Inprimatu E-posta

Zortea? (116. alea)

Kazetaritza

Kazetaria izan nahi nuela erabaki nuenean, ez dakit dozena bat urtera iritsiko nintzen ere. Txiki-txikia nintzenetik garbi nuen zer izan nahi nuen handitzen nintzenean eta oraindik gogoan ditut etxeko egongelan "ematen" nituen albistegiak eta asmatzen nituen berriak. 

Garbi nuen beraz, zer izan nahi nuen eta baita Unibertsitatean zer nolako ikasketak egin behar nituen ere. Unibertsitateko lehendabiziko urtea ia konturatu gabe pasatu zitzaidan, nobedadea, lagun berriak, bizimodu berria... konturatzerako udako oporren atarian nengoen (hori bai, bizkarrean espero baino suspentso gehiagorekin). Bigarren urtetik aurrera, Unibertsitatean ikasten ari nintzenak eta txikitan eraikitako munduak zerikusi handirik ez zuela konturatzen hasi nintzen.  

Hori zen beraz, Euskal Herriko Unibertsitateak etorkizuneko kazetariak eratzeko zuen proiektua. Kurtso amaieran egindako praktikengatik izango ez balitz, ziur nago unibertsitatetik kazetaritza mundua ezagutu gabe, eta ekonomia, pentsamendu politikoa, zuzenbidea, historia eta horrelako gaietan ia masterra aterata irtengo nintzela. 

Zorionez, aipatu dudan bezala, karrera amaitu aurretik ikasketen osagarri praktikak egiteko aukera izan nuen eta orduan izan nuen nire lehen harremana irratiarekin. Gerora, telebistan lan egiteko aukera ere izan dut, baina irratiak duen magia berezi hori ez dut beste inon bilatu eta gaur egun zorionez gustatzen zaidan horretan lan egiteko zortea dut (edo hori diote behintzat). 

Egia esan, ez dut neure burua irratian edo kazetaritzarekin  loturarik ez duen beste ezertan lanean ikusten oraingoz. Nire lanak alde on asko ditu. Jende askorekin hitz egin eta pertsona asko ezagutzeko aukera ematen dizu irratiak. Gai askoren gainean gauza berriak ikasi eta leku ezberdinak ezagutzeko ere lanbide ezin hobea da. Jende jator asko elkarrizketatzea tokatu zait gehienetan, hala ere denetarik dago mundu xelebre honetan eta bateren baten edo besteren umore txarrak jasan eta errietak ere entzun behar izan ditut batzuetan. 

Zortea?

Hala ere, jende askok zortea dudala esaten dit, gustatzen zaidan horretan lan egiteko aukera  daukadalako. Eta alde batetik arrazoia eman  beharrean nago. Izan ere, zenbat dira unibertsitate ikasketak amaitu eta lantegi batean, edota berea ez den horretan lanean daudenak? Asko zoritxarrez.

Gaur egun unibertsitate ikasketak edukitzeak ez du etorkizun batean lana izango duzula segurtatzen, ezta gutxiago ere. Eta ikasi duzun horretan lana egiteak lan baldintza eskasak onartzera behartzen zaitu. Telebistan ikusi nuen erreportai batean, benetan zer pentsatua eman zidaten datuek nire arreta piztu zuten aurreko batean. 

Datuak

Unibertsitate ikasketak dituzten asko eta askori 30 urte pasatu arte luzatzen dizkiete praktika kontratuak. Horrek soldata arrunt baten ehuneko zati bat bakarrik kobratzea suposatzen du. Bekadun bezala hilabeteak ez ezik, urteak igarotzen dituenik ere bada. Enpresa batzuetan zerbait kobratzeko aukera izaten dute hauek, beste askotan, ordea, musu truk lana egitera behartuta daude. Eta behartuta diot bai, ikasketak amaitu eta zure horretan lan egin nahi baduzu, askok “esperientzia” eskatzen baitute, eta horren aitzakian lan baldintza oso eskasetan eta ia eskubiderik gabe egiten dute lan askok. Okerrena ez da hori, ordea, telebistako erreportaje honetan esaten zutenaren arabera gero eta gehiago dira lan baldintza hauek onartzera behartuta dauden gazteak eta gainera, praktika eta  beka kontratuak gero eta gehiago luzatzen ari dira. 

"Milaeurokoak" edo horrelako izen berri bat sortu omen da gizarteak sortu dituen langile potentzial hauek izendatzeko. Irrigarriena ez da izena, ordea, izena jartzearen zergatia baizik. Langile hauek guztiak duten ezaugarrietako bat denek mila eurotik behera kobratzen dutela baita (kobratzen dutenen kasuan noski).

Zer egin?

Eta honen aurrean zer? Hori galdetu diot neure buruari behin baino gehiagotan. Neure esperientziak erakutsi dit, norbanakoak bakarrik ezin diola arazo honi, edota enpresa askok gizarteari egin nahi dioten iruzur honi aurre egin. Sindikatuek zerbait pentsatu beharko lukete honen aurrean. Egun indarrean dauden "zabor-kontratu" hauek nolabait erregulatu, legez kanpo egiten diren kontratuei jarraipena egin eta desagertarazi. Azken batean pertsona bakoitzak duintasunez lan egiteko duen eskubidea bermatzen saiatu beharko lirateke. Horregatik, ikasi dugun horretan lan egiteko zortea dugula esaten duten horiei, gaiaren inguruan hausnarketa egiteko eskatuko nieke. Hau denen artean gelditu beharreko zerbait da, ni behintzat ez bainago nire eskubideak nik neuk kakazteko prest.

Josune Zarandona

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews