Inprimatu E-posta

I?aki Zabala: ?Eskualde hau desegituratuta dago? (135.alea) Ekin

Iñaki Zabala Urretxuko alkateari suertatu zaio oraingoan Urola Garaiaren lehenaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egitea. Zabalak gu ere goierritarrak garela, Mankomunitatea artifizialki sortu zela eta dagoeneko edukirik ez duela uste du. Hausnartzea eta oinarri sendoak jartzea proposatzen du.



Urola Garaiak zer egoera bizi duela uste al duzu? Ingurukoekiko atzeratuta gelditu al da?

Deba goikoa eta behekoa ez ditut zuzenean ezagutzen. Hobeto badaude, ez dakit eskualde bezala ondo antolatuta daudelako den. Ez dut uste hori denik faktore garrantzitsuena. Han gune ekonomiko garrantzitsua dago, batez ere Debagoienan. Hori dela eta, ekonomia ondo doanean gainontzeko gauza guztiak ere hobeto joaten dira. Goierri gertuago dugu eta hobeto ezagutzen dut. Kudeaketa sistema ondo finkatzea lortu dutela uste dut. Ez dakit zenbateraino den eskualdearen berezitasunarengatik. Izan ere herri asko dira eta horrek egonkortasuna ematen du. Hemen nahikoa da hauteskundeek bi herritan aldaketak ekartzea Mankomunitateko korrelazioa eta administrazio kontseilua erabat aldatzeko. Horrek gorabehera gehiegi ekarri ditu azken urteotan. Goierrin masa kritiko zabalagoa dute eta aldaketak suabeagoak dira. Administrazio kontseiluan ez dira aldaketa drastikoak ematen eta garapen agentzia egonkortasunez kudeatu daiteke. Profesionalek ez dute aginte politikoa lau urtean behin aldatuko den arriskua ikusten. Horretaz gain, profesionalak aukeratzeko orduan hobeto asmatu dutela eta langile horiek hemengoek baino babes handiagoa sentitu dutela esango nuke.

Zer gertatu da Urola Garaian?

Mankomunitateak behar ziren, baina oraindik ez dut garbi zergatik osatu zen Urola Garaia izenekoa. Ordura arte Goierri bezala azaltzen ginen. Urola Garaia kontzeptua Mankomunitatearekin batera sortu zen. Goierrirengandik bereizteko interes politikoak egongo zirela pentsatzen dut. Hemengo politikarien interesak egongo ziren, baina ez dakit Goierrin interes bera izango zuten. Seguru aski bai. Hala bake handiagoz lan egingo zutela pentsatuko zuten.

Gure eskualdea Goierri dela uste duzu, beraz.

Edozein zerbitzu antolatzeko Goierri aldera begiratu izan dugu: zaborra, nekazal kontuak… Naturalagoa da Goierrirekin bat egitea. Hala, Lurralde Antolaketa sailaren agirietan Goierriren barne agertzen gara, eskualdeak bi buru izango balitu bezala. Foru Aldundiak ere, lurraldearen antolaketaz ari denean, eskualde bakar bezala ikusten gaitu.

Zer ondorio ekarri ditu lau herriko Mankomunitatea izateak?

Foru Aldundiak lurraldea mankomunitatetan antolatu beharra zegoela erabaki zuen, oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko: zabor bilketa, ur hornidura, suhiltzaileak… Gauza horiek guztiak urte gutxitan bideratu ziren. Zer gelditzen da? Une honetan ez diot edukirik ikusten Mankomunitateari.

Zer eduki izan beharko luke?

Mankomunitateak ez du edukirik eta Uggasaren historia tristeak bere sinesgarritasuna galdu arazi dio. Gelditu beharra dugu, hausnartzeko. Atzera begiratu behar da zer ibilbide egin dugun, zertan asmatu dugun eta zertan ez, zergatik, biztanleei zer eman diegun… ikusteko.

Zertan asmatu da eta zertan ez?

Biztanleek zer pertzepzio duten begiratzea garrantzitsua da eta nire ustez ez dute Mankomunitateari buruzko iritzirik. Zertarako den galdetuko bagenie ez lukete jakingo zer erantzun eta hori kezkagarria da. Uggasari buruz galdetuko bagenie ere, oso gutxik erantzungo lukete zer den eta zer egiten duen. Horretarako ez dugu behar edo beste era batera lan egin behar dugu. Organo bat badugu, horren balioa komunikatu behar da eta herritarrek ona edo txarra den jakin behar dute. Nire ustez egun zenbait organoren berri ez dute. Hori udal hauek eta eskualdea kudeatu dutenen errua da. Bestalde, esan bezala, eskualde hau artifizialki sortua da. Ez dut uste Urola Garaia kontzeptua errotu denik. Goierrirekin lotura izan dugu, ez dakit behar edo sentimendu kontua den. Goierri kontzeptua mantentzen da.

Urola Garaia txikia izateak ez al du ekarri ere herri bakoitza bere aldetik joatea?

Azpi-eskualde honek antzerako tamainako hiru herri ditu. Hirurek antzerako ordezkaritza dute eta Ezkio-Itsasorena txikia da, nahiz eta batzuetan epaile izateko balio izan duen. Gure harremanak normalizatzen ez baditugu, ez da harritzekoa Mankomunitatea eta garapen agentzia ondo eramaten ez asmatzea. Urretxu eta Zumarraga bereizten ohitu gara, baina kanpotik datorren batek ez ditu bereizten. Unitate fisiko bakarra osatzen dugu, baina bi administrazio ditugu. Arima ezberdinak ditugu, baina elkarrekin kudeatzea ez da astakeria: beharrezkoa da. Hori egin beharrean, besteak zer egiten duen begira egon gara, markaketa egiten. Horrekin besteak nazkatu ditugu. Legazpik Urretxu eta Zumarraga mokoka ikusi ditu eta bere kasa konpondu ditu arazoak eta sortu ditu egiturak. Hala, eskualde hau desegituratuta dago. Hausnartu egin behar dugu eta, elkarrekin joan behar badugu, lan egiteko oinarri sendoak jarri behar ditugu. Udaletxeetan bata edo bestea egon, oinarriak aldagaitzak izan behar dute. Herritarren dirua ezin da alderdi eta interes politiko zehatz batzuen arabera xahutu. Une oro tendentzia aldatuz, tontoarena egiteaz gain, jendeari barre egiten diogu.

Inorengana hurbiltzeko ere ez da oso gomendagarria.

Naturalena pixkanaka goierritarrengana hurbiltzea litzateke. Kanpotik behintzat, kudeaketa txukuna egiten dutela dirudi. Gure eskualdeak ere egin zuen plangintza estrategikoa, baina dokumentu hori apal batean gelditu zen. Goierri behean, ordea, lehen plangintzak zioena bete dute eta orain bigarren plangintza egin dute eta dagoeneko exekutatzen ari dira. Epeak ondo jarrita dituzte eta jarraipena ondo egiten dute. Gauzak ondo egiten ari dira turismo, nekazaritza eta industria arloetan. Mundu guztia ez da gustura egongo hartutako erabakiekin, baina aurrera eramaten dituzte. Hemen nora eta nola joan behar dugun eta zer baliabide behar ditugun zehaztu behar dugu. Gero baliabide horiek jarri egin behar dira. Bestela, aurrekoan gertatu zen bera gertatuko da. Gauza on bakarra lortu genuen: UGLE abian jartzea. Horrek ere oztopoak izan zituen… Bertako lan taldea Mankomunitateak, Uggasak eta udalek zituzten liskarren gainetik pasa zelako lortu zen. Mankomunitateari eta Uggasari esker egin den beste ezer ez dut ikusten.

Herritarrek mankomunitateko organoak ez dituztela ezagutzen esan duzu. Komunikazioak ere kale egiten al du?

Gu diru publikoa hiritarren onerako kudeatzeko gaude. Erabakitzen diren gauzak jakinarazi egin behar zaizkio hiritarrari. Herritarrei zer nahi duten azaltzeko eta egiten ari garenari buruzko iritzia emateko aukera ere eman behar zaie. Norberaren lana hobeto egiteko elementua da. Turismoa aktibatzeko ere ona da. Herritarrek zer egiten ari den jakin behar dute. Azken finean, kanpotik datozenek monumentu batzuk ikusiko dituzte, baina batez ere jendea. Herritarrek gure diruaren zati bat jendea hona etortzeko eta etortzen direnak gustura sentiarazteko erabiltzen dugula jakin behar dute. Kanpora joatea eta hango jendeak kasurik ez egitea ez zaigu gustatzen. Hona etortzen direnak ongietorriak sentitu behar dira eta hori hemengo jendeak eskaini behar dio, ez Antigua erakusten ari denak.

Etorkizunera begira, zein aukera ditu Urola Garaiak? Ezkio-Itsaso, adibidez, zeresan handia ematen ari da.

Mundu guztiak bertako zoru industrialak mugarik ez duela uste du. Bestalde, AHT eta bere geltokia ere bertan ikusten dituzte. Geltokia jartzen bada, bere ingurua pabilioiez beteko da. Autobidea ere pasatu da. Inguru hori zabortegi baten pare uzteko arriskua dugu. Gainera, norbaitek bertan erraustegi bat eraiki nahiko duen beldur naiz. Oraindik ez da erabakirik hartu, Sasietaren ordezkoa behar dugu eta hori nonbaiten kokatu beharko da. Halakoak herri txikietan jartzeko joera dago, horiek zalaparta sortzeko aukera gutxiago baitute. Ez dakit nire paranoia den, baina adi!



Bestelakoan zer dugun? Nahiko ondo bizi garen 26.000 pertsona. Herriak nahiko txukun ordenatuta daude eta hobeto antolatzeko aukera dago. Izan ere, hemendik 20 urtera erlikia industrialak ez dira hor egongo eta horien tokian badugu zer antolatu. Bestalde, Antigua erreferente garrantzitsua da eta Urretxun Santa Barbara ingurua dugu, baina urretxuarrok eta zumarragarrok bakarrik aprobetxatzen dugu. Igerileku eder bat ere badugu. Horri urte guztian atera behar zaio zukua. Badugu zer egin. Bestalde, autobidea bukatzeak zer ekartzen digun ikusi beharko da. AHT etortzen bada, azpitik pasako da eta aterako den lur horrekin guztiarekin zer egin pentsatu beharko da. Baita lur azpiko urarekin zer gertatuko den ere. Etorri behar bada, kalteak minimizatzen eta abantailak lortzen saiatu beharko gara. Horretarako, aurretik erreakzionatu behar da.

Turismoaz hitz egin dugu. Urretxu ez dago Lenburren. Nola ikusten duzu auzi hori?

Alkatetzatik turismoa kudeatzeko zer dudan begiratu behar dut eta Lenbur bakarrik ikusten dut eskualdean. Bere esperientzia eta bere kudeaketa ahalmena erabili beharko dugu. Beste gauza bat sortzeak ez du zentzurik. Ez bazaigu gustatzen, alda dezagun. Eurekin harremanetan jarri naiz eta turismo aldetik zein erronka ditugun jakinarazi diet. Bi museo ditugu eta beste bat egiteko asmoa zegoen. Dena den, oso zaila iruditzen zait Iparragirre museo estatiko batean sartzea. Zer jarri behar dugu? Ez dugu ezer. Bere figura irudi bezala erabili behar dugu, orain arte baino askoz ere gehiago.

Erabiltzaileen iruzkinak

Erabiltzaileen batez besteko balorazioa

 

Artikuluaren Balorazioa:
 
3.0
 
 

Nire iritzia

Inakiren elkarrizketa irakurrita aprobetxatu nahi dut ondoko erantzuna gehitzea nahi nuke. Inakik Goierri Garaiko herriok Goierri eskualdearen parte ote diren galderari nire erantzuna da hau, informazio osagarri gisa. Laburrago egitea nahiago nuke barkatu luzeegi izana.

-Historia aldetik: Goierri Garaiak aspaldidaniko joera izan du Behe-Goierrirekiko. Harreman nagusiak Oria ibai-arroko herriekin izan ditu historikoki. Zumarraga, Ezkio eta Itsasoren Areriako Alkatetza Nagusian parte hartzea, Lazkao Infantaduko Dukearekiko eta Segura herriarekiko menpekotasuna, izan diren harreman komertzialak (Zerain eta Mutiloako meategien ustiapena, Altzaniako Partzuergoa, Ordiziako Feria, Anduagan izandako Santa Lutziko Feria), komunikazio-bideak, aspaldikoak (XVI. eta XVII. Mendeetan Madril eta Irun arteko Erret-Bidea, Santiago Bidea, Transhumantzia Bideak) eta modernoagoak (Norteko Ferrokarrila) direla medio, gure harremanak historikoki Goierri behealdeko biztanleekin "naturalagoak" izan dira Deskarga bestaldeko edo Azkoitia/Azpeitiko biztanleekin baino.

-Euskara aldetik: Harreman hauen adierazle XXI. mendera iritsi zaizkigun euskalkiak dira, Legazpi eta Ezkio-Itsasokoak Goierriko hizkera dira (Legazpiko euskara Zegamako barietatearen azpieuskalkia da), eta Urretxu-Zumarragakoa trantsiziokoa euskalkia, euskalki bariante desberdinak direla bi herrion mutur batetik bestera.

-Terminoen erabilera okerra. Azken urteotan "eskualde" terminoa gaizki erabilitakoa da eta esanahi zabalegia eman izan zaio (Urola Telebistako artxibategira baino ez da jo behar herriotako aurreko alkateek mankomunitatea, bailara zein eskualdea terminoak nola erabili dituzten). Bailara (bakarrik gipuzkeraz erabiltzen den terminoa, gaztelaniazko "valle" adiera sozialagoarekin -ikus Euskaltzaindiaren hiztegi batua, bailarak ez du haran esan nahi-), harana, mankomunitatea, eskualdea... nahastu egin dira. Ikastetxetan ere gaizki irakatsi da "Gipuzkoa haran naturaletan banatutako eskualdetan egituratzen dela " esanez, laurak termino independente direla kontutan izan gabe. Gipuzkoan badira eskualde desberdinak ibai-arro berean, baita bi ibai-arrotan banatutako eskualdeak edo/eta herriak, adibide hurbiletan Zumarraga, Ezkio edo Itsaso, Beasain eta Goierri eskualdea ditugu.

Noiz gertatu banaketa: inoiz gertatu ez den banaketa da hau (lau herriok Goierri eskualdearen barruan izan baikara aspaldidanik, eta nik dakidanez egoera ez da aldatu). Diputazioko agiriak irakurri besterik ez dira egin behar hau frogarazteko. Horren ondorioz EUSTATeko estatistiken barruan agertzen gara, horren ondorioz, Goierriko Hitza lau herriotan banatzen da... nabarmentzekoa da bestalde da Hitzaren sorrerarekin batera piztu dela berriz Goierri vs Urola auzi hau, eta paradoxikoa suertatzen da, kanpotik etorritako Hitza ekimen honi esker, jakin da lau herriotako biztanle askok Goierrin direla bizi garela, baita beheko batzuk ere gu beraiek bezain goierritarrak direla...

Dena dela, goazen puntu honen harira: Mankomunitatearen sorkuntza (eta mankomunitate-eskualde nahastea), politikoak baino, arrazoi ekonomikoetan ikusten dut. Europar Batasunetik etorritako diru-laguntzak etorriko zirelakoan eta, bestalde eskualdean bizefalia ekonomikoa izatean (Lazkao-Beasain-Ordizia alde batetik, eta Urretxu-Zumarraga-Legazpi bestetik) oinarritzen dut "banaketa"-ren sorburua. Lehendabizi Goieki, Goierri Beheko Sustapen Agentzia sortu zuten (eta muga berriak ipini). Beranduago, UGGASA sortu zen. Biekin batera, eskualdeko turismo kudeaketa separatua sortuko zen Lenbur eta Goiturren aldetik: egun Goiturrentzako 18 dira Goierriko herriak (http://www.goierriturismo.com/eu/pueblos/), Lenburrentzako, gu ez gaude Goierri barruan eta gure eskualde txiki propioa osatzen dugu (http://www.lenbur.com/es/informacion.asp?pag=2). Gida biren banatzea eskualdean ere nahasi egin du auzia. Kasu hauetan guztietan, erdi osatutako eskualde biren gainean osatu dira proiektuak, historia eta gizarte aldetik bata bestea gabe ezin direla azaldu kontutan hartu gabe.

Beste "eskualde" antolaketak. Baina ez dezagun pentsa EAEn eta Gipuzkoan eskualde antolaketa bakarra dagoenik. Antolaketa desberdinak definiturik dira, denak helburu jakin desberdinak dituztela: eta hala arautzen dira Barruti Judizialak, Batzar Nagusiak, Eliz Barrutiak, Ertzaintzaren zabalpena, Arlo Funtzionalak, Osasun Eskualdeak, eta Turismo kudeaketa (hauxe Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailak sortua Urola harana, hiru eskualdetan banatuz...), eta baita Eskualde Administratiboa, eskualde bera. Eta mankomunitate, bailara, haran terminoekin batera horiek guztiak aterkipe berean erabiltzean azaldu da nahastea.

Tradizio aldetik: Goierri hitza eta bere bariante guztiak (Goiherri, Goyerri, Goi-,...) oso errotuta izan dira Goierri Garaiko lau herriotan. Nahikoa da izen hori daramaten negozio, taberna, kultur eta kirol elkarteren zerrenda osatzea; Goierriren parte sentitu izan garela seinale.

Baina, zer da goierritarra izatea? Globalizazio aroan bizi gara, eta txikia txiki geratzen ari zaigu. Argi daukat gaur eskualde entitatea ez dela orain dela 50 urte bezala sentitzen... zalantzan ere ditut eskualde baten zereginak zeintzuk diren. Agian, zer den goierritarra izatea galdetu beharko genioke gure buruari. Nik ere zail izango nuke erantzutea. Lehen esanahi sozialagoa zuen terminoak, eta komunitate zabalago batean parte hartzea definitzen zuen. Gaur lausotuago ikusten dut sentimendua. Egun goierritarrak sentitzen garenok bizi gara Urola ibaiaren haranean, urolatarrak sentitzen direnak ere badira... batenak zein bestenak diren edo ez axola ez zaienak ere bai... Honi guztiari, belaunaldi oso batek eskualde bereizia bizi duela gehi beharko genioke.

Denborak esango du auzi honek zein bide hartzen duen.

Jon Mikel Intsausti
Artikuluaren Balorazioa:
 
3.0
Avatar Iritzi emailea xanmixel
2008-03-27
 
 
 
Powered by jReviews