Bildumagile izatea bizitzeko modua izan al daiteke?
Horixe da niretzako hain zuzen, bizitzeko modu bat. Bildumak osatuko ez banitu ez nuke jakingo zer egin. Barruan daukazun zerbait da.
Zein objektu dituzu gustukoen biltzeko?
Diskoak eta seiluak.
Deskribatuko zenituzke osatu dituzun bildumarik garrantzitsuenak?
Loteriaren inguruko seiluen bilduma monografikoa egina dut, eta bilduma hori toki desberdinetan erakutsi dut. Fosilei buruzko seiluak eta txanponen historia kontatzen dutenak ere egin ditut. Garagardoa bereziki gustukoa ez badut ere, garagardoaren inguruko objektuekin ere bilduma bat egin nuen. Guztien artean, ordea, bereziena niretzat Rolling Stones musika taldeari buruzko objektuei eskainitakoa da. Talde horren inguruan mota guztietako gauzak biltzen ditut: txapak, prentsan agertutako artikuluak, diskoak, argazkiak, postalak...
Nora jotzen duzu objektuen bila?
Igandeetako merkatuetara joaten naiz maiz, eta orain interneten bidez edozer gauza aurki daiteke. Nahiago ditut, ordea, bilatzeko modu tradizionalak: merkatuak eta trukeak.
Zergatik Rolling Stones?
Haien musika entzuten 1966. urtean hasi nintzen, eta eskolako lagun batek Beatles taldearen inguruko objektuekin osatutako bilduma erakutsi zidan. Nik hain gogoko nuen taldearekin berdina egin nahi nuela pentsatu nuen, eta bildumak egiteko afizioa nigan errotuta zegoenez jada, ez zen batere zaila izan Rolling Stones taldearen gauzak biltzen hastea.
Aldaketa elkartearen lehen urratsak zeintzuk izan ziren?
1977. urtean Jose Mari Iparragirre erbesteratu zeneko urtemuga zela eta, erakusketa filateliko eta numismatiko bat egin zen. Orduan elkarte bat osatzeko ideia sortu zen, eta garai hartako alkate Ramon Arbizuk bere laguntza eskaini zuen. 1978rako estatutuak bagenituen.
Urte horietan guztietan elkarteak egindakoaren artean, zerbait nabarmenduko al zenuke?
Lorpenik garrantzitsuena 1981. urtean burutu genuen. Urte hartan Iparragirreren seilu bat jaulkitzea lortu genuen. Seilu bat ateratzea ez da lan erreza, eskaera asko egoten delako. Trantsizio garaia zen Espainian, eta, politika tarteko, seilua ateratzea erdietsi genuen. Txema Mendiolak lan asko egin zuen, bera izan zen elkarteko lehen lehendakaria.
Noiz elkartzen zarete?
Igande goizetan 11:30etik 13:30era. Momentuz liburutegian elkartzen gara, baina denbora gutxi barru kultur etxean bertan izango gara.
Zenbat bazkide zarete?
Ehun eta hamalau bazkide izatera iritsi ginen; orain berrogeita hamar bat gara, baina 12 gara betikoak.
Zer egiten duzue bileretan?
Oso aberasgarriak dira. Nahiago dut afizionatuekin elkartzea internetaren hoztasuna baino. Eskarmentu handia dugunok asko ikasten dugu hasten ari direnen bitartez, eta alderantziz. Hilean behin Donostiatik merkatari batzuk etortzen dira, eta hori da, akaso, hilabeteko bilerarik zirraragarriena.
Zergatik?
Filateliaren eta numismatikaren merkatuan ateratako berritasun guztiak ekartzen dituzte: seilu bildumak jartzeko albumak edo orriak adibidez.
Ordenik gabeko bildumagilerik ba al dago?
Ni behintzat oso ordenatua naiz, agian gehiegi. Bildumak txukun gordetzen ditut, altxorrak bailiran.











