2007ko apirilean hasi zuen jendaurreko ibilbidea Otamotz.com-ek. Urtea bete du koxkortzen ari den webgune honek.
Urtebeteko ibilbidea egin du herriko webgune honek. Makina bat buruhauste eta beste hainbeste arazo tekniko izan dira bide horretan. Bisitek ere, denbora pasa ahala, gorantz egin dute. Gogoan dut, lehenengo hilean 80 bisita izan genituen egun hura. Zirrara eta poza sentitu genuen eta ilusioa areagotu zitzaigun. Gaur egun, egunean 300 bisita izaten ditugu eta 1000 orritik gora bistaratzen dituzte bisitariek.
Multimedia atala ere sendotzen doan sekzioa da. Hasieratik apustu bat izan da Otamotztarron aldetik herriko bideo eta argazkien sareratzea. Kolaboratzaile zintzo eta fidelak izan ditugu, besteak beste Gotzon Aranburu eta Bertso eskolako kideak. Beraien laguntzarik gabe multimedia ez baitzen egongo gaur dagoen bezain sendo.
Urte honetan Goierriko Hitzarekin ere hitzarmena izan dugu. Bi webguneak batera lan egin behar zutela ikusi genuen eta horretan gabiltza.
“Hacker”-en erasoa ere izan genuen (hacker izena ere ez dute merezi), bi aldiz gainera. Baina hor zegoen, FITBAK-eko Jon Larraza berriro dena bere onera ekartzeko. Bere laguntzarik gabe webgune hau ez litzateke gaur dena izango.
Hasierako urte honetan beste laguntza asko jaso dugu, borondatez eginiko laguntza asko. Gure proiektu honetan sinesten duten asko daudela ikusi dugu eta jasotzen dugun laguntzari esker, proiektu hau sendotzeko habeak egiten ari gara.
Hurrengo urtean sendoagotzea eta zabalkunde handiago izatea da gure erronka. Lortuko dugu gainera. Izan ziur!