Inprimatu E-posta

Asier Otamendiri elkarrizketa: "Hutsunea nuen, eta sariak zirrara berezia egin dit"

Asier Otamendi urretxuarrak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa. Ezustean heldu zaio saria, beheraldia zetorrela uste zuen; azkena 2005ean irabazi zuen. Arabako hamabost bertso txapelketetan parte hartu eta bederatzi txapela eskuratu ditu Asier Otamendik (Urretxu, 1971). Aurreko larunbatean, apirilaren 5ean, azkena.

Nola ospatu duzu garaipena?

Errexala elkartera joan ginen afaltzera, Gasteizko Alde Zaharreko euskaltzaleen elkartera. Han bildu ginen bertso eskola inguruko 25 bat lagun. Afaldu eta jai apur bat egin genuen gero.

2005ean irabazi zenuen Araban azkeneko txapela. Berreskuratzeko gogoa zenuen?

Bai, oso pozik nago. Ikusten nuen azkenaldian hutsune bat neukala, pixka bat beheraldian sartuta banengo bezala. Ilusioarekin hartu nuen txapelketa, eta bertsotan egiteko gogoz nenbilen. Eta gogoz zaudenean eta saria ematen dizutenean poza bikoitza izaten da.

Saioan zeundela, txapela irabazteko aukerarik ikusten zenuen?

Bukaeran aukeraren bat bai. Lehenengo fasean oraindik ez, nahiko berdintsu zegoela ikusten nuen, baina bukaeran kontent samar geratu nintzen nire saioarekin. Kartzelako lana pozik egin nuen eta aukeraren bat banuela pentsatu nuen. Gero, nire izena entzun nuenean, zirrara berezia egin zidan.

Nola ikusi zenituen gainerako bertsolariak? Saioaren emaitzarekin pozik?

Hitz batean esateko, ondo. Erregularra izan zen denon aldetik. Denok egin genituen gauza politak eta denok egin genuen laprasten bat. Baina ikusten nuen nahiko parekatua zegoela guztion aldetik. Manex ikusi nuen ondoen, beharbada. Buruan nuen buruz bururako hautagai bat izango zela. Saioa ez da berdin entzuten goitik eta behetik, baina orokorrean ondo zihoala banekien.

Nola prestatu duzu txapelketa?

Prestaketa berezirik ez dut egin. Uda ostean hasi ginen biltzen astero koadrilarekin, eta hori izan da egin dudan prestaketa guztia. Azkenaldian beharbada gehixeago, txapelketako saioak direla eta, jarraiagoa izan da.

Kakiturriko koadrilari eskaini diozu, hain zuzen, txapela.

Bai, nire bertso bizitza haien inguruan dabil oraintxe bertan. Koadrilan bildu, afaldu, bertsotan egin eta gozatu. Ez da saiorik saio ibiltzea edo ez-dakit-nora iritsi behar dugula. Hor sortu dugu giro bat eta horrela bizi nahi dugu. Haiei esker nabil ni ere bertsotan. Horrek animatzen du bat. Banekien aurten irabazten banuen beraiei zor niela. Jakinda, gainera, talde horretako ordezkari bakarra ni izan naizela, Juan Mari Juaristi kanpoan geratu delako. Txapela zor nien.

Estua izan da txapelketa, ezta?

Oso estua izan da. Kanporaketa zailak izan dira. Finaletik kanpo geratu dira hiru bat bertsolari finalean egoteko modukoak, lasai-lasai egon zitezkeenak. Horrek ere bere grazia ematen dio txapelketari. Aurten sei hauek izan gara, hurrengo urtean auskalo.

Maila gero eta hobea den seinale?

Araban, atzera begiratuz, erradiografia bat egiten badugu, gero eta bertsolari gehiago datozela ikusiko dugu, eta ondo lehiatzeko modukoak, gainera. Beti sortzen ziren bertsolariak, baina goiko muga hori pasatzea kosta egiten zen. Orain heltzen direnak goraino heltzen dira eta edozeinekin lehiatzeko moduan daude.

Lehiaketetan ibiltzen ohitua zaude?

Eskarmentua badaukat. Hamabosgarren txapelketa da, eta esperientzia bat badaukat pilatuta, nahiz eta urtero desberdina den. Urtero tentsio diferentea dago. Urtero urduri jartzen naiz, baina bai, badakit zer den txapelketa eta uste dut inkontzienteki baldin bada ere laguntzen didala.

Lasai hartzen dituzula ematen du.

Kanpoko itxura bat da, eta barrutik doana beste bat. Hasierako momentuetan gaizki pasatzen dut baina gero, behin txapelketan sartuta, hor zaude eta dena ematera zoaz. Urteekin hori lortu dut. Txapelketan nago eta ahalik eta ondoen egitera goaz, baina posible da hanka sartzea. Geure buruak prest egon behar du hori guztia jasateko. Eta urteek hori ematen dute.

Euskal Herriko finalean, noizko?

Hori gauza zaila da. Euskal Herriko bertsolaritza oso indartsu dago gaur egun, oso profesionala da. Eta Euskal Herriko finalean pentsatzen duenak izugarrizko lana egin behar du. Ez da nire helburua inondik inora ere. Nire helburua lagunekin bertsoez gozatzea da. Gustatuko litzaidake arabar bat finalera iristea, baina ez dut uste ni izango naizenik.

Informazioa gehiago:

--> Araba Euskarazera Asier Otamendirekin
--> Asier Otamendi: San Prudentzioren begiko bertsolaria
--> Boteprontoan: Asier Otamendi
--> Asier Otamendi Wikipedian
--> Asier Otamendi, Bertsozaleen webgunean
--> Asierren bideoa Bertsoplaza webgunean

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews
 

 urr   Azaroa 2008   abe

AlArAzOgOrLrIg
   1  2
  3  4  5  6  7  8  9
10111213141516
17181920212223
24252627282930
SVTechie Technology