Urretxuarrak «berdintasunerako benetako politikak» bultza daitezen eskatu zuen saria jasotzeko ekitaldian.
Itziar Oñatibiak atzo jaso zuen Zumarragako udaletxean Xera Saria.
Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako aldarrikapenaren beharra
eta gaurkotasuna agerian jartzeko balio izan zuen ekitaldiak, besteak
beste, eta saridunak eskatu zuen bezala, «helburu honetarako benetako
politikak bultzatzeko» aukera izan zen.
Bertan hainbat herritarrez gain, Urretxu-Zumarragako udal
ordezkariak izan diren, Mairi eta Eraldatzen elkarteko kideak, eta
batez ere, Urretxun jaio zen Emakumearen I. Kontseiluan parte hartu
zuten zenbait lagun.
Saria Oñatibiak berak jaso bazuen ere, bertan aritu ziren
emakumeena zela adierazi zuen, eskerrak ematerakoan; «haiek jarri
baitzuten ilusioa, indarra eta lana berdintasun plana aurrera
ateratzeko. Nik atea ireki besterik ez nuen egin».
Era berean, maila pertsonalean emandako laguntza eskertu nahi
izan zien. Honez gain, «isilean gehien sufritzen duten emakumeak eta
mota guztietako indarkeria jasaten dutenak» gogora ekarri zituen.
«Berdintasunerako bidea luzea eta zaila da» esan zuen, baina merezi
duela azpimarratu.
Elkarteenganako babesa
Saridunak berdintasunaren alde lanean dauden elkarteenganako
babesa eta bultzada eskatu zien udalei. Ekitaldian Zumarragako Musika
Bandaren talde batek musika jarri zuen, Lander Zurdoren
zuzendaritzapean, eta Rakel Ropero eta Marian Ostiza, Zumarraga eta
Urretxuko berdintasun zinegotzi ak eta Anton Arbulu eta Iñaki Zabalaren
hitzak ere izan ziren. Guztiek zorionak eta eskerrak eman zizkioten
saridunari egindako lanagatik eta kontseiluak abian jarritako
ibilbideari jarraikortasuna emateko konpromezua azaldu zuten.
Atzokoa Xera sariaren hirugarren edizioa izan zen
eta aurtengo berritasuna, sariduna aukeratzeko Urretxu eta Zumarragako
herritarren parte-hartzea eskatu dela izan da.