Inprimatu E-posta

Utzikeria iraunkorra (135.alea)

Orain urte bete "Kutsadura-muga gainditzen duten enpresak badira gurean" artikulua idatzi nuen Otamotz.com atarian.
Euskal Herriko 217 enpresek Europak ezarritako kutsadura-muga gainditzen zutela aipatu nuen. Europak erakundeak kutsadura-muga gainditzen duten enpresen zerrenda publikoa egitera behartzen ditu eta Espainiak EPER erregistroa sortu zuen.  Horrelako neurriak egokiak dira enpresen erantzukizuna agerian jartzen baita herritarren aurrean eta presio-bidea ere izan baitaiteke. Zumarragak airearen kalitateari buruz eman dituen datu kezkagarriekin lotura zuzena du. Enpresa zein den denok  dakigu eta orain neurriak hartzeko prest omen dago... Ezin  da onartu enpresa hauek sekulako etekinak erdiesten dituzten bitartean sortzen dituzten kostu eta zehar kalteak sozializatzea. Dogma neoliberala: irabaziak pribatizatu, kalteak sozializatu. Dena den, erakunde publikoek zorroztasun handiagoz jokatu beharko lukete ingurumenari eta herritarron osasunari buruz ari garenean. Ingurumena eta garapen “iraunkorra” edo “jasangarria” marketin-tresna besterik ez dira bihurtu eta horretara mugatu dute ingurumen-politika. Utzikeria handia egon da erakunde publiko, enpresa eta herritar askoren aldetik. Orain, ordea,  dena da iraunkorra.  Iraunkorra ez al da irauteko joera duena? Hori esan nahiko al dute benetan garapen edo kontsumo iraunkorraz hitz egiten dutenean? Batzuen utzikeria iraunkorra ez da jasangarria.

Erabiltzaileen iritziak

Ez dago erabiltzaileen iritzirik.

 

 
 
Powered by jReviews