozkatu zuten. Jaso gabe dauden loteak kultur etxean har
ditzakete zortedunek datozen egunotan.