 |
|
0.0 (0) |

Nork idatzia
otamotz.com
2008, Martxoa, 27 Bistaratze: 1581
Apirilean beteko da leize handira jaitsi zeneko 50. urteurrena eta Antioko Ama Birjinaren irudia utziko du hondoan. Apirilaren 4an beteko dira 50 urte Jon Arana espeleologo zumarragarra Karrantzako (Bizkaia) Torca del Carlista leize handiaren barrenera iritsi zela. Arana izan zen lur azpiko Europako gelarik handienaren eta munduko hirugarrenaren zorua zapaldu zuen aurrenekoa. Urteurrena ospatzeko berriz jaitsiko da, eta Antioko Ama Birjinaren brontzezko irudia eramango du, han uzteko.
Atzo jaso zuen irudia Zumarragako udaletxean, Anton Arbulu alkatearen eta Jesus Segurola irudiaren egilearen eskutik.
Arana´tar Jon Gure Antioko Andra Mari Zumarratarren opari 2008 inskripzioa du irudiak. «Antzinako Ama gizakien eskuek egindako ermiten katedraletik naturak egindakora eramango dut», esan zuen Aranak.
Ezkondu zenetik gaur arte Zumaian bizi bada ere, zumarragar peto-petoa da Arana. «Ez bakarrik Zumarragakoa, Elizkalekoa naiz». Antzinako Amarenganako debozioa azpimarratu du; horren lekuko da, besteak beste, ezkondu ondoren eta behin Zumaian bizitzen zela urte askoan bederatziurrenera etorri izana: «Oso goiz jaikita etorri eta gero itzulera egiten nuen», gogoratzen zuen atzo.
Begoñakoa bertan da Aranak Torca del Carlista leizean Begoñako Ama Birjina dagoela aipatu zuen. «Hara jaitsitako lehena ni izanik, nire herrikoa ez egotea onartezina iruditzen zaidalako erabaki dut irudia jaistea. Herritar guztien izenean egingo dut gainera», dio espeleologo beteranoak.
Jaitsiera aurki izango den arren, data zehatzik ez du oraindik. 1927an jaioa da Arana, eta mendizaletasunean eta espeleologian aitzindaria. Urte askoan Felix Arkaute izan zuen horretan lagun.
Teknikak aldatu egin dira Beti jarraitu du espeleologia gertutik, azkeneko urteetan semeek lagunduta, eta teknikak asko aldatu direla aitortu du: «Lehen eskalak erabiltzen ziren, orain hainbeste menperatzen ez ditudan teknikak. Gauza bera gertatzen da materialarekin». Baina ez du kezkarik.
Arana haitzuloetan hasi zenean gerra garaiko kaskoa erabiltzen zuen, gerora obrakoa erabiltzen hasi ziren. Argia karburoarekin egiten zuten; «oraindik ere karburozalea naiz». Espeleologoari gutxi kostatzen zaio gaiari buruz hitz egitea, eta duela 50 urte egindako jaitsiera hura oso gogoan du, baita neurriak ere: «Lur azaletik 154 metro beherago dago».
Informazioa gehigarria:
-->
Otamotzen egindako elkarrizketa -->
Kobazuloari buruzko informazioa